Ongi etorri

Mendian eta naturan gozatzen dut, mendiak hegi bakoitzaren atzean, lepo bakoitzaren atzean,  tontor bakoitzean eskaintzen  digun paisai zoragarriekin eta bazter ederrekin gozatzen dut, sarrioen, oreinen, marmoten, azerien presentziarekin, arranoen eta saien hegaldi pausatu eta dotorekin gozatzen dut, milaka lore koloretsuz beteriko belardiekin gozatzen dut, errekatxo apalen urekin edo uhar boteretsuen ur-jauziekin gozatzen dut, granitozko orma bertikalei edo kareharrizko harresi zuri-grisei  begira gozatzen dut, baita pagadietan edo belardi berdeetan ere, neguko paisai zuriekin edo lainoz beteriko basoetan gozatzen dut, zeruan irudi bitxiak eginez pasatzen diren hodeiei begira gozatzen dut, mendietako bide eta zidorretan oinez gozatzen dut, baita…

Webgune xume honetan eta harrokeriarik gabe nire esperientzi txiki baina atseginak partekatu nahi ditut. Nire txangoen berri emango dut, baina ez ditut ibilbideen nondik norakoak zehaztuko ezta ere bidean ateratako argazki bilduma luze bat argitaratuko.  Egindako bideei buruzko komentario orokor batzuk eta argazki bildumatxo bat argitaratu ditut.  Eta proposatutako bideak gustukoak badituzue norberak bere erara burutu eta bizi ditzala. 

Nahi duenak interesatzen zaizkion trackak eskura ditzake. Baliogarriak eta gustukoak izatea espero dut.