ADARTZAKO MENDIGUNEAN…

28.06.2015 22:04

Luzaide herria basoz inguratuta izen berdineko haran estu eta malkarrean kokatua dago. Udalerrian aurkitutako historiaurreko monumentuek gizakiak milaka urte daramatzala lur hauetan adierazten digute. Herriaren sorrera, bidelapur eta artzainen, erromes eta gerlarien, muga eta elkarguneen historiaren eta kondairen gau ilunetan galtzen da. Herriaren nortasuna Erdi Aroan, Orreagako gatazkaren ondoren eta Santiagoko erromesaldiekin eraikitzen joan zen.

Udalerriko orografia singularrak, haitzartek, mendi, zelai, baso eta baserrik paisaia berezia eta era askotarikoa osatzen du. Basoak ugariak dira, batez ere pagadiak, hariztiak eta gaztainadiak. Urritzak, lizarrak, haltzak eta makalak ere ikus daitezke. Baso hauetan azeri, erbi, basakatu, basurde, orkatz eta oreinak topa ditzakegu.

Luzaide

Gaurko ibilaldia Adartzako mendigunean burutuko dugu. Luzaiden hasi eta bukatu. Eguna garbia argitu du. Luzaideko etxeen artean goranzko bidea hartu dugu. Hasieran baserrietara doan asfaltozko bidetik goaz. Bide hertzean hurritzak, haritzak eta, batez ere, gaztainondo ederrak daude. Azkoleta parajeko baserriak atzean utzi eta mendi malda tentean gora doan bidea jarraitu dugu. Inguru honetan dauden kobazuloei lotuta Basajaunen eta lamien hainbat kondaira daude. Luzaideko haitzarte estuan, baso artean Luzaide eta Arnegi herrien etxadiak ikusten ditugu. Iparrerantz Donibane-Garaziko ingurua sumatzen dugu.

Zelaietako muinoetan abelgorri talde handi bat bazkatzan dago. Gure aurrean Mendimotzeko tontorra zerurantz altxatzen da. Aldapa tente eta belartsuan poliki-poliki gora goaz. Beroa nabarmena da eta zintzurra bustitzeko gelditu beharra izan dugu. Haitzartearen bestaldean Urkulu, Astobizkar,….. mendiak ederrak ikusten dira.

Mendimotza Zelaietako muinoetatik

Mendimotza eta Adartzaren arteko Urkularte lepoa pasatu ondoren tontorrera igotzeko azken metroak gainditu ditugu. Adartza (1.259 m). Aldude eta Luzaideko haranen artean altxatzen den mendiguneko tontor nagusia da. Mendi hauek Ipar-Hego norabidean Donibane Garazitik Orreagaraino luzatzen dira. Tontorrean bertan eraikin pare baten hondarrak daude. Hemen goitik panoramika zabala eta ederra ikusten da. Alde bateko zeruertzean, besteak beste, Belagoako Pirinioak nabarmentzen dira, beste aldean berriz Auza eta Iparla mendiak bereganatzen dituzte gure begiradak, baina ez dira hauek ikusten diren bakarrak, beste asko ere bai. Kondaira batek dio Maitagarriak Auñamendiko tontorrean jauregi bat eta lorategi sorgindu bat duela, eta Luzaide artzain ederrarekin maiteminduta dagoela.

Orain ibilbidea hegoalderantz jarraituz Mendimontzeko gainera igo gara. Aurrean ikusten ditugu Eunzaroko lepoa eta Argarai mendia. Lepoan hamaiketakoa egiteko gelditu gara eta horretarako zuhaixka batek ematen duen itzaltxoa aprobetxatu dugu. Tenperatura altua da eta memento batzuetan mugitzen den haizea benetan eskertzen dugu.

Auza eta Adartza

Indarrak berritu ondoren Argarai mendiko aldapan gora hasi gara. Luzaide aldetik pagoak ia tontorreraino iristen dira, Aldude alderantz berriz garo-leku eta belardiak dira nagusi. Aldapa tentea da eta bi haranen arteko muga mugatik goaz. Izerdia majo bota ondoren tontorrean gaude. Argarai (1.227 m).

Jaitsiera igoera bezain tentea da. Mehatzeko lepoa, orain beste igoeratxo bat eta Mehatzeko (1.200) gaina. Gaurko ibilaldiko azken tontorra. Sakon sakonean Luzaide ikusten dugu, aurretik jaitsiera luze bat dugu.

Urtaiko lepotxoraino zidor estu bat jarraitu dugu eta hemendik aurrera, pago eta garo artean doan bide zabaletik altuera galtzen goaz. Egun hauetako eguraldiaz baliatuz baserritar batzuk moztutako belarrak biltzen hari dira. Gupidarik gabe berotzen duen eguzkipean lan gogorra dudarik gabe. Eta zelai eta baserria artean herrira iritsi gara.

Txango polita burutu dugu, inguru eta paisaia politak ikusteko aukera eman diguna.

TRACKA HEMEN