ALTZANIA: basoa eta harkaitza.

01.03.2015 20:25

Altzaniako mendien artean ezkutatuta Urdalurreko urtegia dago. Mendietatik jaitsi eta Altzania ibaia sortzen duten erreken urak, Arakil ibaiaren uren bila jarraitu aurretik hemen jasotzen dira. Bere ur geldietan inguruko basoak islatzen dira irudi polita osatuz, baina garai hau ez da aproposena horretarako eta gaur zeruaren kolore metalikoa islatzen du.

Aratz laino artean

Aste hauetako elur eta euri jasak pasatu dira eta gaur, nahiz eta eguna oso lainotsu argitu, ez dago aurreikusita euri asko botako duenik, eta iragarritakoa beteko dela espero dugu. Urdalur urtegian eman diogu hasiera ibilaldiari eta Arbarain, Illarragorri edo Irumuga izenekin ezaguna den mendira igotzeko lehen pausoak eman ditugu. Urtegia inguratzen hasi eta laster bidezidor estu bat jarraituz aldapa tenteko pagadian gora goaz. Ezkerrean Otsazulotako sakona eta eskuinaldean Taraigorrikoa ditugu. Euria ere azaldu da, badirudi busti egingo garela. Altuera hartzen goazen heinean han eta hemen elurra azaltzen doa eta bere geruza loditzen. Elur-erraketak jarri behar izan ditugu. Ez dugu inor ikusi, biok gabiltza inguru hauetan, bakardadea eta isiltasuna,baina ez gara bakarrak malda hauetan, elurrean basurde, orkatz eta azeri arrasto ugari daude. Ez dugu bat bakarra ere ikusteko beta izan. Orain aldapa etzanagoa da eta poliki-poliki aurrera goaz. Laino artean Illarragorriko antena eta eraikina azaldu dira. Illarragorri (1.115 m), Nafarroa, Araba eta Gipuzkoa arteko muga.

Iramendi

Lainoz inguratutako tontorrean denbora gutxi pasa dugu. Bidean aurrean goaz, Gipuzkoa eta Araba arteko mugaren alanbre-hesia jarraitu dugu. Elur gainetik bakarrik azken alanbrea azaltzen da, pagadiak itxura magikoa du. Aginaran lepora (959 m) iritsi gara eta laino artetik eguzki izpi batzuk iristen zaizkigu. Egoera honetaz baliatuz hamarretakoa egin dugu.

 

Harrobigaina tontorra ezkerretik saihestu dugu. Bidea jarraitu eta Iturgain eta Apota lepoetatik pasatu ondoren Umandiako ipar-ekialdeko hegi basotsuan barneratu gara. Atabarrateko lepora doan bidea utzi eta Sagastietako sakona zeharkatuz Iramendiko (975 m) tontor politaren bila goaz. Tontorrera iritsi baino lehen elur-erraketak kendu ditugu. Pagadiz inguratutako gain garbi hauetatik Altzaniako ia tontor guztiak ikus omen daitezke, baina horretarako gaur ez da egun egokiena. Dena den laino ilunetan ezkutatzen den Aratz mendiaren malda malkartsu eta harritsuaren zati bat ikusi ahal izan dugu. Goierri aldera ere panoramika pixka bat zabaldu zaigu baina ezin izan dugu asko disfrutatu.

  Errekatxoa

Iramendiko txaboletatik gertu pasatu eta malda aldapatsu eta basotsuan behera segi ondoren Aranarri errekara iritsi gara. Bizi-bizi jaisten diren ur lasterren ibilbidea jarraitu dugu. Aranarriko txabola pasatu ondoren urtegia ezkerretik zeharkatzen hasi gara. Bidearen lehen parteak pinudi bat zeharkatzen du eta ez da oso polita, baina bide zabala bukatzerakoan pagadi eder batean sartu gara eta urtegiko hormaraino joateko zidor estu bat topatu dugu, pago, orbel eta goroldio artean bazter politak ikusteko aukera eman digunak.

TRACKA HEMEN