ARABA ETA NAFARROA ARTEAN, LAPOBLACION HARRIAREN INGURUAN….

08.12.2015 21:50

Goizeko bederatziak laurden gutxi dira eta Bernedoko Sarrea izeneko Erdi Aroko atean gaude. Bernedo Arabako Mendialdean dago. Kokapen estrategikoagatik mendeetan zehar gerra gunea izan zen. 1.182. urtean Antso Jakituna, errege nafarrak forua eman zion eta Erdi Aroan gaztelua eta herri harresiduna izan zen. 1.476. urtean Gaztelaren menpe geratu eta garai hartan Gaztelako eskuetan zegoen Arabako parte izatera pasatu zen. Merkatari eta bidaiarien igaro bide izan zen eta bi benta eta ospitale bat izan zituen. Zurezko eta adreiluzko etxe asko kontserbatzen ditu, horietako bat Gamiztarren jauregia, egun udaletxea dena.

Peña Leon San Tirso, Peña Alta laino artean

Atea pasatu eta herrian barneratu gara, elizatik gertu dagoen Suso izeneko iturriaren ondotik pasatu eta aldapan gora joan gara. Eguna lainotsu eta goibel dago. Gure aurrean Peña Alta mendia altxatzen da eta bere magalean barneratzen ari gara. Pagadian aurrera segi eta bide zabaletik hego-ekialderantz goaz. Poliki-poliki altuera hartzen joan gara eta Roñes errekaburuan, Bernedo edo La Aldea mendatetik gertu, Lapoblacion Harriaren oinean gaude. Kareharrizko tontorrak itsasontzi baten branka oroitarazten du.

El Hayedo izeneko parajeraino ipar-ekialde norabidea segi dugu. Hemen hego norabidean mendiaren kareharrizko hormarantz doan zidorra jarraitu dugu. Sigi-sagak eginez tontorretik gertu dagoen lepotxo batera igo gara. Metro batzuk gehiago eta tontorrean gaude. Lapoblacion Harria (1.245 m), Kantabria mendilerroko ekialdeenean, Bernedoko edo La Aldea mendatearen ekialdera dagoen mendia. Gazteluko Harria edo Lo Hartutako Lehoia izenekin ere ezaguna da. Historialari batzuek Punicastroren gotorlekua tontor honetan kokatzen dute, baina beste batzuen iritziz gotorleku hori Kodesko Malpikako harkaitzetan egon zitekeela diote. Dena den Karlistak tontor honetan gotortu ziren.

Lapoblacion Harriko gaina

Zeruan lainoa, lurrean behe-lainoa, bistak apenas daude eta Peña Alta eta San Tirso mendiak nekez ikusten ditugu, tontorpean dagoen Lapoblacion herria ere, teilatu batzuk ikusten ditugu.

Beherantz goaz, eskalada gune baten ondotik pasatu eta gutxira herrian gaude. Lapoblacion eta Meano Nafarroako mendebaldean daude, Kantabria mendilerroko magalean eta Peña Alta eta Lapoblacion Harriaren mendien artean dagoen Bernedo edo La Aldea izeneko mendatetik gertu. Inguru menditsu honetan erkamezti, pagadi eta artadi ederrak daude eta mendien harkaitzetan eskaladako bide ugari daude. Inguru hauetan gizakia antzinatik bizi da, Burdin Aroko eta Erromatarren Garaiko aurkitu diren hondar arkeologikoek horrela adierazten baitute. Bestalde Done Jakue bidearen adar bat hemendik igaro zen. XIV. mendeko ataria duen Erromes ospitalea ere kontserbatzen da, baita Erdi Aroko elur-zulo baten eta erromatar galtzada baten hondarrak ere.

XIII mendeko eliz atarian, zortzi mende dituzten harri landuen begiradapean hamaiketakoa egin dugu. Indarrak berritu ondoren berriro bidean gaude.

Saiak Peña Alta inguruan

Ez dugu denbora asko  behar izan Meanora iristeko. Herri erdia lainoa artean ezkutuan dago. Etxadia atzean utzi eta Peña Altako hego isurialdean mendebalderantz goaz. Bidearen alboetan erkametzak eta arteak ikusten ditugu. Gure eskuinean Peña Altako kareharrizko harresia altxatzen da. Gutxika-gutxika altura hartzen goaz, pagoek erkametz eta arteen tokia hartu dute eta horrela Kripan lepora iritsi gara.

Goitik beherako bidea hasi dugu, aurreraxeago San Tirso mendira joateko zidorra ezkerrean utzi eta Bernedora jaisteko bidea segi dugu. Pago eta ezpel artean, orbelaz estalitako bidetik goaz. Herrira iritsi aurretik Okongo Andre Mariren baselizatik eta inguruan dagoen atseden lekutik pasatu gara.

Bernedoko Sarrea atea

Inguruko herritarrek Erdi Arotik Okongo Andre Maria gurtzen dute. Paraje honekin zerikusia duten elezaharrak ere badaude: Pagoko Ama Birjinarena eta bide zaharrean erdi errea dagoen artearena esaterako.

Bidea jarraituz Sarreako atera iritsi gara, ibilaldiaren hasiera eta amaiera. Nahiz eta lainoek panoramikak mugatu dizkigute, gertuko paisaia polita da eta gustura ibili gara.

TRACKA HEMEN