ARALAR: Txindoki, Uarrain, Beleku...

25.08.2013 00:00

Gaur Aralarreko mendizerran ibilaldi eder bat burutu dut. Larraitzen hasi eta Txindokiren Ipar-Mendebaleko isurialderantz zuzendu ditut lehenengo pausoak. Muitzetik Egurraleko lepora eta handik tontorrera. Zerua hodeiz beterik, euriak bazterrak bustiz eta lainoz inguratuta. Bidean isiltasuna, euri tantak pago hostoen kontra jotzerakoan entzuten dudan gauza bakarra da. Txindoki (1.341 m). Lainoek dena ezkutatzen dute.

Txindokiko gaina.

Auntzitegi ezkerretik zeharkatu eta belardiz belardi, Alotzako bailara eskuinean eta Ganbo ta Ganbo Txiki aurrean, pixka bat ezkerrerantz ditudala, Uarraingo leporaino joan naiz. Han eta hemen zaldi eta ardi, txintxarrien hotsa, hauek dira gaur ditudan lagunak, lasaitasuna non nahi. Atertu du eta noizbehinka eguzkiak hodeiak zulatzea lortzen du, orduan paisai ederra ageri, bai horixe.

Ardiak laino artean Auntzitegin.

Ganbo atzean dudala Uarrain (1.344 m) mendira igo naiz Alotzako bailara Hegoaldetik ixten duen kordala zeharkatzeko asmorekin. Ostartean gero eta zabalagoak dira. Alde batera Alotza eta bestera Uidui. Batean belardi zabalak Malloetaraino, bestean zelai eta basoak, bietara Aralarren edertasun eta aberastasuna. Belar eta kareharri artean aurrera egin ahala Malkorri, Gañeta, Bustia eta Beleku tontorretatik pasatu naiz. Kilixketako parajean Goierriko eskualdea osoa aurrean zabaltzen da.

Gañetako buzoia.

Hemen ibilaldiaren azken parteari ekin diot. Askosaroiko trikuharriraino jaitsi eta Zirigarateko lepora doan zidorra jarraitu dut. Lepo honetan Txindokira igotzeko ohiko bidearekin bat egin dut. Beherantz segi, Oria iturrian ur trago freskagarri bat edan eta Larraitzeko bidea segi.

Larraitzen atzera begiratu..... eta hasperena.

Txindoki Beleku aldetik ikusita.

TRACKA HEMEN