ARALARKO ZEHAKARDIA EDO… 2. etapa SAN MIGEL - GOLDARATZ
Aurrekoan bezala bigarren etapa honetan ere Mendebal-ekialde norabidea jarraituko dugu. Egun hauetako tenperatura hotzak direla eta, orain dela egun gutxi botatako gelditzen den elurra nahiko gogorra dago. Eguzkia zeruertzean agertu eta paisaia gorrixkaz tindatu duenean, Santutegi (1.238 m) ondoan hasi dugu martxa, Aralarko herensugearen leizea eta Teodosioren kateak atzean utzi eta Putzuzar (1.220 m) lepora jaitsi gara ondoren Artxuetara (1.343 m) igotzeko. Sakana gainetik altxatzen den gailur honen puntan dauden antenak tontorra zatartzen dute, baina bertatik norabide guztietara dagoen panoramika zabala eta bikaina da: Andia, Urbasa, Demanda, Aizkorri, Gorbea, Anboto, Malloak, Pirinioak zuri-zuriak…. Ikusgarria.
San Migel
Jaitsieran Atako (940 m) bailarara iritsi aurretik pagadi polit bat pasatu dugu. Historiaurreko arbasoek ezaguna zuten Soroaundi eta Akier mendien artean dagoen bailara polita eta bildua elur geruzatxo izoztu batez estalita dago. Udan azienda ugarik hemen bazkatzen du. Bidearen eskuinean Fagopeko iturria gertu dago, aurrerago Erroldan Harria izeneko menhirra ikusteko aukera izan dugu. Ataldeko lepoa pasatu ondoren Madotz (760 m) landa herritxorantz jaisten hasi gara, Larraun haraneko hegoaldeeneko herrira hain zuzen.
Malloak
Madotz atzean utzi eta gure aurrean Larrazpil (1.070 m) altxatzen da. Aralarko ekialdeeneko tontorra. Bere ekialdeko maldak Larraun ibairaino jausten dira. Mendi karstiko hau pagadi mardul eta zabal batez estalita dago. Belardi, lizar eta pago artean aldapan gora segi dugu eta argigune batean dagoen Larrazpilko trikuharri handira iritsi gara. Bidean paisaia ederrak ikusi ditugu: Beriain eta Urbasa eta Aralar mendilerroen artean luzatzen den Sakana, baita Malloak ere, Balerdi nabarmentzen delarik. Berriro zuhaiztian barneratu eta pagadian galduta dagoen tontorrera iritsi gara. Larrazpil, Iparraundi eta Iruaundi gainek mendigunetxo korapilatsu eta basotsu bat osatzen dute.
Erga
Pago artean goitik beherako bidea hartu dugu. Egillor muinoa ezkerrean utzi, sakonean behera joan eta malda zeharkatzen duen bide zabalarekin bat egin dugu. Zulo barrenean Larraun ibaia “Bi ahizpa” izeneko harkaitzen artean igaro ondoren Arakil ibaiaren uren bila doa. Ibaiaren bestaldean Erga mendia altxatzen da. Guk bide zabala jarraituz Imotz haraneko Goldaratz (700 m) landa herri txikira iritsi gara. Herriko lehen etxea Zapatanea izan zen eta ondoren Lopenea, Maiatzenea, Dindakoa, Gillenea, Juanea, Etxeberria eta Goikoetxea jaso ziren. Nahiz eta berrikuntzak izan, haraneko eliza erromaniko bakarra hemengoa da.