ARALARKO ZEHAKARDIA EDO… 3. etapa GOLDARATZ –ERRAZKIN

15.02.2015 22:26

Neguko egun goibela eta bustia gaurkoa. Goizeko zortzi t’erdiak dira eta Imotz haraneko Goldaratz herritxoan gaude, laino beltzak inguru guztiak hartuta dituzte eta euri jasa ari du. Aurreko egunetan elurra majo bota du Euskal Herriko mendietan eta Goldaratzen horren arrastoa nabarmena da.

Gure egitasmoren hirugarren etapa burutzeko asmoa dugu. Kapa jarri eta bidea hasi dugu. Herri irteeran Legarre izeneko parajean Eltzanoko bidea jarraitu dugu. Berehala elurretan sartu gara. Elur-erraketak jarri eta inguru basotsuan aurrera segi dugu. Imotz haraneko lursailak atzean utzi eta Larraungo haranean barneratu gara. Bere lursailak bi isurialde hidrografikoetara begira daude: Araxes ibaia (Kantauri) eta Larraun ibaia (Mediterraneo). Goialdeetan pagadiak nabarmentzen dira eta behealdeko lurretan berriz, belardiak eta gaztainondo eta haritz basotxoak. Baserri eta etxe sendoz osatutako hamabost herri daude haranean. Tradizionalki herri gehienak nekazaritza, abeltzaintza eta artzaintzatik bizi izan dira.

Lainoak inguratzen duen pagadi elurtuan aurrera goaz, isiltasuna da nagusi. Elurrean, han eta hemen, orkatzen arrastoak gure bidea alde batera eta bestera zeharkatzen dute, baina orkatz bat bakarra ere ez dugu ikusi. Alli eta Astiz arteko errepidera iritsi aurretik elur-erraketak kendu ditugu. Alde batetik urtzen ari den elurra eta bestetik gelditu gabe botatzen ari den euriaren eraginez bideak urez beteta daude.

Basoa atzean utzi eta inguru irekiagoetatik goaz. Nahiz eta, besteak beste, kapa, eskularruak eta polainak eraman goitik behera erabat bustita goaz. Iribas herrira iritsi gara eta orain bide zabaletik Baraibar herrirantz zuzendu ditugu gure pausoak. Herriko ostatuko kanpoaldean utzi ditugu gure trasteak eta tabernan sartu gara zerbait beroa hartzeko asmorekin. Salda beroa, txistorra pintxoa eta basoerdi ardo gustura hartu ditugu. Animotsu gaude bidea jarraitzeko.

Ur eta lokatza artean Albiasu herrirantz goaz. Ibilaldiko azken partean barneratu gara. Zaldi talde bat bidera irten zaigu eta banako lerroan jarrita gure atzetik datoz, janari eske edo. Azkenean usatu egin behar izan ditugu. Albiasuko hilerriko ondotik pasatu gara. Orain malda basotsu eta tentean, kontu handiz irrist egin eta noiz eroriko beldur, goitik beherantz goaz Errazkingo errekaren bila. Urak bizi-bizi doaz Araxes ibaiarekin bat egitera. Aurrean ditugun belardien goian Errazkin herria dago. Ehun metroko desnibela gainditu eta gure helburura iritsi gara.

Nahiz eta lainoek ez digute utzi paisaia bere osotasunean ikustea, bidean inguru oso politak ikusi ahal izan ditugu. Eta nahiz eta goitik behera blai eginda bukatu, bidean disfrutatu dugu.

TRACKA HEMEN