ARALARKO ZEHARKALDIA EDO… 1 etapa LIZARRUSTI – SAN MIGEL.
Aralarko zeharkaldia edo… ibilaldi honen helburua Aralarren 7 etapako zeharkaldi zirkular bat egitea da. Aralarko itzuliarekin lotura handia duena, dagoeneko hainbat zatietan biek bat egiten dute, baina beste batzuetan itzuliaren bidetik urrundu egiten da. Une batzuetan maldak eta basoak zeharkatuko ditugu eta beste batzuetan gainez-gain, belardi eta tontorretatik joango gara. Bidean herriak eta gailurrak, basoak eta belardiak, errekak eta bordak topatuko ditugu, baita gure kultura eta historian garrantzitsuak izan diren parajeak ere.
Txortxor erreka
Kareharrizko mendigune handi honek, leize, koba eta lurpeko ibai ugari ditu. Nondik ikusten den arabera profil desberdinak azaltzen ditu: Goierritik ikusita deigarriena Txindoki mendiaren irudia da; Sakanatik eskaintzen duen profila leunagoa da eta Araxes ibarretik, berriz, Malloak mendien irudi malkartsua eskaintzen du. Mendiguneko gain garrantzitsuenetako batzuk honako hauek dira: Irumugarrieta (1.431 m), Ganbo (1.402 m), Txindoki ( 1.346 m), Aldaon (1.411 m), Pardarri (1.393 m), Beoin (1.359 m), Artxueta (1.343 m), Balerdi (1.195 m), Putterri (1.299 m), Arrubi (1.299 m) eta Beoin (1.359 m).
Elezahar eta mito ugarien sorleku eta gordailu da. Besteak beste Goñiko Teodosio eta Aralarko San Migel arkanjeluaren elezaharra, Txindoki eta Mariren kobakoarena, Putterriko damarena, Kixmiren etorrera eta jentilen kondaira oso ezagunak dira. Aro eta jarduera desberdinen aztarnek ondare kultura aberatsa utzi digute: inguru magiko honen arima eta gorputzean bizirik irauten duten mito eta elezaharrak, monumentu megalitikoak, Arritzagako meatze-iragana, Munoako galtzadak, Ausako gazteluaren hondakinak, errota eta burdinolak …. artzainak, egurgileak, ikazkinak….
Artabakarko borda
Lizarrusti – San Migel.- Zeharkaldi honen abiapuntua Sakana eta Goierri arteko pasabidea den Lizarrustiko mendatea izango da. Bertan Aralarko Parketxea dago. Lehen etapa honetan Sakanara begira dagoen isurialdea zeharkatuko dugu. Eguna oso lainotsu eta haizetsu dago. Bidea hasi bezain pronto Txaradigorriko maldetako pago artean sartu gara eta hego-ekialde norabidea jarraituz Arginburueta parajean Txortxor erreka eta errepide pasatu ditugu.
Luperta ingurua
Aldapa tente bat gainditu ondoren Pipuletako lepora iritsi gara. Basoan aurrera jarraitu eta Artabakarko bordaz baliatu gara hamarretakoa egiteko. Neguan gaude, Natura lotan dago, haize bolada indartsuek pago biluziak astintzen ditu, gure pausoek orbelean egiten duten hotsarekin batera txori bakan batzuen kantuak entzun ditugu. Pagoak, kareharriak, goroldioa, orbela, errekatxo artean Gañolarri, Algorri eta Etxaltetako lepotik pasatu ondoren Uztotiko bordara iritsi gara. Zerua gero eta ilunago dago eta haizea ere indartzen doa. Urriztegiko errekatxoa pasatuta Saldisgaingo maldan gora joan gara. Gure helmuga gertuago dugu. Orain altuera galdu behar Amurgin errekaraino jaisteko. Aurrean ibilaldiko azken aldapa dugu. Berriro aldapan gora. Toki batzuetatik Beriain eta Urbasa lainoz estalita eta Sakana kolore ilunekin ikusten ditugu. Haizea gero eta indartsu eta hotzagoa dator. Arantzadi parajean, hor dago santutegia, azken aldapa eta… iritsi gara. Bere hormek altxor bat gordetzen dute, XII. mendeko erretaula erromanikoa hain zuzen, Europako esmalte-lan nagusienetariko bat. Guk berriz lehen etapa honek bidean eskaini digun altxortxoa jaso dugu.