ARALARKO ZEHARKALDIA EDO... 7. etapa ATAUN – LIZARRUSTI

07.06.2015 20:47

Abendu bukaeran Lizarrustin hasi ginen eta pausoz pauso, Aralarren zehar aurrera egin dugu. Basoak, haranak, gain harritsuak edo belardiak, eguzkia edo euria, lainoa edo elurra, aurrera joan gara mendiaz, bideaz, paisaiaz edo bazter ederraz gozatzen. Gaur egitasmoaren azken etapa betetzeko eguna iritsi zaigu, zazpigarren eta azken etapa hain zuzen.

Laionoa eta pagoak

Ataungo San Martin auzoan gaude, goizeko zortzi t’erdiak dira, zerua laino dago eta inguruko mendiak ezkutuan ditugu. Agauntza ibaiaren ondotik hegoalderantz goaz Urkillagara joateko bidea hartu arte. Hemen Agaramunda mendiko basoan gora, mota askotariko zuhaitzez inguratutako bide oso polita jarraitu dugu. Udaberria bete betean dago, gainera gauean euria bota du eta paisaiak distira berezia du. Argigune batzuetatik Ataun-Burundako mendilerroa ikusten dugu, gainak lainoz estalita eta maldetako baso trinko eta berdeetatik kotoizko lainoak askatzen dira, dokumentaletan ikusten den gorilen lurraldeko paisaia dirudi. 

Urkillagako mendatea atzean utzi eta Leizadi tontorraren maldan gora hasi gara. Zidor estua artadian barneratzen da. Altuera hartzen goaz, bide ertzean hagin gazte bat topatu dugu. Artaditik irten eta poliki-poliki laino artean sartu gara. Arteen tokia pagoek hartu dute, lainoa ez da oso itxia eta Ubeiko parajean paisaia oso polita dago, magikoa eta argi eta itzal joko politak ikusten ditugu. Pagoak ere atzean gelditu dira eta goiko belardietan tontorraren bila goaz. Ardien balakak entzuten ditugu eta laster batean tontorreko buzoian gaude. Agaotz ( 974 m).

Agaozko tontorra

Eguzkia lainoak desegin nahian dabil baina lurrari itsatsita jarraitzen dute. Tontorrean bertan hamaiketakoa egin dugu, eta indarrak berritu ondoren martxan jarri gara.

Mandarrateko lepoa pasatu eta Sarastarriko maldan sartu gara. Azkenean eguzkiak lortu du gailentzea eta zeru urdina ikusten dugu. Inguru honetan pagadia oso polita dago, bertan kareharria, goroldioa eta pagoak ederki uztartzen dira, ipuineko  baso bat irudikatuz. Konturatzerako Lareoko urtegian gaude, hemen berriz ura eta basoa, urdina eta berdea, elkartzen dira konbinazio polita osatuz.

Lareoko urtegia

Etaparen eta zeharkaldi osoaren bidearen azken zatiaren aurrean gaude. Maizegierrekaraino jaitsi gara eta hemen Alleku mendiaren malda zeharkatzen duen bide polita jarraitu dugu. Akerretako paraje polita eta ondorengo pagadia pasatuta Lizarrustira iritsi gara. Poza eta pena sentimenduak barruan nahasten dira. Hau izan zen abia puntua eta hau amaiera lekua, tartean zazpi egun ederrak, mendilerro paregabea, paisaia eta kultura, izerdi eta irribarreak, solasaldiak eta isil tarteak….

TRACKA HEMEN 

ZEHARKALDI OSOA HEMEN