ARALARREN ZEHAR PUTTERRI INGURATUZ…

02.01.2016 21:50

Aurtengo uda gabonetaraino luzatu dela eta urte aldaketarekin euri egunak iritsi direla esan genezake. Gaur egun busti horietako bat da. Lizarrustiko mendatean euri mehatxupean nago eta asmoa niretzat ezezaguna den Abrein errekatxoaren sakonetik gora Serlogaina eta Irutxin mendietara igotzea da.

Txaradigorriko mendiaren maldan beherantz hegoaldera nora. Gaur bidelagun berezia dut, Lizarrustiko Bizkor txakurra hain zuzen. Gaur nirekin etortzea erabaki du. Txortxorreko errekatxoa pasatu ondoren errepidera iritsi eta Abreingo sakonean sartu naiz. Zelaiko bordaren hondarren ondotik pasatu ondoren bide zabala poliki-poliki estutzen doa. Abrein errekatxoa hainbat aldiz pasatu dut. Mehatxua errealitate bihurtu eta euria hasi du. Batzuetan bidearen arrastoa jarraitzea ez da oso erraza. Pagadi eder batean barneratu naiz. Errekaburuan ez dut bide arrastorik ikusten eta sakonaren barrenetik aldapa tentetuan gorantz jo dut goian sumatzen dudan lepotxoraino. Hemen topatu dudan bidea jarraitu eta tontorrera iristea lortu dut. Serlogaina edo Ubezagaina (919 m). Putterriren hegoaldean dago. Gain basotsua da eta ez ditu bistarik, baina paraje bakarti eta ederra da. Neguko egun goibel eta euritsuetan pagadi biluziak badute bere xarma eta gaur ere hala da.

Bizkor

Pago eta orbel artean, euripean, neure burutazioekin  bidean aurrera noa. Inguru karstiko eder honetan ohiko bideetatik kanpo Aralarko leku ezkutuenetako batean harantz eta honantz zidorra jarraituz  Mezeriango bordara iritsi naiz. Borda handi bat da eta parte bat aterpe ireki bezala prestatuta du. Busti-busti nago eguraldiak okerrera egin du eta bada da ordu erdi bat malutak ere hasiak direla. Hamaiketakoa babesean egiteko aukera izan dut eta asko eskertu dut.

Indarrak berritu eta gorputza pixka bat berotu ondoren berriro bidean jarri gara, gertu dugun Irutxin mendirantz. Nekaezina Bizkor aurretik doa, bide gurutzeetan zain geratzen da zein bide hartzen dudan ikusi arte. Batzuetan, itxuraz zain luze egon ondoren nire bila etortzen da eta beste batzuetan berriz burua altxatu eta atzera begiratzen du ea ikusten nauen. Bide zabala utzi eta pagadi gazte itxi batean aldapa gorantz goaz tontorreraino. Irutxin edo Irutxinpunta (1.162 m). Ez dago ezer tontorra adierazten duena, ez buzoirik, ez zedarririk.

Apareingo gainatik

Atertu du eta zeruan ostarteak irekitzen hasi dira. Beherantz ipar norabide segi dut Mezeriango bordatik datorren bidera iritsi arte. Hau metro batzuk beherantz segi dut Haitzegigainaren malda karstikoan barneratzen zidor balizatuarekin bat egin arte. Orain zidor hau segi dut  eta goroldioz estalitako harkaitz eta pago artean inguru ederrean aurrera mendia inguratzen noa Aparein mendirantz zuzendu naizen arte.

Aparein (1.261 m). Bi tontor dituen mendi belartsua. Ormazarretako zelaien eta Aralarko mendien panoramika polita eskaintzen du. Gainera orain dela gutxi bota duen elur apurraren geruza zuri mehearekin politak ikusten dira. Ormazarretako belardi hauetan 576 metroko sakonera eta ia 7 kilometroko luzera duen Gipuzkoako leize sakonena dago.

Hirupagoeta-Oroingane

Haize hotza dabil eta ez dago denbora luze geldirik egoterik. Urrustatsoko lepoan Lizarrustiraino bideratu nauen GRarekin bat egin dut. Aurrean ikusten dudan Hirupagoeta-Oroingane (1.246 m) mendiaren tontorrera igo naiz. Hegoaldean Putterri dago eta bien artean Kalelantegi edo Etxarri Aranatz (1.187 m) lepoa.

Putterri (1.299 m), Sakanatik ikusten den Aralarko mendi basotsua da. Aralar inguruko herritarren eta artzainen elezaharretan Txindoki, Murumendi, Aketegi, Anboto edo Gorbea mendiekin batera Mariren bizileku bezala agertu izanda. Mendia aldez-alde zulatzen duen haitzulo batean Eko jeinua bizi da eta mendiaren barrenari hitz egiten dionari erantzuten omen dio eta haitzulo honetako aho batean, hagin baten sustraien azpian, zahagi bat urre omen dagoela ere badiote.

Hirupagoetako tontorra atzean utzi eta pago artean beherantz noa. Iraioko Zelaia (890 m) izeneko lepoan gaurko azken aldapari aurre egin diot eta poliki-poliki Allekoko (1.017 m) puntaraino iritsi naiz. Lizarrustiko mendatearen gainetik altxatzen den mendi apala. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga tontorretik doa. Hegoaldean lainoen artetik ihesi nahian Beriaingo irudi beltza ikusten dut.

Beriain

Ibilaldia bukatzeko Lizarrustira jaistea besterik ez zait falta. Horretarako GR bidera bueltatu naiz eta Aginbeltzeta eta Intsusaeta parajeetako pagadi politen barrenetik amaiera puntura iritsi naiz.

Bizkor bere txokora bueltatu da eta ni salda bero bat, mokadu bat eta tragoxka bat hartzeko parketxeko tabernan sartu naiz.

TRACKA HEMEN