ARAMAIO BARRENEAN….

26.07.2015 23:49

Arabako udalerri txiki hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan dago. Anboto, Udalaitz, Orixol, Tellamendi… mendi ederrez inguratutako paraje malkar eta berde batean, non batzuetan lainoak atsedena hartzen du. Sorginen, lamien, Mariren, altxor eta elezahar askoren gordailu.

Aramaioko baserri eta auzo gehienak artzain eta nekazariek eraikiak dira. Ibarra auzoan berriz olagizonek ur-olak eta burdindegiak eraiki zituzten. Sorreran herri bizkaitarra zen baina 1.498 Arabara batu zen.

Bertan Aurtolako burdinola eta Azoeta eta Maskaiano baserri bezalako eraikin ederrak daude. Hauetaz gain hainbat eraikin desberdinek ondasun historiko eta kultural aberatsa osatzen dute.

Santikurutz baseliza

Goizeko zortziak eta laurden dira eta Aramaioko Ibarra auzoan gaude. Eguna eguzkitsua dator. Martxan jarri gara eta hego-mendebalde norabidea jarraitu dugu. Santa Ana baseliza eta ondoan dagoen harrizko bainuontzi bitxiaren ondotik pasatu eta asfaltozko bidea jarraituz Uribarri auzora iritsi gara. Muino berdeen gainetik zeruertzean Anbotoko kareharrizko irudi indartsu eta ederra altxatzen da. Orixol eta Ipizte mendiak ere ederrak ikusten dira, harkaitza eta pagoa nahasia dituztelarik. Hemendik aurrera aldapa tenteagoetan basoan gorantz, San Kristobal baselizara iritsi gara. Pixka bat lehenago burdin-ura darion iturri eder batean trago freskagarri bat hartu dugu. Hemendik iparrerantz dauden mendi gainak jarraituko ditugu. Uribarriganeko txabolaren ondotik pasatu eta gainez gain gorantz goaz. Alde guztietara panoramika zabala, oso zabala, eta ikusgarria ireki da gure begietara.

Santikurutz baseliza edo kapera gailurreriaren hertzean bertan dago eta haranetik ikusten da, bista politak daude bertatik. Hemendik aurrera harkaitza, pagoa eta goroldioaren eremuan sartzen gara. Kareharri pitzatua, toki batzuetan lapiaz  deserosoa, paisaia beti ederra. Santikurutz (1.111 m) gaineko buzoian gaude. Aurrera jarraitu eta pagoen itzalean Orixolen tontorrerantz goaz. Orixol (1.132 m). Hemendik ere bista politak ditugu. Puntako harkaitzetan eseri eta hamaiketakoa egin dugu. Eguraldi ederra dago eta zoragarri gaude. Herrian apaiz ehiztari bat izan omen zen eta igande batean meza ematen ari zelarik, erbiari egiten zizkion zakurraren zaunkak entzun omen zituen, meza utzi eta zakurraren atzetik abiatu. Herrian diote harrezkero mendi hauetan zakurraren atzetik dabilela.

Orixol gaina

Egonalditxo bat egin ondoren berriro bidean gaude. Baso polit batean murgilduta eta jaitsiera luze baten ondoren Lezeaga edo Lexia lepora iritsi gara. Aurrerago bide erosoa utzi eta lapiazen gora Gantzagatxako (989 m) puntara iritsi gara. Harkaitzak bertikalki erortzen dira aurrean dugun Aramaioko haranera. Lapiazean leku erosoenak bilatuz aurrera goaz eta Ipizteko azken aldapara iritsi gara.

Puntara igo aurretik Nardin koba sonatua ikusteko metro batzuk jaitsi ditugu. Bere sarrera estua monolito batean nahiko ezkutua dago. Hiru bat metroko destrepe txiki bat egin ondoren Santa Kruz apaiza ezkutatuta egon zen tokian gaude. Begiratoki bitxia. Azken Karlistaldian Santa Kruz goitizena zuen apaiza eta gerrillari karlistak, armada liberalen preso zegoelarik Aramaioko udaletxetik ihes egin zuen eta baserritar batzuen laguntzarekin, Ipizte mendian dagoen koba batean hiru egun ezkutatuta egon zen. Handik Frantziara ihes joan zuen eta geroago Kolonbiara joan zen.

Anboto

Berriro bidean, aldapatxo bat igo eta Ipizteko (1.057 m) buzoian gaude. Puntaraino iristen diren pagoek bista mugatzen dute, hala ere haraneko panoramika polita dago. Jaitsiera malkar baten ondoren ibilaldiko beste paraje eder batera iritsi gara, Zabalandiko lepora hain zuzen. Aurrez aurre Anbotoko irudi bikaina dugu. Zentzumen guztiak gainditzen dituen mendi magikoa eta erakargarritasun handia duena, benetan polita.

Orain Tellamendi tontorraren bila goaz eta bidea beherantz jarraitu Ipiztekoarriagako leporaino. Lepo honetan zirkulu baten barruan gurutze bat duen hilarri bat dago, eta honi buruz gertaera historikoren batean oinarri duten hainbat istorio eta kondaira daude. Nola nahi ere, gu gertu dagoen gainaren bila goaz. Tellamendi (834 m). Hemendik ere bista politak ditugu.

Kurtzaldeko lepotxora bueltatu eta Ibarrara jaisteko bidea segi dugu. Maskaiano baserria ikusteko aukera ere izan dugu. Aramaioko baserri zaharrenetako bat omen da. Beherantz segi eta herrian sartu aurretik Ibabeko Andra Mari baselizaren ondotik pasatu gara.

TRACKA HEMEN