ARAOZTIK DEGURIXA ETA ALABITARA

11.11.2015 21:02

Araotz auzoa, Aizkorri, Elgea eta Zaraia mendilerroen artean ezkuturik dagoen bazter polit bat da. Mito eta kondairen gordailu, antzina-antzinako zelta jatorriko sinesmen lekua. Lope de Agirreren itzala, ekaitz gauetan haizearekin nahasita alderrai dabilen arima da. Guztia edertasun handiko paisaia batean bilduta. Bertaraino joateko Jaturabeko haitzarte estua pasatu behar da, kontrabandisten, gerrillarien, soldaduen, artzainen igaro bide.

Urdin koloreko zerua eta kobre-koloreko mendiak dituen udazkeneko egun honetan, gure arbasoek orain dela milaka urte ezagutu zituzten ibar itxiko goi-haran horien bila noa. Zaraiako mendilerro txiki eta politean galduta dauden Alabita eta Degurixako haran ezkutuetara hain zuzen.

Goizeko 8ak inguru dira, zerua urdin dago eta haranak laino. Aldapa gogorrean gora  Agerre baserrien ondotik pasatu ondoren Orkatzategi eta Andarto Txiki artean dagoen Zelaiaundi lepora izerditan blai iritsi naiz. Aizkorriko udako belardietara joaten ziren Leintz haraneko artzainen pasoaren lekuko. Gertu, muino batean Santa Krutz baseliza dago. Orain dela urte batzuk arte hemen errogatibak egiten ziren, baita harritetik babesteko konjuruak ere.

Andarto Araoztik

Aurrean Andarto mendi zuriak kareharrizko alde malkartsuena erakusten du. Ugastegiko baserrien goialdetik pasatuz Arbe errekarantz noa. Ibaibidea pasatuta aldapa gogorrak ibileraren erritmoa moteldu arazten dit. Bideak, batzuetan pago artean, Kargalekuko leporaino bideratu nau. Panoramika ederra ikusten da, Deba Goienako harana lainoz estalita dago eta lainoen gainetik mendi tontorrak agertzen dira irudi eder bat osatuz.

Hego-mendebalde norabidea segi eta Aranguren mendiaren tontorrera igo naiz. Bide nabarmenik gabe hegoalderantz jaitsi naiz eta mendiz inguratuta Degurixa azaldu zait. Artzain paradisu txikia eta ezkutua, bakea eta lasaitasuna islatzen duena, bertan denborak presarik izango ez balu bezala. Bere belardietan, kareharrizko malden ondoan, haizeetatik babesean artzainen bordak daude. Gaur belardiak hutsik daude, artalde gehienak neguko belardietara jaitsiak dira. Antzina-antzinatik udazkenero eta udaberriro egiten den joan etorriko bidaia.

Paraje eder honetan eguzkiaren epeltasuna aprobetxatuz hamaiketakoa egin dut. Indarrak berrituta Lapurkortako sakan ezkutu eta politean barneratu eta pago, harkaitz, goroldio eta orbelen artean gorantz Alabitako haran ezkutuaren bila noa. Orbelak gorrixkaz margotu du zorua eta goroldio berdearekin eta kareharri zuriarekin batera kolore mosaiko eder bat osatzen du. Aumategi, Mugarriluze mendiak eta Alabitako sakona aurrean ditut. Sakonera jaitsi gabe ganadu bidexka bat mendebalderantz jarraituz mendiaren malda zeharkatu dut Alabitako bordetaraino. Hemen isiltasuna nagusi da, txakurren zaunkarik ez da entzuten, borden tximinietan ez dago kerik, udaberrira arte ateak itxita izango dituzte.

Alabitako borda bat

Mendebalderantz bide zabala segi dut gertu dagoen Alabitarrateko leporaino. Bertan tumulu bat dago. Txilarren artean Mugarriluzerantz gora doan zidorra jarraitu dut. Justu tontorrera iritsi aurretik Mugarriluzeko menhirra zutik dago. Bere misterioa gure mitologian eta jentilen indarrean gordeta jarraitzen du. Agian horregatik miresten ditugu beraien ondora iristen garenean.

Mugarriluzeko (1.106 m) tontor biribilduak Arabako Lautada zabala lainoz estalita erakusten digu. Lainoen bestaldean gris kolore desberdinetan mendilerroak bata besten atzean lerrokatzen dira Demanda mendilerroraino.

Tontor honetan hasten da ekialderantz luzatzen den eoliko ilara amaigabea. Kixoteren erraldoi modernoek mendi hauek desitxuratu dituzte, baina hala ere inguru hauetako bazterrak eta paisaiak mendeetako magia kontserbatzen dute.

Mugarriluzeko menhirra

Mendilerroak uren ur-banalerroa markatzen du, Hegoaldera jaisten diren urak Ebro ibaiarekin bat egiten dute eta bidaia luze baten ondoren Mediterraneo itsasora iristen dira, eta Iparraldera jaisten direnak gertu dagoen Kantauri itsasora joaten dira. Ekialderantz segi dut eta mendi-bizkarrean dagoen Orbeko putzuaren ondotik pasatu naiz. Urik gabe dago lokatza artean putzu txiki batzuk besterik ez ditu. Zidorra jarraitu eta Saiturriko lepotxotik pasatu ondoren Aumategiko (1.189 m) tontorrera iritsi naiz. Ibilaldi honetako mendi garaiena. Panoramika oso zabala eta ederra ikus daiteke hemendik.

Esateko hilarria

Ipar norabidea segi eta Esateko lepora jaitsi naiz, lepo honetan hilarri bat dago. Beherantz Araotzera bideratuko nauen bidea segi dut. Pagoek, laritzei utzi diote tokia eta hauek pinuei eta horrela, batetik bestera, Araozko belardi eta baserrietara iritsi naiz. Gaurkoa ere beste mendi egun zoragarri bat izan da.

TRACKA HEMEN