ARLABANGO MENDIETAN….

06.04.2015 22:12

Gaurko ibilaldia Legutioren Ipar-mendebaldean altxatzen diren Arlabango mendietan burutuko dugu. Hasiera eta amaiera Albinako urtegian izango da. Goizeko zortzi t’erdiak dira, tenperatura fresko xamarra da eta zeruan lainoak nagusitzen dira. Poliki-poliki goizeko argiak Albinako uretara iristen dira. Atzean Anbotoren irudia ikusten dugu.

Itzalak eta argiak Ekialdera

Martxan jarri eta Pagola errekako sakonean sartu gara, baina berehala uren ibilgua pasatu eta Jarindoko maldan gora hasi goaz. Jarindogoiko bizkarreko belardian gora, poliki-poliki desnibela gainditzen goaz eta tontorrera iritsi gara, Jarindo (896 m). Mendi hauetako tontorrak zuhaitzez estalita daude hau izan ezik eta begiratoki ederra da: Gorbea, Anboto edo Udalaitz ederki ikusten dira hemendik, baina gaur lainoek argiaren kolore guztiak ezkutatu dituzte eta paisaia ia zuri beltzean ikusten dugu. Tontorrean bertan trintxera baten arrastoak daude. Gerra Zibilean mendi hauetan, ehunka eta ehunka pertsonek, askatasunaren alde, eskuzabalez, bere bizitza eta odola eman zuten.

Hego-ekialde norabidea jarraitu eta Abetagainako lepora (814 m) jaitsi gara. Aurrean dugun aldapatxoa gainditu eta gaurko bigarren tontorrean gaude. Maroto (860 m). Buzoi txiki bat dago. Aurreko gaina ez bezala, hau zuhaitzez beterik dago eta ez du panoramikarik eskaintzen.

Isuskitzako pagadia

Orain arteko norabidea jarraitu eta berehala Urkizabalgo lepora jaitsi gara. Hemen altako dorre bat dago. Eguzkiaren epelean indarrak berritzeko toki egokia. Ogitartekoa, ardo trago bat, solasalditxoa… denbora azkar pasa zaigu. Berriro bidean Makilakortako muinoa inguratuz hego norabidea segi dugu Bidegurutzetako parajeraino.

Hemen Hego-mendebal norabidea jarraitu behar dugu gaurko hirugarren tontorraren bila joateko. Iritsi aurretik Arrikurutzeko lepotik pasatu gara, pagadi eder bat dago hemen. Goroldioz estalitako erraldoiez beteriko basoa. Isuskitza (800 m). Hemen ez dago buzoirik, aldare moduko harri bat eta gurutze bat baizik.

Jaitsiera aldapatsu baten ondoren Neberako errekara (590 m) iritsi gara, apenas darama ura. Errekaren bestaldean Albertia mendia altxatzen da, gaurko laugarrena.

Gudariei omenez

Errekatxoa gainditu eta eguneko aldapa gogorrenari heldu diogu. Basoan goaz, astiro-astiro. Hasieran izeidi eder batean goaz. Zeruan ere ostarteak nagusitu dira. Aurrerago, argigune batean, Gerra Zibilean hildako gudariei omenez altxatutako monumentu bat dago. Gainera iritsi aurretik fantasiazko beste pagadi bat pasatu dugu. Albertia (864 m). Tontorrean, buzoiak, geodesikoa eta gudariei omenezko beste oroitarri bat….

Ipar-mendebal norabidea hartu eta berriro pago artean goitik beherako bidea hasi dugu. Legutiora doan zidorra utzi, Tantaiduiko sakona zeharkatu eta Albinara jaisten den gurdibidea segi dugu, ibilaldiari ederrari amaiera emanez.

TRACKA HEMEN