ARNABAKO BAILARA EZKUTUAN

03.10.2015 21:00

Goizeko bederatziak inguru dira. Zerua urdina dago, dirudi mendian ibiltzeko egun ederra izango dugula. Lanako haran nafarrean gaude. Hemen antzinatik dator gizakiaren arrastoa. Burdin Garaiko lau kastro aurkitu dira bertan. Erromatarren garaiko hondar ugari ere aurkitu dira. Garrantzitsuenak hilarri landu eta inskripziodun batzuk dira. Erdi Aroa gatazkatsua izan zen, Araba eta Gipuzkoa Gaztelako eskuetan zeudelarik Lanak gaztelanien eraso ugari jaso behar izan zituen. 1.522an Nafarroa konkistatua izan zenean, Lana ere Gaztelako koroaren menpe geratu zen.

Gastiain

Gaurko ibilaldia Gastiainen hasi eta bukatuko dugu. Herritxo hau haraneko mendebaldean dago eta handiena da. Bost giltzekin itxita dagoen kutxa batean haranari emandako “Foruen eta Nobleziaren pribilegioen liburua” hemen gordeta dago.

Goizeko freskurarekin Lokizko kareharrizko harresirantz abitu gara. Mendilerro hau Kanpezu eta Aranako Done Bikenditik Metauten eta Allingo haraneraino luzatzen da eta 140 km karratuko zabalera du. Bere inguruan 25 herri daude Lana, Ameskoa, Allin eta Egaibar haranetan bananduta. 1.357garren urtean “El apeo de Lokiz” izeneko dokumentua sinatu zuten eta bertan herrietako herri-basoen eta lursail propioen mugen, belardien, uren, basoen, egurren, ikaztobien… gaiak kudeatzeko irizpideak jasota daude.

Arkakaratsaren fruitua

Herria atzean utzi eta erkametz eta ezpelen artean gorantz goaz. Memento batzuetan aldapa tentetu egiten da eta gure kopetetan izerdi tantak azaldu dira. Harresipean pago artean sartu gara. Hemen  bailara txiki ezkutu eta polit bat dago. Harkaitz eta pago artean zidorrak ekialdera bideratzen gaitu. Eguzkiaren argiak kareharrizko harresi zuria zeru urdinean indartu egiten du.

Ikaztobi batera iritsi gara. Ikazkina, hilzorian dagoen lanbide tradizionala. XX. mendearen erdira arte Pirinioetako haranetan, Urbasa eta Andiako mendilerroetan eta Lanako haranean ikazkinak ugariak izan ziren. Garai batean Biloriako herritar ia guztiak ikazkinak ziren. Lanako ikazkinek ospe handia zuten eta beste herri batzuetatik (Oñati, Oka…) lanerako deitzen zieten. Egun Bilorian ikazkin bakarren bat dago ikatza modu tradizionalean egiten duena, jatetxe eta erretegientzat batez ere.

Arnabako bailara ezkutua

Zidorra jarraituz harresiaren goialdera iritsi gara. Metro batzuk mendebaldera Arnabako gain zabala dugu. Bertan eseri eta eguzkiaren epeltasunean hamaiketakoa egin dugu. Hemendik panoramika oso zabala eta polita dago. Izkiz, Kantabria mendilerroa, Joar, Montejurra, Andia, Aralar, Aizkorri, Urbasa, Ameskoa…

Indarrak berritu ondoren bidea ekialderantz jarraitu dugu. Ezpel eta pago artean Otzamendiko tontorrera iritsi gara. Hemendik Lokizko lursail handiak ikusten ditugu, baita gure hurrengo helburuak. Herriak lotzeko edo putzuetara, baselizetara, saroietara edo tontorretara joateko bide eta zidorrak ugariak dira, mendilerroa norabide guztietan zeharkatzen dutenak. Pago batzuen artean iparralderantz jaitsi gara. Sakon txiki batean Kontrastatik datorren bidearekin bat egin eta Artatxuetako gainaren bila joan gara.  Mendilerroan apenas nabarmentzen muinoa da. Iparralderantz Uiarra ibaiaren ibarra eta Ameskoa agertu zaigu.

Ekialdean Kanbioko arrasoak daude eta bertarantz joan gara. Hemendik Larrañetako gaina ez dago urruti eta ez dugu denbora asko behar izan bertaraino igotzeko. Tontorrean zedarri bat eta buzoi bat daude. Ameskoa gertuago ikusten dugu.

Arnabako gaina

Kanbioko arrasoetara bueltatu gara. Ekialdean Zikilamendiko tontorra dago eta bere maldan Ramiroren borda edo saroia ikusten dugu. Hegoaldera jarraituz Lokizko hegoaldeko amildegiaren bila goaz. Irasabel izeneko kareharrizko muturrera iritsi gara. Bere horma bertikalaren azpian Ulibarri herritxoa dago. Mendebaldera Narkue eta Gastiaingo etxadiak ikusten ditugu, zeruan berriz sai batzuen hegaldi dotorea nabarmentzen da.

Amildegiaren ertza mendebalderantz jarraitu eta Narkueko atakara iritsi gara. Hau da harresia gainditzen duen bideetako bat. Zidorraren sigi-sagak jarraituz altuera galtzen goaz. Haranean era askotariko landaretza dago, bertan arteak, gurbitzak, artederrak, erkametzak, haritzak, pagoak, elorriak, ezpelak, ipuruak, ezkaiak, kamamilak, erromerok… daude.

Bideak erkametz artean doa eta ale ederrak ikusteko aukera izan dugu. Arkakaratsaren fruitu gorriak bide bazterrak koloreztatzen dituzte. Nahiz eta hemen fauna ugaria izan, basurdeek, orkatzek, azeriek, katagorriek, azkonarrek… bizitoki egokia baitute, ez dugu hauetako bat bakarra ere ikusteko aukera izan.

Basoa atzean utzi eta gutxira berriro Gastiango kaleetan gaude. Ibilaldi polita burutu eta egun ederra pasa izan dugu.

TRACKA HEMEN