ARTZIBAR, OTSAKO MENDILERROAN PAUSARAN ETA ELKEREN BILA

01.05.2015 21:00

Artzibar Pirinioetatik gertu dagoen haran zabala da. Urrobi eta Irati ibaiek iparretik hegoaldera zeharkatzen dute. Bi ibai hauen zintzurren artean Otsa mendilerroa altxatzen da, La Corona (1.389 m) menditik, iparrean, Otsa (847 m) mendiraino, hegoaldean, luzatzen dena. Bien artean, besteak beste, Jaun Done Xakue (1.240 m), Pausaran ( 1.278 m), Elke (1.297 m) eta Chaparral (945 m) mendiak daude.

Haranean hainbat gauza nahasten dira: pagoak eta arteak, haritzak eta pinuak, Pirinioak eta Pirinioaurrea… Garia eta pagoen arteko bidean, eguzkia eta lanbroaren artekoan, horia eta berdearen arteko bidean, garai modernoetako bizimoduaren abiaduratik kanpo, presarik gabe bizi den haran isila eta lasaia.

Baxa mendia eta Iñarbeko arroila

Gaur egun biztanle gutxiko 21 herritxo xarmagarrik  osatzen dute harana, garai batean 38 izatea iritsi ziren. Itoizko urtegiaren urek betiko irentsi zituzten haran honetako Artozki eta Muniain herriak eta Longida haraneko, Gorriz, Itoiz, Ezkai eta Orbaiz.

Hain erakargarria den leku honetan goizeko 9ak jotzeko direnean, Lakabe herritxoan abiatu eta Atxote eta Lakorri mendien arteko sakonean ipar-mendebal norabidea jarraitu dugu. Lakabe, haran honetako herritxo bat da. 745 metroko garaieran, Lakorri mendiaren maldan eta Itoizko urtegiko uren gainetik dagoena. Joan zen mendeko 60 hamarkadan hutsik gelditu zen eta urte batzuk geroztik autogestio talde batek berreskuratu zuen eta bizimodua aurrera ateratzen saiatzen hari da.

Zerua laino dago. Elkeko gaina lainoek hartu dute. Euria hasi du. Poliki-poliki norabidea aldatzen goaz, ipar-eki lehenengo eta ekialde geroago. Bidea arte eta ezpelen artean doa. Lakorriko igoeran bidea jarraitze zaila da, arrastoa erraz galtzen da eta landaretza itxi honetan alde batera eta bestera buelta asko ematen ditugu.  Azkenean lortu dugu Lakorriko (1.003 m) tontorrera iristea. Busti-busti gaude, euriagatik baino gehiago ezpel eta landareetatik jaso dugun uragatik. Puntan agertu garenean ekialdeko isurialde malkartsutik eta harkaitzetatik saiak hegan joan dira. Harkaitz eta ezpel artean dauden adar zabal eta luzeko ahuntz batzuk guri so gelditu dira. Nahiz eta eguna goibel eta lainotsu egon bista oso polita dago. Iñarbeko arroilan urtegiaren urak eta bestaldean Baxa mendiaren piramide tente ikusten dugu.

Saia Lakorri mendian

Bidean atzera egin eta Gorraitz-Artzibar aldera joateko bideraino jaitsi gara. Arte eta ezpelen artean ondo markatuta dagoen bidetik Elke mendiaren malda ipar-ekialderantz zeharkatzen goaz. Ipar isurialdean sartu garenean baso itxitik atera eta paisaia ireki zaigu. Mendiurru, Jaun Done Jakue, Pausaran, Elke eta Gaztelu mendien arteko harana bistan dugu. Gorraitz-Artzibarko etxadia gertu dugu, baina guk bide zabalean gora jarraitu eta pagadian barneratu gara. Pagadia zoragarria dago, kolore berde argiko hosto berriaz beteta. Harkaitz handi bat duen Pausarango (1.174 m) lepora iritsi gara.

Eskuinean Pausaran eta ezkerrean Elke mendiak ditugu. Lehendabizi gotorleku itxura duen Pausaran mendira igoko gara. Igoeran harkaitza topatu dugu eta hainbat tokietan eskuen laguntza behar izan dugu aurrera joan ahal izateko, baina pintura markak jarraituz ez dugu arazorik izan tontorrera igotzeko. Buzoia ezpel artean egin beharrezko 50 bat metro ipar-mendebalderantz dago. Laino artean gaude eta ez dago bistarik. Unetxo batean Elke mendia ikusi ahal izan dugu.

Elkeko pagadia

Harkaitza bustia eta irristakorra dago eta jaitsiera poliki egin dugu, baina erraza izan da eta ez dugu inolako arazorik izan. Berriro lepoan gaude eta Elke mendira igotzeko bidea hasi dugu. Pago artean sigi-saga eginez gora jarraitu eta Elkeko (1.297 m) tontor harritsura heldu gara. Hego aldeko malda ezpelez beteta dago eta iparrekoa, berriz, bortizki erortzen da.

Harkaitz artean gailurreria mendebalderantz jarraitu dugu baina ezpelen artean ez dugu ikusi bide garbirik Elkezelaira jaisteko. Buelta eman eta Pausarango lepora jaitsi gara. Gaur hirugarren aldia da hemen gaudela. Lakabera joateko mendiari buelta ematen dion bidea Xuxkal bordaraino jarraitu dugu. Inguruan zelaitxo bat eta pinu batzuk daude. Aurrean Atxote mendia dugu, eskuinean, laino artean, Elke. Orain beherantz doan bide zabala segitu dugu. Lakabeko teilatuak bistan ditugu. Ibilaldi polita burutu dugu, eta nahiz eta egun lainotsuetan mendiak bere xarma izan, gaur eguraldi lehorra eta argiagoa faltan bota dut.

TRACKA HEMEN