ATXERITO eta CHINEBRAL DE GAMUETA Linzako mendietan...

16.10.2013 18:25

ATXERITO

Berriro Pirinioetako Mendebaleko Haranen Parkean. Oraingoan Huesca eta Nafarroa arteko mugan, Linzako aterpean. Igoera eta zeharkaldi ederrak egiteko abiapuntu paregabea. Asteburu honetan bi ibilaldietan, ohiko ibilbideei aldaketa txiki batzuk eginez, Atxerito eta Chinebral de Gamueta mendietara igotzeko asmoa dugu.

Linzara larunbata goizean iritsi gara. Aparkalekua gainezka dago eta ibilgailu ugari errepide bazterrean aparkatuta daude. Goizeko 10:30ak dira eta Sobrante de Linzako maldan gora mendizale andana doa. Gu, berriz, Achar del Caballo pasagunera zuzentzen ditugu gure pausoak.  Gero hagin eder baten ondotik pasatu eta pagadi ederrean gora Achar del Oso lepoaren bila goaz. Pagadiaren hasieran mendizale batek txakur bat lagun duela aurreratu gaitu. Huertoko leporaino iritsi arte ikusiko dugun gizaseme bakarra izango da. Eguraldia bikaina da, zerua urdin-urdina eta haize leunak tenperatura freskatzen du.

Atxerito

Lasai lasai pagadia pasatu eta Achar del Oso lepora iritsi gara. Eskuinean Gamuetako basoa, Alanos mendizerra, Peñaforca, Espelunga, Ezkaurre, paisai ederra. Plana de Diegoren aldapari aurre egiten diogu. Behin aldapa gaindituta panoramika oraindik zabalagoa da. Atxeritora zuzentzen gaituen sakonune politean barneratzen gara, aurrean tontor dotorea altxatzen da. Chinebral de Gamuetako hormatzarraren oinetik bakar bakarrik goaz .  Hau gozamena hau!!!

Sakonunearen bukaeran atsedena hartu eta zerbait jan dugu. Igoeraren azkeneko parteari aurre egiteko indarrak berritu behar dira. Lagun ona, solasaldi atsegina, leku ederra… lasaitasuna, bakea, burua eguneroko joan etorritik urrun... Baina denbora gelditu gabe aurrera doa eta guk ere bidea jarraitu behar dugu. Igoera berrartu dugu eta hasierako harritza gainditu ondoren Huertoko lepora iritsi gara. Hemen goitik datozen mendizale talde batekin eta gorantz doazen bikote batekin egin dugu topo. Sigi-saga zabal batek tontorreraino bideratu gaitu.

Gamueta Atxeritotik

Zedarri batek puntu garaiena adierazten du. Atxerito (2.374 m). Panoramika zabal eta eder batek gozamena oraindik gehiago handitzen digu. Jotzen duen haizea leuna dela aprobetxatuz, Pirinioetara bista paregabeak dituen terraza eder honetan bazkari pasada egiten dugu.

Honelako gogo-aldarte berritzearen ondoren beherako bideari ekin diogu. Huertoko lepoa atzean utzi eta maldan behera Foya de los Ingenieros sakanaren bila goaz. Behin sakanean,  Atxerito eta Petretxema mendien haitzarteen artean Petretxema edo Ansoko lepora igo gara. Hemendik Ansabereko Orratz Txiki ikusgarriaren bista ederraz disfrutatu ahal izan dugu.

Orain aterpera bueltatu behar gara eta Petretxema mendiaren maldaren erditik doan bidea jarraitzea pentsatu dugu. Zidor lasai honetan aurrera goazen heinean Sobarcal eta Atxeritoko tontorrak atzean geratzen hari dira. Gutxika gutxika ibilaldiaren amaiera heltzear dago.

Ansabereko Orratz Txikia

Gelditzen den arratsalde partea aterpean pasatu dugu. Afari eder eta goxoa eskaini digute. Berriketaldi baten ondoren oheratu egin gara.

CHINEBRAL DE GAMUETA.

Ez gara oso goiz jaiki eta zortzietan gosari eder bat hartzeko jangelan gaude. Gauen aterpea lepo egonda da eta orain hemen mugimendua dago, sartu-irtenak, gora eta behera...

Ordu erdi geroago Klerikoen iturrirako bidean gaude, Gamuetako sakanean hortik barneratuko baikara eta. Malda belartsuetan sakanean gora goaz. Goizeko lehenengo orduetan zerua garbi zegoen, baina orain poliki-poliki estaltzen ari da eta sakonaren barrenera iritsi eta Foya de Gamuetan garenean  zeruak ekaitz itsura kezkagarria hartu du. Bidean ez dugu inor ikusi, ikusi ditugun animali bakarrak oraindik mendiko larreetan dauden zaldi talde bat eta abelgorri buru batzuk izan dira. Gure aurrean Anzotiello eta Mallo Gorretako horma bertikalak altxatzen dira eta hauen artean Gorretako ebakia  nabarmentzen da.

Atseden txiki bat hartu eta indarrak berritu ditugu. Zidorra jarraitu dugu eta ebakiaren perpendikularrean gaudenean Gorretako lepora doan zidorra utzi dugu. Orain guren aurrean Chinebral de Gamuetako tontorra dugu eta biderik gabe harritza tente batetik bertarantz goaz. Hasieran lapiaz bloke multzo batean  harkaitzen arrakalak saihestuz gainditu behar izan dugu. Malda harritsuaren goialdetik hiru sarrio geldi-geldi guri begira daude,  –Mugimendu trakets horiekin zer egin nahiko dute?.  -Baietz goiz erdia behar tontorreraino igotzeko. - Bai zera, bost baietz txapeldun horrek goiz osoa beharko duela, begira, begira ezazue ze izerdi tantak eta arnasotsak daramatza.

Atxerito eta Foya de Gamueta

Barre-algara batek Foya de Gamueta zeharkatu duela iruditu zait… ba, neure irudipenak izango dira. Gorantz jarraitu dugu eta behin harritzan altuera azkar hartzen goaz. Aldapa gogorrak atsedena hartzea behartzen gaitu. Hara, berriro barre-algara. Puf!!! A ze eguna. Indarrak berritzeko zerbait jan dugu.

Beste ahalegin bat eta igoerako azken aldaparen oinean gaude. Eskuinean Foya de Gamueta eta Gorreta de los Gabachos tontorrak daude. Hiru pertsona Chinebral de Gamuetatik behera datoz eta malda erdian beraiekin elkartu gara. Denok ibilbide berdina egiten ari, batzuk norabide batean eta besteek kontrakoan. Bideari buruzko iritziak komentatu eta bidean zorte hona izan dezagunez agurtzen gara.

Petretxema

Eguraldiak hobera egin du eta zeruan berriro ostarteak nagusi dira. Azkeneko metroak igo ditugu eta tontorrera iritsi gara. Chinebral de Gamueta (2.324 m). Punta honetatik dagoen bista ere ez da nolanahikoa. Komentarioak mendi honetaz edo beste hartaz, argazki batzuk hemendik eta handik…. Atsedenalditxo bat. Eta beherako bide bat ere bai.

Fruitu mikologikoak

Mendebal norabidean gandorra jarraitu dugu, altuera azkar galtzen goaz. Plana de Diegora iritsi gara eta zedarriak jarraituz malda tentean Achar del Oso lepora bideratuko gaituen zidorra jarraitu dugu.  Pagadia benetan ederra ikusten da. Eta bertan dagoen xenda estua jarraitu dugu Achar del Caballora iristeko. Gure aurrean, hor behean, Linzako aterpea dago, ibilaldiaren abiapuntua. Minutu batzuk geroago aterpean gaude, eta asteburu eder honi amaiera eman diogu.

ATXERITOKO TRACKA HEMEN 

GAMUETAKO TRACKA HEMEN