BELAGOA, PIRINIOEN XARMA...

21.06.2015 22:00

Belagoa Nafarroako Pirinioetan dagoen glaziar-haran ederra da. Bertan altxatzen dira Euskal Herriko mendi garaienak (Arlas, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Lapakiza-Linzola, Txamantxoia, Lakartxela, Lakora…. Bere barrenetik Belagoa ibaiaren urak doaz, Belabartzeko Ateak pasatu ondoren Uztarroze ibaien urekin batera Ezka ibaia sortzeko eta Erroibarra zeharkatzeko.

Lakartxela (1982 m). Belagoako haranean altxatzen da. Hego isurialdean Otsogorrigaina eta Xardeka mendiekin batera Xardekako zirkua osatzen du. Alde honetako maldetatik jaisten diren urak Mintxateko haitzartea pasatu ondoren Uztarroze ibaiarekin bat egiten dute. Ekialdeko hegiak Belagoara jaisten dira eta Ipar isurialde malkar eta desnibel handiagokoan Holtzarte eta Kakoeta bezalako arroila sakon eta estuak irekitzen dira.

Keleta Arrakotik

Gaurko ibilaldia Belagoako lautadan hasiko dugu, Arrakoko parajearen inguruan hain zuzen. Zerua urdin-urdina dago, basoak eta belardiak berde-berdeak. Zelai eta basoen gainetik Keletako punta harritsua indartsu agertzen da eta gure begiradak bertarantz zuzentzen dira. Ibilaldi hasieran metro batzuk bidetik kanpo dagoen Arrakoko trikuharri bikaina ikustera joan gara.

Nahiz eta hemendik tontor nagusia ez ikusi mendebaldean boteretsu jasotzen den Lakartxela mendira igotzeko asmorekin, Arrakoko belardiak pasatu eta zidorra jarraituz Lapatia lepoaren bila aldapan gora goaz. Pinu gorriek eta pagoek baso misto ederra osatzen dute. Itzalean pauso motza eta geldoa emanez, sigi-sagak eginez, malda tentea gainditzen goaz. Txorien kantua besterik ez dugu entzuten,  inguruak lasaitasuna ematen du. Basoa atzean utzi eta Lapatia lepora igotzeko azken aldapa belartsuari aurre egin diogu. Bidea hasi dugunetik izerdia majo bota ondoren lepoan gaude. Lapatia (1.534 m).

Lepo hau Izabatik Lakartxelaraino luzatzen den mendilerroan, Keleta eta Larrondo mendien artean, kokatuta dago. Mendi hauek Mintxate eta Belagoako haranak banatzen dituzte. Alde batean Xardekako Zirkua eta bestean Belagoakoa, paisaia benetan ederra.

Lakartxela Lapatia lepotik

Iparralderantz Keleta puntaren malda tentea dugu. Aurrean ikusten dugun Lakartxelako tontorrera igotzeko malda hau mendebal aldetik zeharkatzen doan ganaduaren bide arrastoa jarraitzen hasi gara. Belar eta lora artean goaz, udako lehen eguna da baina goi hauetan udaberria oso indartsu agertzen da. Poliki-poliki altuera hartzen goaz, bidea ere etzanagoa da, eta hauspoa ez daramagu hain betea. Maldaren tontortxo batean eseri eta hamaiketakoa egin dugu. Hemendik panoramika oso polita dugu eta indarrak berritzen ditugun bitartean, mendi honi eta besteari, hangokoari eta urrutikoari buruz hitz egiten denbora konturatzeke pasa zaigu. Orain aurrean aldapa gogorra dugu baina gainera iritsi garenean egindako ahalegin guztiak ahaztu ditugu. Lakartxela (1.982 m).

Iparraldeko isurialdea lainoz estalita dago eta mendien gainak estali nahian ia tontorretaraino igotzen dira. Bistak zoragarriak dira.

Ipar isurialdeko aldapa handiko bidetik beherantz goaz. Ginbeletako lepoan Belagoako haranera jaisteko bidea hartu dugu eta Arrakogoitiko lepoan GRaren markak utzi eta hegoalderantz joanez, hasieran belardian eta gero pagadian, Juan Pitoren bentaren bila goaz.

Lakartxela, atzean Xardekagaina

Eguerdiko ordu bi t’erdietan iritsi gara. Ordu polita mahaian eseri eta hemengo artzain ogi-mami ospetsuak jateko, baina benta jendez gainezka dago eta garagardo fresko batekin konformatu gara. Azkeneko aldapa jaitsi dugu eta Arrakoko baseliza eta benta zaharraren artean pasatu gara ibilaldiari amaiera eman aurretik.

Ibilaldi oso polita, aldapa gogorrekoa baina oso polita.

TRACKA HEMEN