DEBA - ZUMAIA, marearteko zabalgunetik...

04.07.2015 22:21

Euskal Herriko itsasertza zoragarria da, edertasun handikoa eta altxor geologiko garrantzitsuak gordetzen ditu bere baitan. Hauetako bat Zumaia eta Deba artean dagoen flysch-a da. Munduko onenetariko, ikusgarrienetako eta ezagunenetako bat. Geologiaren mirari, lurraren 60 milioiko historia geologikoa gordetzen duena, eta aztertzeko munduan erreferentzia dena. Eta aditu ez garenontzat berriz, edertasun handiko leku txundigarri eta magikoa.

Bada urte t’erdi ibilaldi hau egin nuela, egun hartan itsas zakarra zegoen, 4-5 metroko olatuek hainbat tokitan itsasertzaren kontra jotzen zuten eta ibilaldia goiko ertzetik doan zidorretik egin behar izan nuen. Inguru honetaz berriro gozatzera etorri eta oraingoan ibilaldia marearteko zabalgunetik egiteko asmorekin Debako tren geltokian gaude.

Flysch-a marearteko zabalgunean

Herriko plazara joan  eta pilotaleku ondotik Roke santuaren baselizara igo gara. Baselizatik, itsaso zabala aurrean dugularik Santa Katalina baselizara joan gara. GR bidea jarraituz araztegiaren ondotik pasatu eta aurrera eginez Itxaspeko ingurura iritsi gara.

Hemengo behatokian paisaia ikusten denbora pixka bat egon gara. Eguna eguzkitsua da eta itsasoa bare dago. Bidea jarraitu eta Mendatagainako muinora igo gara. Hemen goitik bista ederra dugu, Mendatako Punta eta hondartza, Sakonetako Punta….

Marearteko zabalgunea Algorritik

Mendatako Punta pasatu eta izen berdineko hondartzara jaisteko pasagunearen bila goaz. Labarrean jarrita dagoen sokaren laguntzaz erraz jaitsi gara. Marea jaisten ari da, hemen izan dugu flysch-arekin gaurko lehen kontaktua. Orain harlauza, putzu, alga, lapa eta ziztu bizian ezkutatzen diren karramarro artean Sakonetako Puntarantz hondartza zeharkatzen goaz. Ingurua oso polita da, alde batean goiko zelaietatik erortzen diren horma ia bertikalak  eta bestean urak bistan utzi duen flysch-a.

Sakonetako Punta  inguratu eta Flysch-aren gainetik izen berdineko hondartzara iritsi gara. Inguru magiko honetan aurrera jarraitu eta marearteko zabalgunetik segitzea gustatuko litzaiguke. Hurrengo punta pasatu eta Arantzako portua izeneko parajea aurrean dugu. Laster itsasbehera izango da eta Zumaiarainoko marearteko zabalgunea bistan dugu. Labarren goialdean dagoen behatokian jendea dago.

Algorriko labarra eta Itzurun

Nahiz eta itsasertzean egon, ez dabil haizerik eta dagoeneko eguna bero dago. Harkaitz baten itzalean indarrak berritzera gelditu gara. Uraren marmarrak ematen duen lasaitasuna, ogitartekoa, ardo pixka bat, umorea… ederki gaude. Itsasoan, urruti, belaontzi multzo bat ikusi dugu.

Aurrera segitzeko ordua da, Algorriko Punta gero eta gertuago ikusten dugu. Uharriz osaturiko Aitzuriko hondartza pasatu  eta Algorriko kalara iritsi gara. Hemen ere paraje polit honetaz gozatzen denbora pixka bat egon gara. Gero kolore gorrixkako tontorrera igo gara. Hau ere leku ederra, paisaia polita ikusten da bertatik, itsasertza, itsaso zabala, Itzurungo hondartza… Labarraren ertzetik Zumaiako toki garrantzitsu bat den Telmo Deunaren baselizara joan gara.

Ibilaldi polita, zoragarria burutu duguna, oso gomendagarria, betiere itsasgora eta itsasbehera kontuan izanda.

TRACKA HEMEN