DONOSTIA-ZARAUTZ, ITSASOARI BEGIRA...

24.12.2014 20:00

Donostia eta Orio artean Kantauri itsasoan hondoratzen den Mendizorretzeko mendilerro txikia zeharkatzeko asmoa dut.

Donostiako Renfeko geltokian martxan jarri nahiz. Goizeko lehen ordu hauetan kale-argiak piztuta daude. Kontxako hondartza ondotik Ondarretarantz noa. Memento honetan ikusten dudan irudia oso ederra da. Ondarreta pasatu eta Igeldoko aldapan gora hasi nahiz. Igeldoko parkean isiltasuna da nagusi. Ordu gutxi barru izango da algara eta soinua.

Donostia

Aurrera jarraitu eta Tximistarri pentsiorako seinalean itsasaldeko hegian barneratzen den bidea jarraitu dut. Eguzkiaren argiak indarra hartzen doa eta paisaia oso polita dago. Itsasgora dago eta olatuek harkaitzak indarrez jotzen dituzte. Biosabilgo hondartza harritsuraino jaitsi naiz, uretan itsasontzi bat dago.

Landaretzak ezkutatzeko zorian dauden bide estuetatik, beste batzuetan gurdibideetatik, baita era askotariko txabola eta txaboloetara joateko hormigoizko bideetatik ere, itsaso zabalera begira dauden maldetan aurrera noa.

Orio

Agiti baserriaren ondotik pasatu naiz, behean Agitiko badiatxoa dago. Errekatxoak eta sakonak zeharkatzen noa: Iranguren, Egiluze, Urberde, Sega…

Dirudi Orio desagertu egin dela, pausoak eman eta eman baina Oriaren itsasadarraren arrastorik  gabe jarraitzen dut. Halako batean Kukuarriko maldako bihurgune batean Talaimendi eta Orioko kai-muturra aurrean azaldu dira. Itsaspe baserria pasatu eta aurrerago dagoen begiratokian itsaso zabalari so Benito Lertxundiren kantaren hitzak datorkit burura. 1901eko maiatzaren 14a, talaiariaren oihu eta kanpai-hotsak, 55 gizonen arraunkadak, balearen ihesi nahia, txalupen jirak eta birak…. Baina joan ziren baleak, baita arrantzale baketsuak, bale ehizan Euskal Herriko baleazale sutsuak bihurtzen zirenak ere. Gertakizun hartatik mende bat igaro da, eta gure itsasertzean baleak berriro ikusteko aukera izango ote dugu?.

Mollarri

Orion giro polita dago, Olentzero  eta gazte talde bat kaleetan zehar abesten dabiltza, umeen miresmen eta ilusio aurpegia nabarmentzen da. Aurrera jarraitu dut, ibaia zeharkatu eta Oribazarrerantz noa. Mahasti artean Talaimendiko lepora doan bidean gora jarraitu dut. Eguerdia da eta negua izan arren eguzkiak izerditan jarri nau.

Zarautz

Kanpinaren hondotik Zarauzko hondartza ederra ikusten da. Olatuak bata bestearen atzetik, ondo lerrokatuta, hondartzan marra zuriak margotzen dituzte. Getariako arratoia. Estanpa benetan ederra hemen goitik ikusten dena. Zelai berdearen ertzetik beherantz noa, Mollarriko punta eta mineral biltegi zaharra ere ederki ikusten dira. Iñurritzako errekatxoa pasatu eta Zarauzko hondartza politean nago. Hau da gaurko ibilaldiaren amaiera.

TRACKA HEMEN