ELURRETAN ARANTZAZUTIK ARTZANBURURA

17.01.2016 21:51

Urteko lehen elurtea aprobetxatu nahian Arantzazura etorri gara. Goizeko zortziak jo berriak dira. Eguneko lehen argiak pizten ari dira.

Arantzazuko Santutegia paraje natural eder batean, harkaitzetan jasota, haitzarte bati begira dago.

Euskaldunontzat gune espiritual eta artistiko garrantzitsua da. Bertako basilika berrian euskal artearen ondare oso inportantea dago. Eraikina bera Laorga eta Saiz de Oizarena da, absidea Luzio Muñozena, beirateak Javier Alvarez de Eulaterena, frisoko apostoluak Jorge Oteizarenak, ateak Eduardo Txillidarenak eta margotutako kripta Nestor Basterretxearena.

Goiz gorri

Aparkalekuan eman diogu hasiera ibilaldiari. Zorua izoztuta dago eta kontu handiz ibili behar gara oreka ez galtzeko. Sindika taberna eta asfaltoa atzean utzi ondoren erosoago goaz. Ekialdera zerua gorri dago. Elur geruza polita da, baina espero nuena baino txikiagoa.  Poliki-poliki, presarik gabe, ondo zapaldutako bidetik gorantz goaz. Pagadia oso polita dago.

Elorrolako lepoa gainditu eta aurrean Urbia eta Aizkorri zuriz jantzita azaldu zaizkigu. Salda bero bat hartzera eta atsedena epelean egiteko Urbiako fondan sartu gara. Suak piztuta dituzte eta ederki gaude, ondoegi agian, jaitzeko nagia sartzeko arrisku handia baitago eta.

Artzanburu

Erraketak jarri eta berriro abian, Urbiako errekatxoaren ondotik ipar-mendebalderantz goaz. Paraje honetan ez da inor pasatu eta elurra zapaldu gabe dago, ederra ikusten da. Iturgoenetako bazterrara iritsi gara, goitik behera datozen mendizale batzuekin topatu gara eta beraiek egindako arrastoa gorantz segi dugu.

Paisaia ederra ikusten da. Zeruan laino mehe batzuk daude, eguzki errea dago eta lainoek toki batzuetan laranja kolorea dute. Beste memento batzuetan berriz lainoak ilundu egiten dira eta paisaiak beste kolore tonu batzuk hartzen ditu. Benetan polita.

Artzanburutik Aizkorri aldera

Gaurko ibilaldiko aldapa gogorrena gainditu dugu eta Artzanburuzabala izeneko parajean gaude. Tontorra gertu dugu baina oraindik beste aldapatxo bat igo behar dugu. Azken esfortzua egin eta tontorra, Artzanburu (1.365 m). Panoramika ikaragarria, Pirinioetaraino ikusten da, eta gaurko argi jokoarekin elurtutako mendiek distira berezia dute.

Orain goitik beherako bidea bete behar dugu. Bizkorniako lepora jaitsi gara. Orain sakonetik hego-mendebalde norabidean goaz. Altuera pixka galdu ondoren eta haizea ez dabilen tokian, aska baten ondoan, mokadu bat hartu dugu.

Aloñamendi

Indarrak berrituta bidea segi dugu. Arriurdin, Arkaitz eta Buetreaitz oso politak ikusten dira. Eskistako aterpearen ondotik eta Mallako parajetik pasatu gara. Mallarrateko lepotxoan bide zabala utzi eta aldapan behera Duruko borden bila goaz. Txabolak han eta hemen sakabanatuta topatu ditugu.

Altuera azkar galtzen goaz. Elurra ere desagertzen doa, erraketak kendu ditugu, gaurko zerbitzua ondo bete dute.

Arantzazuko eraikinak agertzen hasi dira. Ibilaldia amaitzear dago. Goiz ederra pasa dugu.

TRACKA HEMEN