ENAREN IBILBIDEA

28.08.2015 22:00

Camillen xenda burutu ondoren Enaren ibilbidea egitea pentsatu nuen. Eta egun gutxi batzuen ondoren Asolazeko kanpinean nago ibilbidea hasteko asmorekin. Lau etapatan banatutako ibilbide zirkularra da eta etapa bakoitzean bi aukera daude, bata bestea baino gogorragoa. Ni Asolazen hasiko naiz eta hauek izango dira nire etapak: 1.- Asolaze-Txamatxoia-Linza. 2.- Linza-Petretxemako lepoa-Laberouat. 3.- Laberouat-Azuns lepoa-Jeandel (Arette). 4.- Jeandel (Arette)-Arlasko lepoa-Belagoa-Asolaze.

Asolaze-Linza.- Eguna ederra argitu du. Motxila prestatu, gosaldu eta martxan jarri naiz. Bidea kanpinen bertan hasten da eta pinu artean zidor estua jarraituz Asolazeko lepora igo naiz. Hemen Txamatxoiara doan bidetxoa jarraitu dut. Basoa atzean utzi eta malda aldapatsuetako belardietan zaldiak eta abelgorriak ikusten ditut. Bide nabarmenik gabe gorantz noa eta belar artean tarteka-tarteka zedarri batzuk topatu ditut.

Mendi-bizkar luzea pasatu ondoren tontorrean nago, Txamantxoia. Hemendik norabide guztietara dauden bistak ederrak dira.

Txamantxoia

Jaitsieraren lehen partea oso tentea da eta zoruan harri suelto dago eta kontu handiz jaitsi behar da. Nik tontorretik bertatik dagoen zidortxoa jarraitu dut, baina tontorretik zerbait atzera egin eta jaisteko modu erosoagoa egon daitekeela uste dut.

Zati hau jaitsi ondoren bide estuak pagadi trinkoan barneratu nau. Baso ederrean goitik behera bidea jarraituz Linzara jaitsi naiz.

Etapa motza da baina polita, paraje desberdinak eta paisaia ederrak ikusteko parada ematen duena.

Linza-Laberouat.- Bigarren egun hau ere ederra argitu du. Gosaldu ondoren aterpeko mugimendu utzi eta gaurko etapa burutzeko abian nago. Linzako Sobranteko maldak inguratuz Petretxemako lepora igotzeko txabola bat dagoen lautadatxoa zeharkatu dut. Bide hau asko gustatzen zait eta bertatik ibili naizen ia guztietan animaliak ikusteko aukera izan dut. Gaur ere horrela izan da, dozena bat sarrio bidean bertan zeuden, baina ikusi nautenean salto batean joan dira. Aurrerago beste irudi polit bat topatu dut, marmota bat bere kumearekin harkaitz baten gainean.

Ansabereko zirkua

Petretxemako lepoa, toki bikaina eta erakargarritasun handikoa da. Aurrean Ansabereko bordara jaisteko bide aldapatsua. Sigi-sagak eginez beherantz noa, Ansabereko orratz ikusgarriak zerurantz bertikalki altxatzen dira. Ansabereko bordan artzaina lanean dabil. Bideak basora narama. Atzera begiratu eta han dago Ansabereko zirku ederra begirada guztiak bereganatzen.

Basoan beherantz segi eta Pedaingo goi-ordokian agertu naiz. Hemen baso ertzean, itzalean eserita, mokadu bat hartu dut. Zelaian abelgorriak eta zaldiak daude. Bestaldean Hiru Erregeen Mahairen horma bertikalak, zelai eta basoen gainetik zerurantz altxatzen dira. Paisaia oso polita da.

Leku hau atzean utzi eta berriro pago artean Lamaryko zubira eta beherago Lamareich zubira eta aparkalekura iritsi naiz. Hemen Lescunera doan bidea utzi eta Anapiako bordara doan asfalto bidea segi dut, handik Sancheseko goi-ordokira igotzeko. Igoera pista zabaletik egin dut. Sanchese leku oso polita da, kareharrizko hormaz inguratuta, bi erreken urak bat egiten dute bertan, pagadiak inguruan, behiak eta zaldiak oinutsik jolasean dabiltzan umeekin nahasita. Itxuraz Lescungo familientzat aisialdi gunea da.

Ansabereko orratzak

Gora begiratu eta pagadian gainetik Mail Rouy, Queillarisse eta d’Eygarry puntak lotzen dituen kareharrizko harresia altxatzen da. Hor nonbait, horma horren azpian, Laberouat aterpea dago. Bertarantz doan bidea pago artean sartzen da eta hau jarraituz aterpera iritsi naiz. Begiratoki bikain batean kokatuta dago eta paisaia ederra ikusten da bertatik.

Laberouat-Jeandel (Arette).- Gaur ere egun polita argitu du eta eguneroko joera jarraituz, motxila prestatu eta gosaldu dut.

Goizeko lehen ordu hauetan martxan jarri naiz Anie, Countende eta Soum Couy mendiak aurrean ditudalarik. Berehala zidorra Lagraveko pagadi bikainean sartzen da. Pago, goroldio eta harkaitz artean, gutxika-gutxika altuera hartzen noa eta Ardinet parajeko belardietara iritsi naiz. Basotik kanpo, nire aurrean ditut lehen aipatutako mendi ederrak. Pixka gorago Cap de la Baitch borda dago. Bertan bidea bitan banatzen da, bat Anies lepora eta Anie mendira doana eta bestea Azuns lepora doana. Nik azken hau jarraitu dut.

Anie Sanchesetik

Artalde baten erditik pasatuz kareharrizko harresian ikusten dudan Azuns atakarantz noa. Bideak modu oso erosoan gainditzen du harresia. Atakaren bestaldean haizeak oso indartsu jotzen du eta ez hozteko txamarra jantzi behar izan dut. Ipar-mendebalderantz Osqueko ataka gertu ikusten dut. Bidean sarrioak topatu ditut, ziztu bizian maldan gora joan dira. Atakaren bestaldean hasierako metro gutxi batzuk nahiko tenteak dira, jaitsiera erraza da baina segurtasun gehiago izateko altzairuzko kable bat dago. Hemendik aurrera mendebal norabidea segi dut. Larra kareharrizko eremu karstiko erraldoiaren ipar ertzean nabil eta zeru ertzean Frantziako lautada amaiezina ikusten dut.

Poliki-poliki Aretteko eski estazioko eremura iritsi naiz. Soum Couy mendiaren maldan gora doan pista horietako bat pasatu eta GR-10ren markak jarraituz Arlas mendiaren maldapean dagoen Pescamoko goi-ordokira iritsi naiz. Eski pista jarraitu eta muinotxo batean dagoen Jeandel aterpera iritsi naiz.

Anie ilunabarrean

Jeandel (Arette)-Asolaze.- Afarian aterpezainak iragarri zigun bezala eguna eguzkitsua argitu du eta egun osoan zehar horrela jarraituko omen du.

Gosaldu ondoren aterpearen aurrean ikusten den Arlas lepora zuzendu ditut eguneko lehenengo pausoak. Lepo honetatik, dagoeneko Nafarroako lursailetan, Arlas mendiaren hego-mendebalde isurialdetik Pescamo leporaino joan naiz. Hemendik La Contienda parajea bere putzu urdin-urdinarekin oso polita ikusten da. Bertara jaitsi eta iraupen-eskiko pistak jarraituz errepidera iritsi naiz.

El Ferial izeneko parajeraino errepidez kilometro pare bat bete ditut. Hemen, indarrak berritu ondoren Zanporiko maldak ganaduen zidorretatik inguratu ditut eta beherantz joan naiz Belagoako aterpera bideratuko nauen GR-12 bidearen bila. Honekin bat egin ondoren aterpera berehala iritsi naiz.

Keleta eta Lakartxela Belagoatik

Eskilzarrako zelaira jaitsi eta Zemetoko pasabidetik jarraitu dut ondoren Belagoara jaisteko. Mata de Hayako tabernatxoan atsedenalditxo bat hartu dut.

Aurrera segi eta Belagoa errekaren parean Asolazeraino bideratuko nauen gorri eta urdinez markatutako bidea jarraitu dut. Asolazeko lepora iritsi baino pixka bat lehenago basoan pista bat irekitzen ari dira, eta zoruan dauden zuhaitz-adarren artean aurrera jarraitzeko zidorra aurkitzea pixka bat kosta zait. Behin lepoan Asolazeko kanpinera joateko jaitsiera motz bat besterik ez dago.

Lau eguneko ibilbide polita.

TRACKAK HEMEN

ASOLAZE-LINZALINZA-LABEROUAT LABEROUAT-JEANDEL (ARETTE) JEANDEL (ARETTE)-ASOLAZE.

ENAREN IBILBIDE OSOA.