EZKURRAKO MENDIETAN...

08.04.2015 22:02

Goizeko zortziak jo berriak dira. Eguna garbi-garbia eta oso haizetsu argitu du. Tarteka, tarteka haize boladak indartsuak jotzen dute. Gaur Zumarrestako eta Ezkurra erreken artean altxatzen den mendigunean ibiliko naiz. Mendi nagusi eta karakteristikoenak Erakurri (1.142 m) eta Iruñarri (1.050 m) dira, azken hau Elazmuño bezala ere ezaguna da. Eta malda hauetako tolesturetan Ezkurra herri polita dago.

Ezkurrako etxe ederren artean Iruñarrira igotzeko bidea hasi dut. Herritik gertu pinudi bat botatzen hari dira eta makinen joan-etorrien eragina nabarmena da. Hala ere bidea lehorra, lokatzarik gabe dago eta arazorik gabe aurrera noa. Kaztanezko bordaren ondotik pasatu, pinudia atzean utzi eta gurdibide batean sartu naiz. Orain haritzak eta pagoak daude bidearen bi aldeetan. Aldapa tentetzen hasi da, pago artean gorantz noa, beherago zelai baten hertzean Sargenelleko borda ikusten dut. Hegoaldean, Ezkurra errekaren bestaldean, Zuparroi eta Kornieta mendien lerroa altxatzen da. Hauen gainetan haize-errota zuriak nabarmentzen dira. Gaur jira eta jira etengabe dabiltza.

Iruñarriko menhirra

Garo-meta batzuen ondotik pasatu eta gutxira Iruñarriko menhirraren ondoan nago, Euskal Herriko monumentu megalitiko ikusgarrienetako eta ederrenetako bat. Tontorretik gertu, talaia paregabe batean dago. Bertatik Eki eta Hegoaldera panoramika ikusgarria dago. Tradizioaren arabera Otsola menditik Sansonek botatakoa omen da.

Soingogaina (1.039 m) eta Zelaitxokaskoraino (1.026 m) joan naiz. Gain belartsuak eta irekiak nondik, mendigune osotik bezala, panoramika ikusgarriak daude. Iparraldera Zumarresta errekaren haran bihurgunetsua dago. Mendigune honen gainetan Igartza erreka sortzen da, zirku estu eta sakon basotsu bat zabalduz Zumarrestako urekin bat egin arte. Nire asmoa zirku inguratzea da, tontor nabarmenetatik pasatuz.

Milaka urteetan mendi hauetan izan den bezala gaur ere artalde bat bazkan dago. Mendeetan zehar artaldeekin hemendik harantz ibiliz gizakiak jarraitutako bideak, gaur egun gure mendietako pasabide estrategikoen bila jarraitzen ditugun bide berak dira. Garai haietako bideak gaur egungoak dira. Belarra eta txilarra artean Iruñarrirantz noa. Antena-hedagailuaren ondotik pasatu eta azken aldapa igo dut. Iruñarri (1.059 m).

Argi-itzalak Mendaurko mendigunean

Mendebalderantz Erakurri altxatzen da.  Elur mantxa txiki batzuk ditu tontorrean. Goiz osoan haize hotzak, oso hotzak, indartsu jotzen du. Memento batzuetan oreka mantentzeko makilaz baliatu behar izan dut.

Bidea jarraitu eta Eskaingo lepo zabalerantz noa. Estazio megalitiko honetan hainbat monumentu megalitikoak daude. Aipagarrienak Iruñarriko menhirra eta Eskaingo lepoan bertan dagoen Jentil-Baratze izeneko mairu-baratzea. Gure arbasoen kulturan izan zuten indarraren adierazpen argiak dira. Artzaintza kultura zen, eta artzaintza gune haiek, harrigarria bada ere, gaur egungoak dira. Antzinako transhumantzia igarobidea. Gizakiak joan egiten gara, harriak irauten dute.

Erakurri Soingogainetik

Aurrean Olegiko (1.064 m) muino harritsua dago eta bertako harkaitzen artean hamarretako egiteko babesa aurkitu dut. Atsedentxoa hartu ondoren bidea jarraitu dut, eta Erakurriko gaina inguratuz Muinoaundiraino joan naiz. Minutu batzuk paisaiari begira egon ondoren metro batzuk atzera egin eta Erakurrira igotzeko aldapan gora hasi naiz. Minutu gutxitan goian nago. Erakurri (1.142 m). Panoramika oso, oso polita eta zabala da. Kantauri itsasoa, Aiako Harria, Larrun, Mendaur, Auza, Pirinioak, Itzaga, Higa, Aralar, Aizkorri, Anboto, Izarraitz, Hernio, Mandoegi… ikusgarria.

Hego-mendebalde norabidea hartu eta Perralekuko lepora jaitsi nahiz. Bertatik Leitzatik Doneztebera doan errepidea igaro da. Gertu Ezkurra errekaren sorburua dago. Errepidea pasatu eta gurdibide bat jarraituz, beherago doazen uren norabide bera segitzen dut. Bide ertzean pagoak, haritzak, zelaiak, baserriak, gaztainondoak… aurkitu ditut. Alanbre hesi pare bat gainditu eta herrira iritsi naiz. Ibilaldia ederra izan da.

TRACKA HEMEN