GANEKOGORTAKO HEGO ISURIALDEAN…

13.12.2015 20:28

Okondoko San Roman auzoan gaude eta Ganekogortako mendigunean ibilalditxo bat egiteko asmorekin gerturatu gara.

Aiarako haranean mendiz inguratuta Okondo herri arabarra Bizkaiako mugan dago. Nekazaritza, abeltzaintza eta mendien ustiapena jarduera ekonomiko garrantzitsuak izan dira eta gaur egun horrela diraute, hala ere herritar askok Laudioko enpresetan eta inguruko zur-industrietan lan egiten dute.

Ondare historiko eta kultural aberatsa osatzen du: errotak, burdinolak, Zurikaldai dorretxea edo ondare erlijiosoa esaterako.

Ganekogorta

Goizeko zortzi t’erdiak dira eta eguna ederra dator. Auzoko eliza atzean utzita Ipar-mendebal norabidea segi eta Ugalde auzora jaitsi gara. Auzo gainetik altxatzen den Landeta muinoko malda aldapatsuan gora goaz. Asfalto bideak Uribe, Mendibil eta Maguregi baserrien ondotik igaro ondoren Landeta baserriraino zuzendu gaitu. Hego-ekialdeko zeruertzean Gorbeako irudi iluna ikusten dugu eta ezkerrerago lainoen gainetik Durangaldeko mendi puntak azaltzen dira. Eskuinerago berriz Garobel mendilerroan “bollo” izeneko lainoa ikusten dugu.

Pinudian barneratzen bide zabaletik Kiputzetako Landa izeneko lepora igotzeko aldapari aurre egin diogu. Behin lepoan mendiguneko mendebal isurialdea dugu bistan eta Peñalba de Lerdanoko mendiak eta Hornijoko mendilerroa ikusten ditugu. Bidea iparrerantz jarraitu dugu eta berrehun metroko desnibela gainditu ondoren Gallarragako (902 m) tontorrera iritsi gara. Ganekogorta mendilerroko garrantzitsuenetako bat da eta Pagero lepoaren bidez Ganekogortara batuta dago.

Ganeko inguruan

Hemendik Kantauri itsasoa eta Nerbioko itsasadarra bistan ditugu. Haize hotzak indartsu astintzen gaitu eta tontorrean denbora gutxi pasa dugu.

Pagero lepora joateko ekialdeko isurialde malkarretik jaitsi behar gara. Tarte tenteena pasatzeko oso lagungarriak diren altzairuzko kable eta soka bat topatu ditugu. Pagero lepo inguruan betizu talde bat lasai dago. Norabide mantenduz Pagero eta Arrabatxu gainetatik pasatuz Ganekogortako (998 m) tontorrera iritsi gara. Panoramika ederra eta oso, oso zabala dago gain honetatik.

Ganekogortako mendigunea Nerbioi eta Kadagua ibaien ibar industrializatuen artean dago eta Bilbao metropolitanoaren gainetik altxatzen da. Bere altuera eta hedaduragatik Nerbioi kostako garrantzitsuena da. Mendiguneko tontor garaiena Ganekogorta da. Kolitza, Gorbea, Oiz eta Sollube mendiekin batera, puntan sua eginez eta adarra joez Bizkaiko Batzarretara deitzeko erabiltzen zen deiadar-mendia da. Mendizaleentzat Bilboko mendi nagusiena da, nahiz eta Pagasarrira pertsona gehiago hurbildu. Jende artean tontorra Bizkaia eta Araba arteko muga da, baina mapen eta bertan dauden mugarrien arabera tontorra Bizkaiko sailetan dago.

Ermuko santutegia

Jaisteko hego norabidea segi dugu eta Kurtziaga lepora iritsi aurretik Kortzetako urtegi txikia ikusi dugu. Kurtziagan ere betizu beste talde bat topatu dugu. Lepotik gertu Gazteluzar mendia dugu eta bertarantz zuzendu ditugu gure pausoak. Mendiguneko beste tontor bat da, Ganekogorta eta Kamaraka tontorren artean eta Aretxiger eta Krutziaga lepoen artean dagoena. Tontorretik oso gertu pasatu gara segidan Aretxiger lepora jaisteko.

Kamaraka mendia Hego-ekialdean ikusten dugu baina gaur ez dagokio bertara joatea. Lepoan beherantz San Antonio baselizaraino segi dugu. Bidean elur-zulo baten hondarren ondotik pasatu gara. Ermuko Andra Mariren Santutegia eta Santa Luzia baseliza bost minutura daude. Santutegian nekropoli bat eta tenplua baino zaharragoa den zoru bat aurkitu dituzte.

San Roman

Santutegia atzea utzi eta hego-mendebalde norabidea segi beherako bidean. Koskorra eta Supikando muinoak inguratuz Mendieta baserrira iritsi gara. Ibilaldia amaitzear dago, Belardi artean San Roke gertu ikusten dugu eta harantz goaz.

Eguraldi ederra izan dugu eta ibilaldi polita burutu dugu.

TRACKA HEMEN