GR 282 ARTZAINTZA NATURBIDEA. 10. etapa. LANGRAIZ OKA - OKINA
Etapa honetan Gasteiztik Hegoaldera zabaltzen diren Gasteizko Mendiak izeneko mendi multzoaren lerroa ia osorik jarraitu dugu. Tontor leuneko gain hauetatik Arabako Lautadako eta Trebiñuko panoramika ederrak daude. Iparraldeko pago eta erkametz baso hezeen eta Hegoaldeko artadi eguzkitxoen arteko muga naturala da eta txangozaleari era askotariko landaretza artean ibiltzeko aukera ematen dio. Amaiera mendiartean ezkutuan dagoen Okina herritxoan izan da.
Dirudi egun lehor eta beroa izango dugula. Goietan haizea mugituko delakoaren esperantzarekin abiatu gara. Langraiz Oka atzean utzi eta Gasteizko Mendien lehen aldapei aurre egin diogu. Subilla-Gasteiz herrian Simon Anda-Salazarren XVIII. mendeko jauregi barrokoa nabarmentzen da. San Miguel (946 m) muinoan mendizerrako gaina hartu dugu eta Barrateko lepoa zeharkatuz Bustoko Gainara (978 m) igo gara.
Zaldiaran
Pagadi polit batean barneratu gara. Eskertzen dugu pagoen itzalaren freskotasuna. Silo lepoa pasatu ondoren Zaldiarantz mendira igotzeko bidea jarraitu dugu. Tontorrean gurutze handi bat eta hau baino askoz handiago den antena bat dago. Zaldiaran (978 m).
Tontorretik gertu eta Gometxa herriaren gainetik dagoen Pikozorrotz izeneko puntan Zaldiarango gaztelua omen zegoen. Tradizioak dioenez bertan mairu edo jeinu bat bizi zen eta ume batekin batera gazteluaren ate ondoan eserita, urrezko orrazi batekin bere ile luzea orrazten omen zuen.
Bideko bitxikeriak
Zaldiaran edo Berroztegietako mendatea pasatu eta pago artean Doroño mendiaren maldak ipar isurialdetik zeharkatu ditugu. Pago itzalpean jarraituz Arrieta mendiko igoera hasi dugu. Arrieta (1.001 m). Alde batera Arabako Lautada, Gorbea, Anbo, Aizkorri, eta Trebiñuko harana.
Goitik beherako bidea segi eta Rostetako gaina eskuinera utzita Gasteizko mendatera jaitsi gara. Orain Pagogan eta Zalbizkar (1.045 m) mendietara joateko bide luzea dugu aurretik. Belardi gune zabal bat pasatu dugu, beroak ondo zigortu gaitu bide tarte honetan. Azkenean basora iritsi eta itzala eskertu dugu. Hasieran erkametzak, gero pagoak eta azkenean Betoñoko “colada”tik gora gainetako belardietan berriro eguzkipean. Pagogan mendiko igora luze egin zaigu baina lortu dugu. Pagoan (1.029 m). Eta oso gertu Zalbizkar dago. Bien arteko lepotxoa pasatu eta laster batean tontorrean gaude. Ibilaldiko puntu garaiena. Zalbizkar (1.045 m). Bi mendi hauetatik bista politak daude.
Okina
Pagogan eta Zalbizkar muinoak pasatuta Okinara iritsi gara. Ayuda ibaiaren ibar-buruan eta Trebiñu eta Arabako Lautadaren arteko garai bateko bidean dagoen abeltzainen antzinako herritxoa da. Erdi Aroan hemendik igaro zen Ardo eta Arrainaren bidea eta merkatal jarduera garrantzitsua garatu zen bertan.