GR 282 ARTZAINTZA NATURBIDEA. 12. etapa. ANTOÑANA - OPAKUA

04.10.2014 23:07

Etapa honetan Antoñana herri gotortutik abiatu, soro eta basoen testura eta kolore desberdinen mosaikoan oinez eta Iturrietako mendiak zeharkatuz, Opakuako mendateraino joango gara. Baso mardulak dituzten mendi hauek bi lerro edo mendi-bizkarretan bananduta daude. Hegoaldekoan hiru tontor nagusi daude: Illarratza (1.142 m), Kapitate (1.119 m) eta Abitigarra (1.165 m). Iparraldekoan, Azazeta eta Opakua artean, berriz, Arrigorrista (1.149 m) eta Larredez (1.104 m) aipa genezake. Bi mendi-lerro hauen artean Igoroin haitzarte ederra dago.

Goizeko zortzi t’erdiak dira eta Antoñanan gaude. Nafarroako Antso Jakintsua erregeak 1.182. urtean eraikitako herrian. Erdi Aroko harresia gaur egun etxebizitzen parte da.

Nagiak astindu eta goizeko freskurarekin martxan jarri gara. Sabando errekaren ibarrean barneratu eta bide zabal batetik arte, erkametz, gurbiltz, serbal… artean aurrera goaz. Soro artean Oteo herritxora iritsi gara. Bere kaleek aire historikoa mantentzen dute. Eraikin guztien artean San Mames eliza nabarmentzen da.

Done Bikendi Harana

Arte eta ametz artean bidea jarraitu dugu. Done Bikendi Harana, soro eta belardiz inguratutako landa izaerako herria da. Bertara iristeko haritz eta ipuru artean ibili gara. Herritarrek eguraldiaren laguntza eskatzeko “Mayo”ren jaia izena duen jatorri paganoko erritoa  ospatzen dute. Hainbat sinbolo desberdin jartzen zaizkion zuritutako pago enbor luze eta zuzen bat herrian maiatzean altxatzen da eta zutik irauten du irailaren 14an beste ospakizun batean kentzen duten arte.

Hamarretakoa egiteko leku bikaina. Iturri ederra duen plazatxo batean gelditu gara.  Indarrak berrituta bediea jarraitu dugu. “Mayo”ari eraikitako monumentuaren ondotik pasatu eta Abitigarra mendirantz goaz. Pago artean aldapa gora zidor polit batek Zanarriko gainean dagoen Santa Teodosia baselizaraino bideratu gaitu. Baselizaren ondoan zuhaitz singularra bezala katalogatutakoa dagoen lizar handi bat dago. Paraje ederra.

 

Iparralderantz jarraitu eta berriro pago artean sartu gara. Poliki-poliki ametzak, arteak, ipuruak, elorriak… pagoen tokia hartzen doaz. Zuhaiztia atzean utzi ondoren Igoroin haitzartearen bazterrean dagoen Roitegi herrira iritsi gara. Garai batean garrantzizko herria izan zen, bertatik igaro baitziren Opakua eta Egileor mendateetako bideak.

"Mayo"aren eskultura

Iturrietako mendietako goilautada zeharkatu eta Maeztu eta Partzoneriaren arteko mugaren norabidea jarraituz, Larredez mendiaren tontorrera igo gara. Arabako Lautada ikusteko behatoki aparta da hau. Ipar isurialdeko malda malkartsuetako pagoak udazkeneko koloreak jazten hasiak dira. Tontorraren bertikalean, soroz inguratuta, Alangua herritxoa dago, iparrerago Agurain eta zeruertza ixten laino barra batek ezkutatzen dituen mendiak: Gorbea, Anboto, Aizkorri…

Harkaitz eta pago artean mendizerraren ertza segituz Alanguako lepora iritsi gara. Sustraiaz baliatuz pago batzuek harkaitzak indarrez besarkatzen dituzte, lurrarekiko lotura galtzeko beldur balira bezala. Aurrean eguneko azken aldapa dugu. Hau gainditu eta Arrigorristako punta basotsuan gaude. Baso hau oso polita.

Larredez

Etaparen bukaera sumatzen dugu. Aurrera goaz, pago artean Arrizabalaga lepotik pasatu gara eta… hor aurrean dago, Opakuako mendatea. Bukatu dugu ibilaldi zoragarri hau.

TRACKA HEMEN