GR 282 ARTZAINTZA NATURBIDEA. 5 eta 6. etapak.
IZARRA-VILLALBA DE LOSA eta VILLALBA DE LOSA-FRESNO DE LOSA.
Hasita genuen Artzaintza Naturbidea burutzeko egitasmoa berrartu dugu, 2013an hasi eta baztertuta genuena hain zuzen. Arantzazutik Izarraino aurreneko lau etapak beteta, bide honetara bueltatu eta Izarran (630 m) bosgarrena hasi dugu.
Eguna zoragarria dago eta mendi egun eder bat izango dugulakoan aurrera goaz. Hasiera itxura onekoa da, pagadi txiki baina eder batean barneratu gara. Gertu dagoen Estuñagan tontorrera igotzeko naturbidetik atera gara. Estuñagan (843 m). Urkabustaiz haraneko bista zoragarria eskaintzen digu, Gorbea, Gorobel mendizerra, eta abar luze bat ere ikus dezakegu bertatik.
Bidea berrartu eta Hego-mendebal norabidean Delikaren bila Gibixoko mendizerra zeharkatzen hasi gara. Desnibel txikiko bidea da, belardi batzuetan zaldi eta abelgorriak ikusten ditugu, baita mota desberdineko zuhaitzak, pagoak nagusi direlarik.
Delika
Bide atseginean aurrera goaz eta mendizerrako ertz bertikal ikusgarrira iritsi gara, barrenean Arrastariako haranean Nerbioi gaztearen urak abian jartzen dira. Gure parean, arroilaren bestaldean, Delikako Jauzia, gaur tantarik gabe. Paisai ikusgarri honi begira ertza zeharkatzen goaz.
Delika ibaiaren ibilgu lehorra hamarretakoa egiteko aprobetxatzen dugu. Eguzkiaren epeltasun goxoan, amildegitik gertu dagoen haize freskotik babestuta, mendizale hamarretakoa lasai jan eta atsedentxoa hartu.
Berriro bidean minutu batzutan Delikako Behatokira (820 m) iritsi gara. Ikusgarria. Amildegiko ertzetik doan zidorra jarraitu dugu. “Lobera” baten ondotik ere pasatu gara. Bidea oso polita da eta bista ederrak eskaintzen ditu. Aldapatxo baten ondoren Arandoko tontorrera iritsi gara. Hemen ere behatoki bat dago. Arando (936 m). Urduñako mendatearen atzean Gorobel mendizerraren amildegia Ipar-mendebalderantz luzatzen da.
Gu Hegoaldera goaz eta Santiago Mendiaren Monumentu Naturaleko Erreserban sartzen gara. Pista batetik pagadian behera aparkaleku batera iritsi gara. Naturbidearen markak mendebalderantz jarraituz edertasun handiko pagadi batean sartu gara. Inguru polit hau pasatu ondoren Hego-mendebal norabidea hartu dugu Ramalejo mendiaren maldak zeharkatuz Berberana (620 m) herrira jaisteko. Eguerdia da eta eguzkiak ondo berotzen gaitu.
Herrian dauden bi tabernetako batean trago freskagarri on bat hartu eta ondoren eliza aurreko lorategiko itzalean pixka jan dugu. Atseden lasaigarri baten ostean etaparen azken parteari aurre egiteko prest gaude.
Etxe artean Tumecillo ibairaino jaitsi gara, bestaldera pasatu Murita (620 m) herritxorantz joateko. Hemendik aurrera zereal soro berdeen artean Villalba de Losaraino (670 m) joan gara.
Losako harana
Atzoko jardunaldi ederraren ondoren seigarren etapa burutzeko prest gaude. Losako haranean hasi eta Gorobel mendizerran ibilaldi luze bat egin ondoren, abiapuntutik gertu, Losako haranean bukatuko dugu.
Goiza fresko dago eta soroak zurixka daude. Ipar-mendebal norabidean goazen bitartean eguzkiak soroei berde kolorea itzultzen die. Humedo ibai gaztea pasatuta Ipar norabidean jarraitu dugu. Altuera pixka bat hartu ondoren zuhaitzen artean sartu gara, zereal soroak haranean gelditu dira.
Mendian ezkutatuta dagoen Zaballa (700 m) herritxotik pasatu gara, mendi-hegiari itsatsita dauden etxe gutxi batzuk osatutakoa. Berozal parajean gora goaz, belardietan ganadua dago, mendi-bizkarraren bestaldera pasatu eta, Los Borrones errekaren haitzartean dagoen Mijala (720 m) herritxoa agertu zaigu, landa etxe gutxi batzuk osatzen dutena.
Herria atzean utzi eta gune garbian altuera hartzen goaz, laster belardiz betetako goi lautada zabal batera iritsi gara, bertan ganadua bazkan lasai dabil. Txarlazoko tontorrean dagoen monumentu erraldoiaren irudia aurrean ikusten dugu. Baina bidea Ekialdera doa, Fraidebururantz. Angel Sopeñak 1.924an lehenengo aldiz eskalatu zuen forma bitxiko harkaitz honi begira gaude.
Fraideburu
Txarlazo (933 m) tontorretik Urduña eta Arrastariako haran ederrera azaldu ditugu gure buruak. Delikako arroilaren parte ere ikus dezakegu. Inguruan, amildegitik gertu sai ugari hegan dabiltza. Mokadu bat hartzeko toki oso egokia dela eta, horretara jarri gara.
Txolopera igotzeko aldapa tentea gainditu dugu. Txolope (1.034 m). Panoramika ikusgarria da. Amildegitik gertuko bidea jarraituz Solaiera (1.038 m) eta Bedarbide (1.041 m) tontorretatik pasatu gara. Aurrean, La Ponata sakonaren bestaldean, Tologorriko (1.073 m) branka altxatzen da.
Eguna bero dago, sakonean txabola baten ondoan dagoen iturriaren bila goaz baina, ez du urik. Aurrean dugun bidean ura izango dugunik ez dakigunez, duguna neurtu beharko dugu.
Lastrillako (1.120 m) lepora igo gara. Hemendik Hego-mendebalderantz, oraindik urruti dagoen etapa amaiera ikus dezakegu. Gorobel mendizerrako arrasoetatik goaz. Kobatako saroira jaitsi gara, Ungino (1.099 m), Eskutxi (1.185 m), Añes (1.133 m) eta Moscadero (1.132 m) mendien malden artean dagoen paraje polita da hau. Hemen dagoen iturria kantinplorak betetzeko eta berriro indarrak berritu eta atseden bat hartzeko aprobetxatu dugu.
Txolopeko gaina
Berriro arrasoetara igo eta Bustantiegoko bidea hartu dugu, mendi-bizkarrean behera Losako haranera doana. Barrigara (720 m) iritsi gara, mendiaren maldan tolesturetan ezkutatu dagoen herritxoa. Ibilaldiaren bukaera gertu dago, Risca de San Pedro (979 m) mendiaren maldan, zereal soro goitik Fresno de Losa (750 m) ikusten dugu. Iristen ari garen bitartean bi egun hauetan burutu ditugun ibilaldien, baita aurrez burututako etapen ibilaldien edertasunari buru mintzo goaz.