GR 282 ARTZAINTZAREN NATURBIDEA. 15. etapa. ARTATZA - LIZARRAGA

26.10.2014 23:00

Etapa honetan Urbasa mendizerrako Ekialdea Hegotik Iparrera zeharkatuko dugu. Pagadi zabaletan eta larre gunetan ibiliko gara eta Urbasa eta Andia mendilerroen arteko mugan, Lizarragako mendatean hain zuzen, emango diogu amaiera. Milaka urte daramatza gizakiak mendizerra honetan eta ondare kultural garrantzitsua jaso dugu: artzaintza, ikazkintza, trikuharri, zutarri, tumulu… eta abar.

Eguna oso polita argitu du, zerua urdina dago. Ameskoabarrenako Artatza (634 m) herri politean hasi eta Ipar norabidea jarraitu dugu aurrean dugun baso aldapatsuan sartzeko. Hasieran erkametzak, arteak, ezpelak… daude, gorago pagoak dira nagusi eta hauen artean astigar eta elorri-zuriak ere ikusi ditugu. Bide ertzean karobi bat topatu dugu eta gorago, pago artean, txondor-leku bat ere bai. Poliki-poliki altuera hartzen goaz eta memento batzuetan hosto eta abarren artean Artatza ikusten dugu.

Pagadi

Urrako (1.042 m) atakan goilautadara iritsi gara eta pagadi zabalean, goroldio, harkaitz eta orbel artean, aurrera jarraitu dugu. Basoa oso polita dago, hostoek udazkeneko kolorez tindatzen hasiak daude, berdeak, horiak eta okre suabeak denak nahasiak mosaiko ederra osatuz. Disfrutatzen goaz. Dulantz (1.243 m) mendiaren gainera iritsi gara. Urbasako tontor garaiena da eta bista politak daude bertatik. Gertutasunagatik deigarriena Beriain mendia da, baina beste asko ere ikusten dira norabide guztietan: Kantabria mendilerroa, Baio, Gorbea, Aratz eta Aizkorri… Neguko egun garbietan Pirinioetako tontor zurituak ondo ikusten dira. Hamarretako egiteko memento eta toki aproposena dela eta, buzoi hondoko harkaitzetan eseri eta lasai egon gara.

San Adrian

Udazkena aurrera doa baina oraindik artalde batzuk ikusten dira. Partzuergoko hormatxoa Ipar norabidean jarraitu dugu, larreak, harkaitzak, pagoak, gorostiak, ipuruak eta elorriak paisaia osatzen dute. Neberako Gaina eskuinean dugularik Urritzagako (1.160 m) paraje zabalera jaitsi gara. Txabola batzuk daude. Zelaiak utzi eta berriro pagadi zoragarri batean sartu gara. Sakonune ugari dituen argigune harritsu bat pasatu eta Arronizko saroira iritsi gara. Basoz inguratutako belardi zabala da. Hemen Ekialde norabidea segitu dugu Aldabideko parajean basoan sartzeko eta berriro Ipar norabidea jarraitzeko. Pago artean Zalbideko (824 m) sakonera jaitsi gara. Zalbiden dauden Ilusiar, Astigardia eta Aldabideko trikuharriek adierazten diguten bezala leku hau gure arbasoentzat ere garrantzitsua izan zen. Urbasako artzaintza gune garrantzitsua. Horretaz gain garai batean inportantea izan zen Sakana eta Lizarra arteko antzinako harbidea hemendik igaro da. Gaur egun tarte batzuetan bide horren aztarnak kontserbatzen dira.

Ardiak

Bide zaharraren aztarna ederrak jarraituta, Zalbideko belardia zeharkatu, baso politean gora Tximuako leize ondotik pasatu eta Arrangarteko parajeraino igo gara. Ezkerrean, 500 bat metrotara, amildegiaren hertz-hertzean San Adriango (1.105 m) tontorra eta baseliza dago. Nahiz eta gaurko gure bidetik kanpo egon parajeak bisita bat merezi duela eta bertaraino joan gara. Hemendik bista benetan polita dago. Tontorrean eseri eta eguzkiaren epeltasunean paisaiaz gozatzen eta indarrak berritzen egon gara. Hemen goitik hurrengo hiru etapen nondik norakoak ere sumatu ditugu.

Bidea jarraitzeko ordua iritsi zaigu, atzera bueltatu eta Ekialderantz segituz Ollideko bidetik harkaitz, pago eta belar guneetan aurrera Lizarragako (1.021 m) mendatera iritsi gara.

TRACKA HEMEN