GR 282 ARTZAINTZAREN NATURBIDEA. 17. etapa. UHARTE ARAKIL - LIZARRUSTI
Etapa honetan Aralar Mendilerroko Parke Naturalean barneratu eta mendilerroko zati bat zeharkatuko dugu. Mendilerro karstikoa da, pagadi eta belardi gune zabalekoa, non kareharriak eta arrasoak ere nahasten dira. Edertasun handiko paisaia, balore interesgarriko baso eta fauna, ondare kultural garrantzitsua gordetzen duen gune naturala. Gizakiak 27000 urte daramatza mendi hauetan eta artzaintza jarduera milaka urtekoa da, eta horren lekuko aurkitu diren trikuharri eta aztarna megalitiko ugari eta historiaurreko lanabes aztarnak dira.
Otsotesareko trikuharria
Egun hauetan denboraldiko lehen elurrek Aralarreko gainak zuritu dituzte. Lainoak herriko teilatuetaraino sartu dira, baina ez dirudi euria botako duenik. Ipar norabidea hartu eta herria zeharkatu dugu Arakil ibaia eta Zamartzeko baselizaren bila. Laster Aralarreko aldapetan gora hasi gara Basajaunaren eta Jentilen lurralde magikoan barneratuz. Bidera irtengo ote zaizkigun kondairak, trikuharriak….. Erkametz, arte, astigar eta pago artean doan zidor estua eta oso politean gora San Migel santutegiraino joan gara. Hegoaldera Sakana lainopean eta Andia, Urbasa eta Aizkorriko mendilerroen panoramika polita dago. XII. mendean Santutegi erromanikoa eraiki zen IX. mendeko elizatxo bat zegoen tokian. Euskal Herriko historian eta kondairetan garrantzi handia izan duen tokia da. Neguko gau hotzetan, Aralarreko gainetan elur-bisutsak jotzen duenean, Aralarreko leizetik kanporatzen diren Goñiko Teodosioren kateen hotsak entzun omen daitezke, baita heriotzaz-zauritu zuen herensugearen orroak ere.
Artaldea Pagomarin
Berriro pago artean Ipar-mendebal norabidea jarraitu dugu Guardetxera jaisteko. Historikoki mendizaleentzat leku garrantzitsua izan da, bertan baitzuten platerkada beroa eta gaua pasatzeko kamaina bat, gaur egun aparkaleku bat besterik ez dago. Basoan Igaratzara doan bide zabala segi dugu. Bide ertzean Otsotesareko trikuharriak bide antzinatasuna adierazten digu. Putterriko Damaren begiradapean Ormazarretako belardiak pasatu eta lizar artean dauden Errenagako aterpe eta baselizara iritsi gara. Zintzurra bustitzeko iturri bat ere badago. Haize gutxi baina hotza dabil eta aterpetxoaren babesean hamarretako txiki bat egin dugu.
Zerua laino dago, altzairu kolorea du, metalikoa. Errenaga atzean utzi eta Aralarreko artzaintza gune garrantzitsu batean barneratu gara. Pardarri mendiaren maldetan Olamunoko zelaietan behera, Maizegi errekaren sakona ezkerrean eta zeruertzean Aizkorriko mendilerroa dugularik, Doniturrieta Azpiko bordetara iritsi eta zidorra jarraituz Enirioraino joan gara. Bidean artalde bat eta zaldi buru batzuk ikusi ditugu, baita abelgorri batzuk ere, egun hauetako belar freskoa aprobetxatu nahian goialde hauetan dabiltzanak. Malkorri, Gañeta eta Bustia mendien hegian, magiaz eta historiaz beteriko artzaintza gune historiko batean gaude. Txabolak, zelaiak, kortak, iturriak, lizarrak, trikuharriak, zidorrak,… inguratzen gaituzte. Uiduiko bordak gertu daude, baina gaur ez dagokigu leku eder horretatik pasatzea.
Lareo
Aitzaldeko iturrian ur fresko trago bat hartu eta Akaitztxiki eta Arrate Beltza mendien arteko Baiarrate sakon basotsuan barneratu gara Lareoko urtegiraino joateko. Urtegiak eta berau inguratzen duen basoak paisaia polita osatzen dute. Beherantz jarraitu dugu eta Agauntza errekaren ibarrean, Alleko eta Malkorburu mendien artean, paraje zoragarri batean aurrera Lizarrustira jaitsi gara. Hemen amaiera eman diogu ikusgarria izan den 17. garren etapari.
Lizarrustiko mendatean Aralarreko Parke-etxea, aterpea eta taberna dago.