GR 282 ARTZAINTZAREN NATURBIDEA. 18. etapa. LIZARRUSTI - OTZAURTE

23.11.2014 21:38

Etapa hau Goierri eta Burunda-Sakanaren arteko mugatik doa, pagadi zabal eta ederrak zeharkatuz. Holako basoek eskaintzen duten paraje ederraz gozatzeaz gain bidean goroldioz estalitako trikuharri ugari ikusteko aukera ere izango dugu.

Lizarrustiko Parke-etxean hasi dugu ibilbide hau. Eguna haizetsu dago. Udazkena aurrera doa, baina oraindik zuhaitzak kolorez tindatuta daude eta lurrean gehien nabarmentzen den kolorea gorrixka da. Aaskoa mendiaren malda tentean sigi-saga eginez, orbelez estalitako bidean gora altuera hartu dugu. Gaur ere Basajaun hemen ote dabil? Txaradigorri puntatik oso gertu mendi-bizkarrera iritsi gara.

Bernoako trikuharria

Nahiz eta gure ibilbidea tontorreraino ez joan, guk gertu dagoen puntaraino igo gara. Txaradigorri (986 m). Pago artean tumulu handia duen trikuharri bat dago. Hau ikusi ondoren bidea berrartu dugu. Goranzko eta beheranzko aldapak, trikuharriak (Mintetxuta, Zelatamuño), historiaz beteriko mugarriak eta guneak pasatzen goaz. Irumugarrieta (961 m). Tontor honetan 1.777garren urteko mugarri handi bat dago.

Lepoak eta gainak, Argonitz eta Bernoako trikuharriak, Bernoako galtzada (Ataun, Bakaikoa eta Urdiain arteko bidea), garai batean merkataritzarako bide garrantzitsua izan zena. Hemendik pasatzen ziren Kantauriko itsas portuetatik zetozen produktuak (azukrea, tabakoa, oihalak…) baita Ebroko bailaratik zetozenak ere (garia, artilea, ardoa,…). Mandazainak, bidelapurrak, kontrabandistak, artzainak, ikazkinak, egurgileak,… zenbat istorio eta kondaira gordeta pago hauen itzalean, historiaz beteriko bidea, xenda misteriotsua iraganera.

Intsusburuko gaina

Maripetraliñ Ataunen utzi eta sorginak gau osoa Bernoako gainean egon ote dira oilarraren kukurrukua entzun arte?. "ez geala, baño bagaittun; Maripetraliñ ez beste guztik emen gaittum".

Mendebal norabidean tontorrez tontor, lepoz lepo, mendilerroa jarraitu dugu, Tartalo edo iratxoak noiz agertuko zaizkigun. Basoan isiltasuna, orbelaren gainean gure pausoen hotsa besterik ez da entzuten.

Hurrengo tontorra Intxusburu (942 m) da. Hemen ere tontorrean bertan trikuharri bat dago. Zuhaitz eta argigune batzuen artean aurrera goaz.

Inauterietan sardea eskuetan duela Altsasura jaisten den erdi gizon, erdi zezen den Momotxorro izakia mendi hauetan bizi ote?. Arrastorik utzi gabe basoan ezkutuan ote dabil?.

Artzain-paisaia Otzaurten

Igartza eta Larreluzeko trikuharriak. Aurrera goaz. Gaurko ibilbidetik pixka bat kanpo egon arren, interesgarria iruditu zaigu eta Balankaleku (985 m) gainera igo gara. Hemendik bista ederrak daude: Aitzkorri, Aralar…. Ibilbidearen parte honetan pago artean alertze eta pinu basotxo batzuk ere badaude.

Mendiaren hegian behera joan eta Goierri eta Burunda arteko pasagunea den Etxegarateko mendatera iritsi gara. Iragana utzi eta egungo gizartearen estresa, abiadura eta zalapartaren adierazgarria den autobidearen aurrean gaude. Otzaurteko mendatearen bila errepidea gainditu eta bide zabaletik Mendebalderantz aurrera jarraitu dugu. Tarte batzuk pinu artean eta beste batzuk pago eta haritz artean bete ditugu. Azkenean, malda barrenean gaurko gure helmuga den Otzaurteko benta azaldu zaigu.

Ibilbide polita eta magiaz beterikoa.

TRACKA HEMEN