GR 282 ARTZAINTZAREN NATURBIDEA. 19. etapa. OTZAURTE - ARANTZAZU
Hasierako egitasmoaren helburua poliki-poliki betetzen joan gara, Arantzazu gero eta gertuago dugu eta gaur Artzaintzaren Naturbidearen azken etapa burutuko dugu. Aizkorri-Aratz Parke Naturalean zehar ibiliko gara. Edertasun handiko paisaia malkarra duen kareharrizko mendilerro karstikoan hain zuzen. Pagadi ederretatik eta Urbiako artzaintza gune garrantzitsutik pasatuko gara. Bidean balio natural eta kulturalak nabarmentzen dira.
Negua ate joka dugu eta dagoeneko mendiak zurituta daude. Eta elur artean Otzaurten hasi dugu gaurko bidea eta Arkalingo pagadian gora Beundako lepora iritsi gara. Lainoak mendia hartuta du eta gertuko paisaia besterik ez dugu ikusten. Zuri-beltzezko irudi ederrak eskaintzen digu basoak. Altuera hartzen goazen heinean elur geruza loditzen doa. Xendaren markak jarraituz Añabasoko (960 m) tontorrera igo gara.
Beunda
Basoan behera Ubier errekaraino jaitsi eta Mikeleteen etxe zaharraren ondotik pasatuta Sandratiko (1.020 m) kobaren bila goaz. Aizkorri eta Aratz arteko Leizarrate lepoan dagoen tunel naturalera hain zuzen. Egiten hari diren indusketa lanak agerian uzten ari dira leku honek Erdi Aroan, 1.200garren urteaz geroztik Gaztelak Gipuzkoa menpe hartu zuenetik izan zuen garrantzia. Barruan eraikinak zeuden eta gotorleku ordeak ere betetzen zituen.
Kobaren babesean hamarretako txiki bat hartu dugu. Tunela pasatu eta gaur egun kontserbatzen den galtzadan aurrera Portuzarra leporaino igo gara. Galtzada erromatarra deitzen zaio, baina adituek Erdi Arokoa dela diote. Hemen elur geruza dezentekoa da. Inguru guztia benetan oso polita da, magikoa.
Pago mardulen artean aurrera jarraituta Linategieta, Askiola, Pagomakur eta Pagarretako lepoak, atzean utzi ondoren, basotik kanpo dauden Lazkaolatzako artzain txaboletara iritsi gara. Haize hotz eta hezeak astintzen gaitu. Urbian gaude, borda eta zelai artean, mendiko artzaintzaren paisaia ederrean, nahiz eta gaur ez ikusi, Aizkorriko kareharrizko tontorrak, Urbiako belardiak, Urkillako basoak, Arantzazuko sakona….. Belardietan dauden trikuharriek (Pagarreta, Pagobakoitza, Kalparmuñobarrena,….) adierazten digute neolitiko garaietatik artzaintza gune inportantea izan dela.
Sandratira iristen
Indarrak berritzeko Urbiako fonda leku ezin hobea izango dela eta, bertan geldialditxo bat egin dugu. Salda beroa, txorizo muturtxoa, ardo tragotxoa, lagun arteko solasaldia,…. horrela bai, horrela mendian bai ibili.
Orain dela denbora asko, gizakia oraindik gaztea zenean, Eguzkia eta Ilargia existitzen ez zirenean, jeinu gaizkileak iluntasunean nonahi aske gizakiak beldurtzen ibiltzen ziren. Horren berri izanda Ama-Lurrak Ilargia eta Eguzkia sortu zituen argiarekin gizakia babesteko, baina jeinuek argira ohitu eta berean jarraitzen zuten. Orduan Ama-Lurrak eguzki-lorea sortu zuen eta honen aurrean jeinuek atzera egin zuten. Harrezkero etxeetako ateetan eguzki-lorea jartzen da etxea eta bertakoei babesteko.
Bidea jarraitzeko mementoa dela eta lizar artean, Zabalaitz eta Gorostiaran mendien artean dagoen Elorrolako leporantz goaz. Atzean utzi ditugu Urbiako zelai eta Aizkorriko kareharrizko punta zuriak. Aurrean Arantzazurainoko jaitsiera dugu. Hemeretzi etapatan burutu dugun ibilaldiaren hasiera eta amaiera. Poza sentitu dugu, baita pena pixka bat ere bidaia hau bukatzear dagoelako.
Bide erosoa jarraitu pago artean goitik behera goaz. Paraje ederretatik pasatzen hari gara (Gorostiaran, Otraitz, Erroitiko iturria –elezaharrak dionez Rodrigo Baltzategi artzainari hemen agertu zitzaion Ama Birjina-). Garai batean inguru honetako biztanleek artzainak ziren eta beren artaldeak mendi hauetan ibiltzen ziren. Pagoak atzean utzi eta, Laorga eta Saenz de Oiza arkitektoek diseinatutako Arantzatzuko dorre bitxien irudia bistan dugu. Arantzazu, artzaintza, erlijio, euskal kultura eta mendizaletasunarentzako gune garrantzitsua dena.
Portuzarra inguruan
Neguko egun batean hasi genuen bidea eta negu atariko egun elurtsu batean itxi dugu eraztuna. Hemeretzi etapa eta hemeretzi egun zoragarriak izan dira. Ilusioz beterik motxila bizkarrean eta botak oinetan, haizea aurpegian dugularik, pausoz pauso, ibilera lasaiko jardunaldi bikain hauetan Euskal Herriko artzaintza gune garrantzitsu batzuk lotu eta edertasun handiko paisaiak, dudarik gabeko aberastasun handiko leku naturalak, kulturalak, historikoak… zeharkatu ditugu.
Etapa batzuetan bidetik pixka bat irten gara gertu dauden tontorren batzuetara igotzeko, baina berriro bidea berrartu izan dugu.