GURE KASA CAMILLEN XENDATIK….

20.08.2015 21:50

Camillen xenda Pirinioetako Mendebaldeko Haranen Parke Naturaleko bazter ederrenetara bideratzen zaitu. Camillek, Mendebal Pirinioetako azkenetariko artzak, inguru hau bere bizi leku zuen. Bertako bideak zeharkatuz Estanes eta Arlet aintzirak, Sarrioen harana, Sansanet basoa, Aspeko zintzurra edo Lescungo zirkoa bezalako paraje ikusgarriak ezagutuko ditugu.

Ibilaldia gure kasa egin dugu, izena eman gabe eta aterpetxeetan erreserbak egin gabe. Etapak gure erara antolatzeko askatasuna eman digu, baina aldi berean zama gehiago eramatea behartu gaitu. Linza-Gabardito etapa zatitu egin dugu, horrela lehenengo etapa Zurizan hasi eta Bisalticon bukatu dugu. Bigarrena Bisaltico-Lizara izan da. Besteak berdinak egin ditugu eta azkena Lescundik  Zurizaraino luzatu dugu. Guztietan gaua aterpeetan pasa dugu Arleten izan ezik, hau beteta zegoen eta kanpin denda jarri behar izan dugu.

Alanoko mendilerroa

Zuriza-Bisaltico.- Lehenengo eguna lainotsu eta bustia argitu du. Alanoko mendilerroa ez da ikusten eta dudak izan ditugu. Kanpinean esan digute ekaitzik ez zeudela iragarrita eta ibilaldia egiteko moduko eguna izango genuela. Gauzak horrela, animotsu, motxila bizkarrean eta kapa soinean abiatu gara sei eguneko bidea betetzeko asmorekin.

Tatxerasko aldapa gogorrak igotzen ari garela, lainoak gero eta gorago daude eta ostarte batzuk ere ikusten dira. Tatxerasko ataka dotorea pasatu eta Alanoko goi-ordokira iritsi gara. Ingurua polita da, bakarrik gabiltza, isiltasuna, lasaitasuna….

Cuello de Marcón eta Ralla de Forca mendien arteko De la Fuente haitzartean behera La Reclusa parajeraino jaitsiera luzea eta tentea burutu dugu. Bidean bere artalde bila zihoan artzain batekin pixka bat egon ginen. La Reclusa parajean babesleku ireki bat dago eta haren ondoan, eguzkiaren epeltasunean, indarrak berritzea eseri gara.

Ondoren pagadi polit batean gora Lenito Baxoko lepora igo gara. Aurrez aurre Agüerri eta Bisaurin mendiak nabarmentzen dira. Behean Hechoko harana eta bertaraino jaitsiera luze bat dugu. Chilburroko bordaren ondotik pasatu eta basoan behera Santana izeneko zubira iritsi gara. Lehenengo etaparen amaiera gertu dugu. Gabarditoko aterpera igotzeko bidea segi dugu eta puntu jakin batean utzi eta Bisalticoko kanpinera desbideratu gara gaurko ibilaldiari amaiera emanez.

Lenito eta Dios te Salve aterpea

Nahiz eta goizean egunak itxura oso kaskarra izan azkenean egun oso polita izan dugu eta paisaia ederraz gozatzeko aukerak eman dizkigu.

Bisaltico-Lizara.- Bigarren eguna garbi-garbia argitu du eta gosaldu bezain azkar bidean jarri gara. Aurreko egunean bidea utzi genuen tokira bueltatu eta basoan gora Gabarditora igo gara. Aterpea paraje oso politean dago eta Lenito mendiak begirada guztiak bereganatzen ditu. Inguruan dagoen iturri emankorrean ura hartu eta bidea segi dugu.

Hasieran basotik goaz baina hau atzean utzi eta sigi-saga batzuk egin ondoren goialdeko belardi zabaletan gaude. Alde batean Agüerri eta Bisaurin mendiak eta bestean Gabas mendilerroa. Paisaia benetan polita, orain poliki-poliki abelgorri buru artean gorantz goaz. Dios te Salve izeneko aterpe irekiaren ondotik pasatu ondoren Plan d’Anizko goi-ordokira iritsi gara. Behiak eta zaldiak aske gustura dabiltza belardi eder hauetan.

Bisaurin eta Secus

Poliki-poliki aldapa gora segi eta Foratón lepora iritsi gara. Ezkerrean Bisaurin indartsu altxatzen da. Aurrean Vernerako mendigunea, Aspe, Collarada… Lepoan bertan haizeak jotzen du eta metro gutxi batzuk beherago eseri eta paisaiari begira indarrak berritu ditugu. Ez dugu presarik jaisteko, Lizarako aterpearen teilatua behean ikusten dugu. Fuenfriako bailaran behera aterpera iritsi gara. Bigarren eguna oso polita izan da eta gustura gaude.

Lizara-Somport.- Dagoeneko hirugarren eguna argitu du eta aterpean mugimendua hasi da. Gu ere altxatu, motxilak prestatu eta gosaldu ondoren martxan jarri gara. Gaur ere egun ona izango dugula dirudi. Bisaurin eta Vernera mendigunearen arteko haitzartean gora doan zidorra jarraitu dugu. Harkaitzezko hormak bidearen bi aldeetan altxatzen dira, ingurua polita eta lasaia da. Pau de Vernera izeneko goi-ordokira iritsi gara. Parajea benetan polita da, Secus mendilerroa, Bisaurin, Vernera inguruan daude. Vernerako lepora igo eta aurrean beste bitxi eder bat: Sarrioen harana. Mendi artean ezkutaturik dagoen haran bildua eta ederra.

Punta batetik besteraino zeharkatu dugu eta beste aldean behe-lainoa da nagusi. Lainoaren gainetik mendien gainaik agertzen dira eta gehien nabarmentzen direnak Midi, Balaitous, Palas… dira.

Sansanet basoa

Estanes aintzirara jaisteko bidea hasi dugu eta iritsi garenean lainoa ireki egin da eta memento batzuetan aintzira ikusteko aukera izan dugu. Toki aproposa indarrak berritzeko.

Mokadu bat jan eta atsedena hartu ondoren bidea segi dugu. Estanesko lepotxora igo eta Chorrota izeneko ur-jauzira joateko bidea jarraitu eta Aspe zirkuko behe aldea zeharkatzen hasi gara. Bideak pagadi eder batean barneratu gaitu. Urteko garai honetan Chorrotan ez dago ur asko eta ez dugu arazorik izan Aspeko erreka pasatzeko. Zerua laino beltzez estali da eta euria bota behar duela dirudi.

Causiat lepoan Candanchura doan bidea utzi eta iparrerantz Bessatako lepoaren bila goaz. Artalde bat dabil inguruan. Euri tanta batzuk bota ditu. Kapa soinean eta Bessatako lepoan, txilarra artean, Candanchu muinoa gainditzen duen bide estua jarraitu dugu. Bestaldean Somporteko aterpetxea laino artean dago. Hirugarren eguna burutu dugu eta, gaur ere, ibilaldia oso polita izan da eta bazter politak ikusi ditugu.

Somport-Arlet.- Gaur eguna goibel argitu du eta meteoren iragarpenak ez dira alaitzeko modukoak. Hala ere martxan jarri gara. Ibilaldiaren hasiera goitik-behera da eta eguneko lehenengo pauso erraz eman ditugu. Artzain borda batzuetaraino jaitsi gara eta behe-lainoan GPSari begira bide zuzena hartu dugu. Sansanet baso zoragarrian sartu gara. Behe-lainoaren eraginez tokia benetan magikoa, ederra da.

Arriel, Palas, Balaitous eta Midi

Escuet artzain bordaren ondotik pasatu eta Borce basoan sartu gara. Maspetres harkaitzaren horma bertikalaren azpitik pasatu ondoren Espelunguereko paraje irekira iritsi gara. Aurrean, laino artean gorri-berde koloreko Acue mendia dugu. Arkaitz batzuetan eseri eta hamarretakoa egin dugu. Eguna lainotsu, baino ateri dago. Gaur ez ditugu paisaia irekiak baina basoak eskaini diguna oso polita izan da.

Orain Espelunguereko basoan sartu gara Couecq artzain gunean irteteko. Artzain borda pare bat dago, artzainak lanean ari dira. Batek Arlet aterpea ze norabidean dagoen esan digu. Grosse bordaren ondotik pasatu eta zidorra segi dugu.

Lupachouaou lepora iritsi gara. Orain Banasseko mendien ipar isurialde belartsua eta artzain gunea dugu bistan. Ardiak eta behiak han eta hemen ikusten ditugu. Xendak belardiak zeharkatzen ditu eta beste lepotxo bat pasatu ondoren, laino artean Arleteko aintzira eta aterpea daude.

Lenito eta Peñaforca

Laugarren etapa bete dugu, polita izan da eta eguraldi garbiarekin ederra izango dela sumatzen dugu. Aterpea beteta dago eta ondoko zelaitxo batean beste kanpin-denda batzuen ondoan gurea jarri dugu.

Arlet-Lescun.- Gaua hotza izan da. Zelaian antzigarra dago, baina eguna urdin-urdina argitu du. Motxilak prestatu, denda jaso eta aterpean gosaldu dugu. Etaparen hasieran mendien goialdean ibiliko gara, 1.800-1.900 metroko altueran gutxi gorabehera. Ibilaldiaren hasi-hasieratik bista bikainak ditugu. Arlet menditik Cordoguy mendiraino doan tontor lerroa ipar isurialdetik zeharkatu dugu. Lapassa bordan ere artzainak lanean ari dira. Zeruertzean ikusten diren mendi puntak kontaezinak dira, baina hori bai, Midi eta Balaitous besteen gain ederki nabarmentzen dira. Saoubathou lepoa basatu eta Guarde lepoaren bila goaz. Hemen plaka bat dago, Askatasunaren bidea hemendik igaro baitzen, Gerra Zibilean frankistatik ihes Frantziara zihoazenak eta urte batzuk geroago nazietatik ihesi Espainiara zihoazenak.

Ansabereko orratzak

Lepo honetatik hegoalderantz bista polita ditugu. Bisaurin, Acher, Peñaforca… pare-parean ikusten dira. Bidea segi eta Burcq tontorra inguratu ondoren Palo edo Pau lepora iritsi gara. Aurreko lepoan bezala hemendik ere bista oso politak daude. Lepoan bertan harkaitz batzuetan eseri eta paisaiari begira indarrak berritu ditugu.

Orain Lescuneraino jaitsiera luze bat dugu aurretik. Sigi-sagak eginez hasierako maldak jaisten ditugu. Paraje politean dagoen Bonaris bordaren ondotik pasatu, behera segi, Itchaxeko borda ondotik eta beherago izen berdineko zubitik pasatu gara. Orain bide zabaletik Labreñereko aparkalekura jaitsi gara. Hemendik aurrera asfalto bidetik, bukaeran zati batzuk izan ezik, Lescungo zirkuaren paisaia zoragarria bistan dugularik, Lescuneraino joan gara.

Gaua herrian sartu aurretik dagoen Lauzart kanpinean pasatuko dugu.

Lescun-Zuriza.- Azken etapa izango denaren aurrean gaude. Eguna ederra argitu du eta oso animotsu gaude. Gosaldu ondoren martxan jarri gara. Hasieran zirkuaren barrenerantz doan asfaltozko bidea jarraitu dugu. Lamareich parajean, aparkaleku bat dago, gorantz doan pista zabala segi eta aurrerago Lamary izeneko zubia pasatu ondoren mendi bide bat jarraitu dugu.

Pago artean, Ansabere errekatik gertu gorantz goaz. Pedaingo goi-ordoki politean zaldiak eta behiak bazkan daude. Ansabereko orratzak basoaren gainetik altxatzen dira, eskuinerago Escoueste eta Hiru Erregeen Mahaiaren hormak ere dotore ikusten dira.

Bidea berriro pagadian barneratzen da eta honen bukaeran paisaia bikaina zabaltzen zaigu begi aurrean. Ansabereko bordan gaude. Peña del Ibón tontorretik Ansabereko orratzetaraino luzatzen den zirku polita.

Atxerito, Sobarcal eta Ansabere

Indarrak berritu ondoren Petretxemako lepora igotzeko aldapa gogorrari heldu diogu. Poliki-poliki altuera hartzen goaz. Orratzen azpian gaude, lepoa bistan dugu, oraindik aldapa dago baina gertu ikusten dugu. Beste pixka bat gehiago eta lepoan gaude, Sobarcal eta Petretxema artean. Poza handia dugu, badakigu sei egun lehenago hasi genuen bidea amaitzeko ez dugula zailtasunik izango, goitik beherako bidea dela. Bestalde tristura puntua ere badugu, hain polita den ibilaldia amaitzear dagoelako. A ze nolako kontraesanak.

Petretxemako haitzartean barneratuko gaituen zidorra segi eta kareharrizko parajean sartu gara. Haitzartearen bukaeran pagadian sartu gara Linzako aterpearen aurrean irteteko. Bertan bazkaltzeko ordu polita dela eta, mahaian eseri eta menua eskatu dugu.

Ordu pare bateko egonalditxoa egin ondoren motxilak hartu eta Zuriza joateko bidea hasi dugu. Motza egin zaigu ia bost kilometro asfalto bidea bete dugu. Honela dugu sei eguneko zeharkaldi oso, oso polita eta gomendagarria den Camillen Xenda.

TRACKAK HEMEN

ZURIZA-BISALTICOBISALTICO-LIZARALIZARA-SOMPORTSOMPORT-ARLETARLET-LESCUN.

LESCUN-ZURIZACAMILLE XENDA OSOA.