HERNIO

28.10.2013 16:30

Herniopen gaude, Alkiza herrian, mendian paseo bat emateko asmorekin etorrita. Abiatu eta Hernialdeko leporantz joan gara, handik Hernioko gailur-lerroa Zelatuneraino zeharkatzeko asmorekin.

Urriko eguraldi ederra dago, haizetsua eta zeruan laino batzuk, tenperatura gozatzeko haina. Eta baldintza hauekin abiatu gara. Oria ibaiaren ibarra Andoain aldera  luzatzen da. Ibaiaren bestaldean mendi ugari altxatzen dira batak besteen atzean lerrokatuz. Lasai lasai aurrera goaz. Intxaurrondo eta gaztainondo batzuk bide hertzean, pinu eta pago artean igaro ondoren Hernioko gailur-lerroaren bizkarrera iritsi gara. Pare parean Txindoki eta Aralar mendizerra nabarmentzen dira.

Lizarbakarreko borda

Ehizarako postuak ehiztariz beteta daude. Mendiguneko gaina ehiztariez beteta dago, ala ere dirudi ez dela egun egokiena, ez baitugu tirorik entzuten eta. Mendiaren Hego-ekialdeko malda zeharkatuz Lizarbakarreko leporantz zuzentzen ditugu pausoak. Lepoaren izena ezin egokiagoa izan, bertan itxura ederreko lizar bat baitago. Altuera hartzen dugun heinean panoramika zabalagoa dugu eta Herniozabaleko tontorretik paisai ederrak ikusten ditugu, Iparraldera Kantauri itsasoa eta itsasertza, Hegoaldera berriz, barnealdeko haranak, Aralar eta Aizkorri mendizerrak….

Tokia eta ordua oso aproposa dela eta puntan hamarretakoa egitea pentsatu dugu. Pentsatu bakarrik ez, egin ere bai, harkaitzen ondoan haizetik babestuta.

Izarraitz, Aizpel eta Gazume

Berriro aurrera joateko ordua dela eta, panoramika eder honekin eta haizea buruan dugularik Eki-mendebal  norabidean  gailur-lerroa jarraitu dugu. Kareharri, zelai eta pago batzuen artean Ubeltz eta Aizpel tontorretatik pasatu gara. Gainetako bazka lekuetan dabiltza zaldi batzuk dabiltza, elurteak iritsi arte iraungo dute goialde hauetan.

Aurrean ikusten dugu Hernioko tontorreko gurutze handia. Kareharrizko tarte bat pasatu eta aterpetxora iritsi gara. Eguraldi txarra dagoenean asko eskertzen den babesa ematen duena. Ondoan harrizko gurutze bat eta besoetatik zintzilik burdinazko aro edo zirrindola batzuk. Elezaharrak dio gorputza hauetatik pasatzeak osasunerako onurak dituela.

Hernio

Tontorra oso gertu dago eta azken ahalegina egin ondoren Hernioko puntan gaude. Bertatik dauden bistak oso politak dira. Pirinioetatik Gorbearaino, Kantauri itsasotik Joar mendiraino. Bikaina. Baina benetan deigarria tontor honetan jarrita dauden gurutze kopurua da. Imajinatu daitezken mota, neurri eta itxurakoak. Ez dakit zein izan daitekeen beste mendietan gertatu ez den fenomeno honen  arrazoia. Eta jarri dituzten guztien arrazoiak errespetatuz uste dut tontorra desitxuratu dutela eta berezko izaera galdu duela.

Zelatungo lepoa historikoki pasagune garrantzitsua izan da, bertatik mendeetan zehar bidaiari, artalde eta artzainak, … igaro dira. Transhumantziako bidea bertatik igaro da.

Eguerdia da Zelatungo lepora iritsi garenerako. Bordako jangelaren babesa aprobetxatuz, lasai lasai bazkari pasada egin, mokadu on batekin indarrak berritu eta atsedenaldi bat hartu dugu.

Goizean hasitako zirkulua ixteko Alkizara jaisteko bidea hartu dugu. Zidorra Hernioko tontorpetik igaro da eta laster basoan barneratu gara. Lasai jaitsi gara, inguruaz disfrutatuz. Alkizako tabernan trago bat  hartu… eta hurrengoa nora? Ba ez zekiat, hainbeste dago ibiltzeko …..

 

TRACKA HEMEN