HERNIOZABALGO MAGALEAN

20.03.2015 22:00

Urola eta Oria artean Hernio mendiguneko tontorrak gailentzen dira. Paraje horretako gainetan kareharri zuria nagusitzen da eta behin baino gehiagotan elurtuta daudela dirudi.

Bailaraz eta muinoz inguratutako mendigune honek fauna eta flora ekosistema pribilegiatu bat gordetzen du bere baitan. Haritzak, lizarrak, hurritzak, gaztainondoak, astigarrak, pagoak, Douglas izei batzuk, belardiak, txilardiak…. eta hauetan bizileku aurkitu duten azeriek, azkonarrek, basurdeek, erbinudeek, lepazuriek, katajinetek, lur-saguek, muxarrek, mirotz zuriek, sai arre eta zuriek, belatzek, zozoek, okilek, gabiraiek, arrano sugezaleek…

Uretako lepoaren bidean

Egutegiaren arabera negua amaitzeko ordu batzuk bestarik ez dira falta, baina eguraldiak ekarriko diguna ikusteko dago. Anoetako San Juan kalean hasi eta bukatuko dugu gaurko ibilaldi hau. Eguna goibela egokitu zaigu, lainoek inguruko mendi guztiak estaltzen dituzte eta zirimiri hari du.

Hasi bezain azkar aldapa tente bati aurre egin behar izan diogu eta hau gainditu ondoren baserri multzo baterantz iritsi gara, hauen artean Aranotzagaundia eta Aranotzagatxiki baserriak daude. Orain harbide bat jarraituz Hernialdera iritsi gara, Hernioko magalean dagoen herri txikia. Bertatik Uzturre mendiaren eta Oria haranaren bista ederrak daude, baina gaur ez dugu horretaz disfrutatzeko aukerarik.

Mendikuteko gaina

Goranzko bidea jarraitu, Agirre baserri ondotik pasatu eta gutxira Aizkoateko kobazulora iritsi gara. Bere sarrera zabala ixten duen atea irekita dago eta sartu gara. Argia ez daramagunez sarreran bertan gelditu gara. Egindako indusketen lanen arabera historiaurreko gizakia inguru honetan bizi izan zen.

Herniozabalgo maldak zeharkatzen duen bidea jarraitu eta gure pausoek paraje eder batera eraman gaituzte. Malda malkar eta hezean goroldioak eta mota askotariko landareak pagoak besarkatzen dituzte. Aurrerago pinu batzuen artean Uretako lepora iritsi gara. 

Orain Mendikutera igotzeko hegoalderantz doan bide zabala segitu dugu. Ekialdeko malda inguratu eta hegoaldetik igoko gara. Bide ez da oso nabarmena. Jentillen meatza izeneko koba famatua ere inguru honetan egongo da. Tradizioak dioenez Mariren bizileku zen. Hernioko artzain eta baserritar batzuk suaz inguratuta zerua zeharkatzen ikusi omen zutena.

Pago bitxia

Laino artean gazteluko hormen hondarrak bistaratu ditugu, tontorrera iritsi gara, Mendikute (815 m). Albizturko lursailetan dagoen punta honetan Nafarroako Erresumako gazteluetako baten hondarrak daude. Hemen goitik dagoen ikuspegia paregabea omen da, beraz, kokapena ez da kasualitatea; gertu, Aralartik zetorren abelbide bat pasatzen zen, eta galtzada zahar baten aztarnak ere badaude. 1911an egin zen lehen indusketa, geroago 1992-1997 artean beste batzuk egin ziren eta bertan aurkitutako txanponen daten eta tresnerien (lantzak, geziak, sastakaiak, balezten gakoak, iltzeak, gerriko-belarriak, grapak, apaindurak, zeramika, hezurrezkoak, astialdiko fitxak, dadoak), guztira 2000 baino gehiago, arabera, Erdi Aroan (XII – XIV mendeen artean gutxienez) gotorleku gisa erabili izan zen.

Historiarekin izan dugun hitzordua laburra izan da. Lainoz inguratuta, bustita eta haize hotza dabilenez, beherako bidea segi dugu. Ipar norabidea daramagu, basotik irten eta lepotxo batera iritsi gara, aurrean dugun aldapa belartsuan gora joan gara Zelaitxikiko muinora iritsi arte. Pixka bat aurrerago ateri dagoela eta haizerik ez dabilela aprobetxatuz hamaiketako txiki bat egin dugu. Berriro martxan eta berehala Lizarbakarreko lepora iritsi gara. Orain Herniozabalera igotzeko azken aldapa falta zaigu. Hasiera tentea du baina gorago etzanagoa da eta laster batean gainean gaude.

Herniozabal (1.011 m). Mendiguneko gailur garrantzitsuenetako bat. Tontorrean Albizturko eta Alkizako lursailak mugakide dira, Tolosakoak ere bertaraino iristen dira eta Hernialdekoak, berriz, ekialderako puntaraino.

Zumitzaberriko karobia

Hemen ere ez dagoela denbora luze egoterik eta, Lizarbakarrera jaitsi gara. Altzubiko txabolatxoaren ondotik pasatu eta Alkiza eta Hernialdera doan xenda jarraitu dugu. Beherago bidea hau utzi mendiaren ipar malda zeharkatzen hasi gara. Baso barrenean doan bide laua da. Atxutegi eta Aillutz parajeak pasatu ondoren bideak nabarmen beherantz egin du. Zopiteko lepoan, Belakugainako harkaitzak saihesteko, Santairegierrekako sakonean sartu gara eta beherago Gorostigediko errekarekin bat egin dugu. Beherago ur hauek Alkiza erreka izena hartzen dute. Paraje hau zoragarria da, oso, oso polita, magikoa. Hemen harbide polit bat topatu dugu eta hau jarraituz haurrera segi dugu. Bide ertzean karobi bat izan zitekeenaren egitura zahar bat ikusi dugu.

Alkizara iritsi gara. Muino batean dagoen etxe ederraz osatuta eta belardiz eta basoz inguratutako herri txiki eta polita. Herriko tabernaren babesean freskagarri hartu ondoren bidea segi dugu. Orain Txurroa mendirantz goaz, eta honen hegoaldeko malda inguratuz Zumitza Nagusi baserri politera iritsi gara. Gipuzkoako Etxe Ondasunaren zerrendan jasota dago. Bere fatxadan arrano baten irudiko armarria bat dago, baita giza irudi bat duen harri landu bat ere. Metro batzuk aurrerago Zumitzaberriko karobia dago. Bi Pagota lepoan eskuineko bidea jarraitu dugu eta gutxira Basazabalgo karobi eta baserri ondotik pasatu gara. Aurrerago Aginazpi eta Asuribar baserrietatik gertu pasatu eta Basagain eta Mendigain muinoak guztiz inguratuz Anoetara jaitsi gara.

TRACKA HEMEN