ITXINA, ELEZAHARREN GORDELEKU ETA LABIRINTOAN… (I)

12.07.2015 21:00

Badira 45 milioi urte Itxinako kareharrizko eremua itsasoko urpetik zerurantz altxatu zela eta ondoren erosiak paraje ikusgarri bat landu du. Itxinako mendigunea Gorbeiako Parke Naturalean dago, eredu karstiko ederra eta tontor harritsu pitzatuaz eta leizez osaturiko labirintoa da. Malkarra, basatia, misteriotsua eta harrigarria. Paisaia zatitua eta bakartia, denboran zehar bakarrik artzain batzuk eta txondor ketsuak pizten zituzten ikazkin batzuen artean partekatua. Lexardiko saroia Itxinan dagoen artzain gune bakarra da. Lapiazak ia mendigune osoa hartzen du, trokeak, leizeak eta kobak ugariak dira, hauen artean ezagunenak hainbat elezaharrei lotuta dauden Superlegor eta Axlagor kobak dira. Harkaitzen artean, pagoak ere bazter malkarrenak hartzera ausartu dira, paisaia polita osatuz, batez ere udazkenean. Dudarik gabe Gorbeiako gune erakargarrienetako bat da.

Itxina inguratzen duen gailurreriako tontor aipagarrienak, besteak beste, honako hauek dira: Lekanda (1.302 m), ekialdean, Altipitatx (1.171 m), helgoaldean, eta Axkorrigane (1.099 m), iparrean.

Atxularko Atea

Mendigune honetako sarrera ikusgarriena Atxularko Atea da. Beste sarrera batzuk Kargaleku, Igalerantz, Itxingoiti eta Atxaragungo arrateak dira.

Pagomakurreko aparkalekuan ibilgailua utzi eta Arrabako zelaietara doan bidea jarraitu dugu. Lainoek inguruko mendien tontorrak bereganatu dituzte, goizean zehar lainoak altxatuko direla espero dugu. Arrabako Atean Lekanda eta Kutxak mendien artean dagoen Igalerantz leporako norabidea hartu dugu. Laino artean gora goaz. Lepoa pasatu eta Itxinan sartu gara, orain kareharri artean zedarriak jarraituz Lekandako tontorraren bila goaz. Lainoa ez da oso itxia eta bidea jarraitzea erraza da. Puntatik oso gertu ahuntz talde batek harrera egin digute. Arazorik gabe puntara iritsi gara. Zeanuriko zeruan altxatzen den tontorra, Lekanda (1.302 m). Hemendik bista politak daude, baina gaur dugun ikuspena metro gutxikoa da.

Orain gailurreria ipar-mendebalderantz jarraitu dugu. Harkaitz eta pago artean bide nahasia da, baina arazorik gabe jarraitzeko modukoa. Pagozabaleko arratea pasatu eta Igarrilintzara (1.296 m) igo gara. Eguraldi honekin ibiltzea bere xarma du, pauso bakoitzean laino artean pago eta harkaitzen itzal berriak agertzen bazaizkigu. Aurreraxeago, Aranbaltza (1.272 m) eta Azparreta tontorrak pasatu ondoren, mendiguneko beste puntu garrantzitsu eta ikusgarri batera iritsi gara, Atxularko Atea hain zuzen. Itxinara sartzeko kareharrizko harresian dagoen zulo hau artzainek, ikazkinek, egurgilek eta mendizaleek erabili ohi izan dute.

Supelegor

Iparretik datorren haize freskotik babestuta hamaiketakoa egiteko leku egokia dela eta Atxularko Atetik gertu babesean gelditu gara. Indarrak berritu ondoren, motxilak bizkarrean hartu eta berriro martxan.

Gailurreriatik doan zidorra segi dugu, bueno zidorra baino gehiago harkaitzetatik, lapiaz nahasian doan zedarri ilara izan da jarraitu duguna. Urtutxe tontorra pasatu ondoren oso gertu dagoen Axkorriganeko (1.099 m) puntara iritsi gara. Suerte izan dugu eta lainoa pixka bat ireki da. Hemendik Itxinako panoramika polita dugu, batez ere Axlagorko trokearena. Urigoitiko ingurua ikusteko aukera ere eman digu. Ipar isurialdean “Atxak” izeneko kareharrizko zazpi monolito bertikalak altxatzen dira.

Axlagorko trokerantz jaisten hasi gara. Hasieran harkaitz artean jaitsiera oso malkarra da. Atxaragungo arratea eskuinean gelditu zaigu. Orain alde batera eta bestera etengabe jira eta bira eginez pagadian sartzen den bidexka segi dugu. Eta Itxinako toki ospetsuenetako batera iritsi gara, elezaharrez beteriko Supelegor koba handira. Euskal Herriko gune mitologiko garrantzitsuenetako bat, Mari eta bere senarra Sugaar suzko sugearen bizileku, baita sorgin eta lamiena ere. Inguruko pagadian Basajaunek bere gordelekua du. Hemen kondairen hatsa sentitu daiteke, oraindik bizirik irauten dute.

Lexardi

Bisitatxoa egin ondoren aurrera segi dugu eta laster Axlagor zulora joateko bidegurutzea topatu dugu, eta hau ere ikusi gabe ezin utzi. Tunel baten antzera, bi aho dituen koba edo zulo handi eta bitxia da.

Berriro bidean, ikazkinen bordaren hondarren ondotik pasatu gara. Paisaia oso polita da, goroldioaren eta pagoen kolore berdeek indar handia dute eta ingurua benetan polita dago.

Neberazarreko trokearen inguruan Lexardiko saroira joateko norabidea hartuko dugu, hegoalderantz hain zuzen. Troke honetan Nebezarreko elur-zuloa dago baina ez gara jaitsi bere bila. Bidean Lezabaltz izeneko leizearen ondotik pasatu gara, izena ezin aproposagoa du, zuloa benetan beltza baita eta.

Itxinako inguru oinazetsu honetan Lexardiko parajea lasaitasun gune bat da. Bertan Jose Maria Olabarriaren, Itxinako azken artzaina izandakoaren, txabola dago.

Kargalekurako bidea

Gure asmoa hemendik Hatxiki, Iturri Ederreko Punta eta Altipitatx mendietara igotzea zen, baina orduak aurrera doaz eta beste egun batean etortzeko aitzakia izango dugula eta,  Kargaleku lepora doan bidea segi dugu.

Lexardiko gune irekia atzean utzi eta pago artean Kargalekuko trokea inguratuz izen berdineko lepora iritsi gara. Troke honetan, Gorosteta mendiko maldan, Neberabarri eta Neberabaltz elur-zuloak daude. Gu Arrabako zelaietara jaitsi gara, Ganguren Mendi Taldearen aterpera hain zuzen eta hemendik Arrabako aterperaino joan gara.

Trago freskagarri bat hartu ondoren zaldi eta abelgorri artean Arrabako Atera joan gara, ondoren Pagomakurrera jaitsi eta ibilaldiari amaiera emateko.

TRACKA HEMEN