IZARRAITZ, Urola eta Deba ibaien arteko erraldoia

06.01.2015 19:37

Izarraitz mendigune karstikoa Deba eta Urola ibaien artean altxatzen da. Tontor garaiena Erlo (1.026 m) da eta honekin, batera beste gailur batzuen artean, Kakueta (924 m) eta Xoxote (912) nabarmentzen dira. Ibaietatik tontorreraino altxatzen diren aldapa handiko maldak irudi ikusgarria dute, batez ere Urolaren ibarraren aldekoa. Mendizale eta txangolari ugari erakartzen dituen edertasun handiko paisaia du.

Gune karstiko guztietan bezala hemen ere badaude leize eta koba. Hauetako batzuk historiaurrean bizileku gisa erabili izan zirenak. Aipagarriena Ekaingoa da, Magdaleniense garaiko labar-pinturaren munduko altxorrenetako bat. Gehien irudikatuta dagoen animalia zaldia da, baina  hartzak, ahuntzak, oreinak, bisonteak, baita izokin bat ere, ageri dira.

Azketako elur-zuloa

Azpeitiko plazan hasi eta berehala lehenengo aldapak. ipar norabidean Xoxoteko malda gogorrari heldu diogu. Aranzeta, Bildotxola eta Urretatxiki atzean gelditu dira. Zerua laino dago, goibel, Iraurgiko haranaren hego-ekialdean eta hegoaldean Hernio eta Izazpi-Samiñoko mendiguneak daude. Urola ibaiaren urek Kantauri itsasoaren bila Izarraitz eta Hernio mendiguneen artean bidea egin dute. Haran honetan Azpeitiko etxadia hedatzen da. Ondare historiko-artistiko aberatsa mantentzen du, besteak beste Enparan dorretxea, Antxieta jauregia, Madalena baseliza eta ospitala…

Naarguneko bordatik pasatu ondoren Badiolegitxo sakanean barneratu gara, Erlo eta Xoxote artean zabaltzen dena. Zuhaitz artean Azketako iturri ederrera iritsi gara. Ur trago bat eta aurrera. Gorago Azketako elur-zulo ikusgarria dago. Hurrengo aldapa gainditu eta Saninazioren estatuaraino joan gara. Hemendik bista ederra dago, baina gaur ez da egun aproposena horretaz gozatzeko.

Eskortako maldan

Aterpean sartu, saldatxo bat hartu et bidea jarraitu dugu. Xoxote (912 m). Erlo aurrean dugu baino laino dago eta bere baitan dena ezkutatzen du. Goialdeko harkaitzen artean bide erosoen bila tontorrerantz goaz. Erlo (1.026 m). Bi punta ditu, gurutze banakin, lehena Azkenagain da, bigarrena Erlo.

Goitik beherako bidea hasi dugu eta Eskortako puntatik pasatu ondoren aldapa tentean behera gune benetan ederretatik pasatu gara Soldadusoro leporaino arte. Goltzibarko sakonera jaisteko bidea jarraitu dugu. Goltzibar erreka jarraituz Sastarrain baserriraino iritsi gara, Ekaingo koba inguruan. Labar-pinturak babesteko koba itxita dago baina gertu dagoen erreplika bisita daiteke. Dagoeneko honen ondo ondotik pasatu gara.

Zestoako Zubizarra

Zestoa, herri termala, aurrean dugu. Garai batean ospe handia izan zuten bertako bainuetxeak. Sastarrain errekak Urolarekin bat egiten duen tokian Lilitarren jauregi eta oinetxea daude. Lauiturrieta iturri ederraren ondotik eta Zubizarretik pasatu ondoren Zestoako gune historiko politera iritsi gara.

TRACKA HEMEN