JAIZKIBELGO ALTXORRAREN BILA.
Jaizkibel mendiko itsasertzak gipuzkoar askok oraindik aurkitzeko dugun altxorra gordetzen du bere baitan. Higuer eta Pasaia artean dauden mota desberdinetako labar, hareharrizko formazioak eta kala ugariak ikusgarriak dira. Batzuk eguzkiaren argiaren arabera kolorez aldatzen direlarik. Fauna eta flora ere oso interesgarria da. Itsas mihilua eta bakarrik Bizkaia eta Gipuzkoako itsasertzean hazten den Armeria Euskadiensis (Itsas krabelina) bezalako landareak edo ubarroi, zanga, zabal-mozo, eta kaio bezalako itsas hegaztiak ikus daitezke. Ibiltaria bereganatzen duen kolore, forma eta usainez beteriko paisai ederra, ikusgarria, milioika urteetan erosioak landutakoa. Naturaren eta itsasertzeko harribitxia.
Labetxu
Club Vasco de Camping eta Itsas-Mendi taldeetako kideek egindako lanari esker gaur egun ibilbidea balizatuta dago eta txangozaleei bidea erraztu digu. Guk ez dugu zeharkaldi osoa (Pasaia-Hondarribia) burutuko. Jaizkibelbo Sagatxa parajean hasi eta Azabaratzaraino jaitsiko gara ibilbidearekin bat egiteko.
Eguna zoragarria dago, zeruan eta itsasoan kolore urdinak, Jaizkibelen, berriz, belardien berdeak eta harkaitzen koloreak. Itsas brisa pitin bat dabil. Egun bikaina ibilaldia burutzeko.
Esan bezala Azabaratzara jaitsi gara eta orain arte paisaia polita izan bada ere, hemen hasi da espektakuloa. Nahiz eta itsasbeherako ordua izan, Kantauriko urak gertu daude eta bere mugimendu leunen marruma bertan entzuten dugu. Azabaratzako harrietara iritsi gara. Ingurua polita da.
Labetxu
Eta harrizko formazio bitxien artean aurrera goaz. Formazio hauetako bakoitzari norberaren imajinazioak ematen dio forma. Batentzat gazta izan daitekeena, beste batentzat esponja izan daiteke, eta horrela abar luze bat. Goialdean itsas brisa bazebilen ere, sakonetan eta itsasertzean ez dabil eta tenperaturak gora egin du nabarmen.
Akerregiko arraila mendi hegian dagoen zartadura handia da. Honi begira egon ondoren berriro atzera joan gara, behatoki bat dagoen pareraino hain zuzen eta aldapan gora ekin dugu zartadura gainditu ahal izateko.
Labetxu
Berriro itsasertzera jaitsi eta Tximistakularru izeneko marearteko zabalgune luzearen aurrean gaude. Labar inklinatuaren gainetik Gaztarrotzeko muturraren goialderaino joan gara. Orain arteko bidea oso polita izan da. Bertatik labar bertikalak ikusten dira, baita Gaztarrotz errekatxoak zeharkatutako Labetxuko bailara txiki, bildua, bitxia eta ezkutua. “Koloreen bailara” ederra eta ikusgarria. Kolore askotariko (arrosak, orik, okreak, gorrixkak) imajinatu ezinezko formazio bitxiaz osatutakoa.
Bidea jarraitu eta Morkotxeko labar bertikalen gainetik Turroia izeneko puntaren bila goaz. Inguru hau ere harkaitz handiz eta forma bitxikoaz osatutako labirintoa da. Hauen artean Turroian puntan dagoen “maskor” izenekoa.
Maskorra
Ibilbide honek pauso bakoitzean aho zabalik uzten gaitu. Aurrerago labar bertikalen goialdetik Erentzingo badiatxo ederra ikusten dugu. Bertara jaisteko malda bertikalean dagoen bidetxoa erabili dugu.
Zeharkaldiaren hurrengo puntu interesgarria Erentzingo Zabala edo Fosilen hondartza da. Animalien eta bestelako irudi bitxiak dituen harrizko hondartza. Marearteko zabaletik jarraitu dugu harri eta zulo berezien artean eta markak segituz trepada txiki bat egin ondoren goialdeko belardietara igo gara.
Fosilen hondartza
Hemendik aurrera bidea erabat aldatzen da. Biosnar itsas muturraren goialdetik eta Laondo kalatxoa pasatu eta Marlako belardi leunetara iritsi gara. Itsasertzaren gainean dauden zelaietan zaldi eta abelgorri taldean daude. Aurrerago Artzuko Portua izeneko badia txiki eta politean bezala, uretaraino gerturatu gara berriro. Garai batean arrantzale eta kontrabandisten ainguratokia izandakoa. Etenalditxo bat egiteko leku ezin hobea. Itsasoaren eta landareen usainekin, zuhaitzen itzalean, ura ia gure oinetaraino iristen delarik, indarrak berritzeko produktu goxoekin, zer gehiago eska dezakegu?.
Higerreko itsasargia gero eta gertuago dugu. Bai Marlako, bai Artzu eta Higuer arteko partean dauden kalatxoetan jende ugari ikusten dugu eguzkitan edo uretan.
Higerren merezitako freskagarri bat hartu ondoren bidea jarraitu dugu. Itsasargiaren ondotik igaro eta zidor polita jarraituz San Telmo gaztelura iritsi gara. Hondarribiko kaia eta hondartza aurrean ditugu. San Pedro kaleko Marinan amaitu dugu kalifikatu ezinezko zeharkaldi zoragarri hau.
Erentzin
Ibilbide osoan naturaren artea izan dugu bistan. Mendeetan zehar historiak eman dituen artista handiek (pintore, arkitekto, eskultore ….) inspirazioa inguru honetatik jaso ote zuten? Hemen era askotariko estilo eta diziplina daude: kubismoa, inpresionismoa, errealismoa, arte abstraktua, barrokoaren filigrana, …. Den dena hemen dago, artea, geologia, natura…. formak, kolorek, bizia …, dena. Errepika ezina den kanpoko museo erraldoi bat izango balitz bezala. Zaindu dezagun naturak eman digun paregabeko altxor hau.