KONTRASTATIK ITURRIETA ETA AMESKOAKO MENDIETAN ZEHAR…

17.10.2015 22:00

Kontrastan gaude, mendebaldera Haranako lursailak zabaltzen dira eta ekialdera Ameskoakoak. Gure asmoa Iturrietako Mendietako Ilarratza mendira eta handik Murubera igotzea da. Azken hau Entzia mendilerroko Ameskoako haranaren goitik altxatzen da.

Zeruan lainoak eta ostarteak nahasten dira. Kontrasta atzean utzi eta Ilarratzako maldak zeharkatuz mendebalderantz goaz. Ullibarri gertu dugunean norabidea aldatu eta gure pausoak Kortagaina lepoaren bila iparralderantz zuzendu ditugu. Gutxika-gutxika altura hartzen goaz, haraneko soroek basoari utzi diote tokia. Lepoan ekialdera jarraitu dugu eta laster pago artean ezkuturik dagoen Ilarratzako (1.142 m) tontorrera iritsi gara. Mendi hau Iturrietako Mendien hegoaldean Kontrasta gainean dago. Tontorretik iparraldera, Eskibelako parajean zartadura natural sakon batzuk daude, neguan elurraz betetzen dira Done Kristobalen elur-zuloak izena eman zitzaien.

Pagadia Karalabia inguruan

Bidea ekialdera jarraitu eta Karalabiako inguru basatia zeharkatu ondoren Larrondoa errekaraino jaitsi gara. Erreka honek Kontrastan beste erreka batzuen urak jasotzen dituen parajean Uiarra ibaiaren izena hartzen du. Aurrean Entziako maldak altxatzen dira. Opakuara doan errepidea pasatu eta Atabako atakaren bila gorantz segi dugu. Ez dago biderik eta sastraka eta zuhaitz artean gorantz goaz. Lepora iritsi aurretik hutsik dagoen aska baten ondotik pasatu gara. Azkenean lortu dugu igotzea.

Entzia mendilerroko goi-lautadan gaude. Lautada honetan pagadi zabalak eta belardiak nahasten dira. Ipar-mendebaldera Uraskako belardiak ditugu. Gu pago artean mendilerroaren hertzetik hego-ekialdera goaz Kontrastarregainako (1.072 m) tontorrera iritsi arte. Makil bat duen zedarri batek adierazten du tontorrean gaudela. Gain basotsu hau Kontrasta aldera erortzen da eta abarren artean herria eta Ilarratza ikusten ditugu.

 

Norabide berdina jarraituta Sagastilepotik pasatu eta segidan Araba eta Nafarroa arteko mugan dagoen Murube (1.129 m) mendira igo gara. Entzia mendilerroko hegoaldeko hertzeko tontor nagusia da. Iparraldeko hertzean berriz Ballo, Mirutegi eta Legunbe nabarmentzen dira. Hegoaldera horma bertikala amiltzen da. Amezkoako haranaren bestaldean Lokiz mendilerroa ikusten dugu eta haren atzean Joar mendiaren irudia.

Pagadia Larraonako lepo inguruan

Ekialdera jarraitu dugu eta Aizluzera iritsi gara. Mendi honen tontorra harkaitz baten gainean dago eta bertara igotzeko burdinazko eskailera batzuk daude. Gain honetan Entzia eta Urbasako mendilerroak bat egiten dute.

Tontorretik jaitsi ondoren mendilerroaren hertzetik bidea jarraitu dugu. Dagoeneko Urbasako lurretan gaude. Gutxira Larraonako lepoan dagoen Done Benito baselizara iritsi gara. Habitat desberdinen kontserbazioak, fauna, landaretzak eta paisaia desberdinen aberastasunak parke naturala izendatzea bultzatu du. Urbasa-Andiako Parke Naturalak duen izaera oso karstikoak, bai lur-azalean bai lurpean dauden forma geologikoen ugaritasunari eta aldaerari lagundu dio.

Orain Cristinos edo Larramendikoarroko kobaren bila goaz, Ipar-ekialde norabidea segi dugu eta Arteako pagadi sorginduan sartu gara. Han eta hemen pago artean sakabanatuta labirinto txiki bat osatuz irudi bitxiko harkaitzak daude. Bertan pago eta harkaitz gain, goroldioak, likenak eta mota desberdinetako landareak daude. Aurrera segi eta Ustalatzako zelaietara irten gara, hauen barrenean pagaditik gertu aipatutako kobazuloa dago.

"Cristinos" koba

Sarrera lurreko zulogune biribil batean dago. Sarrera nahiko bertikala da baina erraza harrizko eskailera bat dago eta. Barruko errekatxoa segi ezkero bidea metro batzuk beherago amaitzen da. Baina sarrerako eskailera amaitzen den lekuan harkaitz baten atzean burdinazko ate batek sala betara joateko bidea adierazten digu. Sala honetan sabaitik zorurainoko estalaktita batzuk daude baita aintzira txiki bat ere.

Bisitatxoa amaitu eta Larraonako lepora bueltatu gara. Baselizaren ondoan mokadu bat hartu eta beheranzko bidea segi dugu. Hormigoizko pistak Larraonara bideratzen gaitu. Herria iparretik hegora zeharkatu eta soroen arteko pista bat hego-mendebalde norabidean segi dugu. Iparraldera begiratu eta pasatu ditugun gainak soroen gainetik ederki ikusten ditugu.

Murube

Bihurgune batean pista utzi eta alanbre-hesi bat pasatu ondoren Uiarra ibaia pasatzeko zubi baten bila goaz. Hemen Kontrastako Sakanen Bidea izeneko PRa topatu dugu. Mendulina errekaren sakanean gorantz goaz zidor estua jarraituz bideak norabidea aldatu arte. Lokiz mendilerroko hertzean gabiltza. Ipar-mendebalde norabidea segi eta haritz eta erkametz artean doan bide zabalean Kontrasta aldera goaz. Azken metroak gorantz dira, aldapa motza baina tentea. Behin herrian XII. mendeko Elizmendiko baseliza ikustera joan gara. Baseliza jasotzeko hormetan bistan dauden hilarri erromatar batzuk erabili ziren. Herriko plazan amaiera eman diogu buelta polit honi.

TRACKA HEMEN