MANDOEGI, UREPEL, Leitzarango mendietan...
Uzturre-Ipuliño mendi kordalak Berastegi eta Leitzarango haranak banatzen ditu, Adarra-Mandoegi kordalak berriz Leitzaran eta Urumeakoak. Mendi kordal hauek Leitzaran haran sakona eta ederra inguratzen dute eta ibaiak Ipar-mendebalderantz Oria ibaiaren bila bidea ireki du. XX. mendearen hasieran Plazaolako trenbideak edo Tren-Txikiak haran hau zeharkatzen zuen Andoaindik Iruñara joateko, egun azpiegitura hau erabilera handiko bide berdea da.
Gaur Leitzarango mendietan zehar ibiltzeko asmoa dugu, Abadekurutz, Mandoegi, Urepel eta Altzadira igotzekoa hain zuzen.
Mandoegi
Berastegi (390 m) herri politean motxilak bizkarrean hartu eta abiatu gara. Goizeko behe-lainoen arrastoak oraindik desagertu gabe, pago artean gora Larre eta Ipuliño mendien artean dagoen Gorosmendi lepora iritsi gara. Aurrean Adarra-Mandoegi kordala eta bere hegi basotsuak ditugu. Koniferak, hostogalkorrak … sakonaren barrenean Leitzaran ibaiaren urak… bidean guk bakarrik, txorien kantuak, eguzkia zeruan, haize fresko puntua… hau gozamena.
Basoan behera ibairaino jaitsi gara, Ameraungo zentral elektrikoaren parera. Orain aldapan gora joatea dagokigu. Pinudi mardul batean barneratu gara. Basoa atzean utzi eta orein pare bat jauzi arinak emanez maldan behera desagertu dira. Orain txilar eta ote artean mendiaren bizkarrean aurrera goaz. Atzera begiratu eta Aralar, Aizkorri, Gorbea eta Anboto eguzkiaren argiarekin ederrak ikusten dira.
Tontorrera iritsi aurretik mairubaratz baten eta 1.779an hildako Tomas Arribillaga Apezetxea apaiz Leitzarra oroitzen duen gurutze baten ondotik pasatu gara. Heriotza honi buruz hainbat bertsio daude: batek dio Tomas pilotari ona zela eta Aranoko festetan jokatu zuen partidua irabazi zuela, bere kontra diru asko jokatu zuten batzuk kiebra jo eta hil omen zutela. Beste batek berriz karta partida batean Aranoko bizarginari diru asko irabazi ziola eta honek dirua berreskuratu nahian hil omen zuela. Hirugarren batek berriz Leitzako gazte bat haurdun utzi eta honen senideek hil omen zutela. Modu batera edo bestera dirudi heriotza tontorretik gertu, gurutze bat dagoen parajean, gertatu zela.
Abadekurutz edo Baratzazarreta (986 m), Adarra-Mandoegi kordaleko tontor zabala. Hurrengo hiru tontorretatik bezala, hemendik dagoen panoramika ikusgarria da: Kantauri itsasoa, Larrun, Aiako Harria, Mendaur, Pirinio zuriak, Aralar, Beriain, Aizkorri, Gorbea, Anboto….. Kordalaren hegiak ia mila metro beherago dagoen Urumea ibairen haran estura jaisten dira, Goizueta aldera.
Urepel
Abadekurutz, Mandoegi, Urepel eta Altzadi osatzen duten arkuaren malda basotsuetan Lorkitz errekaren urak goitik behera doaz Leitzaran ibaiaren uren bila.
Abadekurutz eta Mandoegi artean Mandoegiko Usotokia izeneko lepoa dago. Inguru honetan usategi ugari daude. Beste aldapatxo bat eta tontorra. Mandoegi (1.045 m). Hemen ere alde batera eta bestera begira gaude, paisaiaz gozatzen. Gure hurrengo helmuga Urepeleko gaina da. Bi mendi hauek Hirumugarrietako lepoan batzen dira.
Bai Urumea aldeko maldetatik, bai Leitzaran aldekoetatik, pagoak eta pinuak ia mendi honen tontorreraino iristen dira. Zuhaitz artean igoera motz baten ondoren tontorra dugu. Urepel (1.056 m). Ingurua oso polita da, nahiz eta pagadiak oraindik hosto gabe egon.
Orain Hego-mendebalerantz joango gara, Altzadi mendiaren bila. Lehendabizi Kondizarrateko lepora jaitsi gara. Pago batzuk daude bertan eta pixka bat gorago, harkaitz batzuetan, eguzkiaren epeltasunean, indarrak berritzeko mokadutsu bat hartu dugu. Gertu dugu gaurko azken punta eta Nafarroa eta Gipuzkoa arteko muga adierazten duen alanbre-hesiaren ondotik tontorrerantz zuzendu gara. Altzadi (1.015 m). Adarra-Mandoegi kordalean 1000 metroko altura gainditzen duten hiru mendiak Altzadi, Mandoegi eta Urepel dira.
Altzadi
Gutxi gora-behera, dakarkigun norabidea jarraituz, inguru politak zeharkatuz goitik behera goaz Leitzaran ibairaino, Frankio errekaren urak eta Leitzarangoak bat egiten duten parajeraino.
Orain Gaztenadiko errekaren ibilgua gorantz segi dugu. Ipuliño mendia Hego eta Mendebal aldetik inguratuz, zelai eta baserri artean, muino baten gainean ikusten den San Sebastian baselizarantz goaz. Lepotxora igo eta Berastegi aurrean azaldu zaigu. Minutu batzuk aldapan behera eta herriko plazan sartu gara. Ibilaldi polita gaurkoa.