MANDOEGIKO MENDIGUNEAN ZEHAR….

06.12.2015 22:27

Goizeko zortziak eta laurden dira. Goizuetan nago, Bortzirietako Eskisto mendigunean sortzen diren ur bizi eta garbiko erreka txikiez osatutako Urumea ibaiaren alboan eraikitako herri euskaldunean. Izena Zubi Handi izeneko zubitik omen datorkio.

1430. urtean gaztelarrek eraso egin eta herria erre zuten. Nafarroako beste herri batzuetan bezala hemen ere 1609. urtean sorginkeria auzi bat gertatu zen, Katalina Alduntzin eta bere semea eta Johanes Zubillaga eta Magdalena Leitza senar-emazteen arteko auzia hain zuzen.

Mandoegiko gaina

Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat tokietan bezala, hemen ere burdinolak jaso zituzten, hauetako batzuk Goizarin, Elama eta Alduntzingoak dira. Halaber badu aipatzeko ondasun historiko eta kulturala: XVI. mendeko Zubimuxu eraikina eta bertan dagoen XIX. mendeko harraska, Zubi Handiren ondoan daude; Iberoko dorrea, inguruko ondasun historiko eta kultural garrantzitsuenetako bat. XV. mendeko eraikin multzo honetan baserria, dorretxea, burdinola, zubia eta ubidea kontserbatzen dira.

Nire asmoa Mandoegiko mendigunean zeharkaldi bat egitea da. Mandoegira igotzeko bide gehienak Arano, Goizueta eta Leitzako inguruetatik abiatzen dira. Desnibel handiena Goizuetatik dago. Herriko plazan ibilaldiari hasiera eman diot. Herriari izena eman dion zubia zeharkatu eta Iturriko erreka pasatu ondoren aldapa gogorrean gora hasi naiz. Antena baten ondoan pasatu eta Mandoegitik jaisten den mendi-sokaren gainera iritsi naiz.

Gain hauek jarraituz bi aldeetara bista politak ditut. Mendi magaletan oso ugariak dira haritzak, pagoak, baita pinu beltzak eta laritz japoniarrak ere. Erbi, oilagor, basurde eta beste animalia askoren bizileku direnak. Bidean, han eta hemen, abelgorriak eta zaldiak topatu ditut. Baita tumulu eta mairu-baratzeak ere, Gasparren Bordako tumuluak, Idoiko eta Guriko mairu-baratzeak esaterako. Mendi hauetan dauden monumentu megalitiko ugarien arabera inguru honetan antzina-antzinako garietatik artzain giza talde kopurutsua bizi zen.

Urgaratza Gaiñako mairu-baratzea

Altuera hartzen noan heinean haize ufadak gero eta indartsuagoak dira. Tarteka-tarteka Mandoegi errekako sakonetik zakur zaunkak eta tiroren bat edo beste entzun ditut. Auspoa gero eta beteago, baina banoa eta tontorra gero eta gertuago ikusten dut. Azken metroak gogorrak izan dira, haizeak aurretik gogor astindu nau eta zaila izan zait gorantz joatea.

Mandoegi (1.046 m), Adarra-Urepel mendilerroko tontor garaiena Urepel (1.056 m) da. Baina ospe handiena bereganatu duena Mandoegi mendia izan da. Bien artean Hirumugarrieta (952 m) lepoa dago. Astabideta (934 m) eta Ekaizti (941 m) lepotxoek berriz Abadegurutz (982 m) menditik banatzen dute.

Eguraldi ona egin arren zeruan laino zuri geruza mehe bat dago eta bistak ez dira ikusten hain ederrak. Tontorrean denbora gutxi pasa dut eta babes bila beherantz noa, baina hamaiketakoa egiteko leku aproposik ez dut topatu haizeak non nahi jotzen baitu. Abadegurutz tontorretik ere igaro naiz bertan denbora asko pasatu gabe. Errekarteko lepoan ehiztari batzuk sakabanatuta daude. Basurde uxaldia egiten ari omen dira. Lehen entzundako zaunken eta tiro bakanen esplikazioa. Zorionez nire ibilaldia uxaldiaren eremuan ez da sartzen eta aurrera jarrai dezaket.

Gaztainondo artean

Leunetako gainera ere iritsi naiz. Mendigune honetan Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugak zati handi batean mendilerro luze honen gainaldea jarraitzen du. Unamuno muinoan Garagartza mendirantz egiten du handik Urumea ibairaino jaisteko. Muga hau jarraitu dut eta Unamunoko muinotik jaisten ari naizela babes toki bat topatu eta indarrak berritzeko atsedenaldia eta mokadu bat hartu dut.

Unameneko monumentu megalitiko multzoaren ondotik pasatu eta San Migel Soroko mairu-baratze handira iritsi naiz. Ikusgarria da. Garagartzako gaina gertu dago eta laster iritsi naiz bertara.

Hemendik Arano errekako haitzartearen barreneraino jaitsi behar dut. Jaitsieran denetarik topatu dut, erkametzak, pagoak, haritzak, gaztainondoak … Jaisten ari naizen bitartean haitzartearen bestaldean Arano herritxoa ikusten dut, eta gero eta gorago ikusten dut. Arano erreka gainditzeko zubian nago, urak bizi-bizi datoz eta txoko polita da.

Ur trago bat eta bidean gora Aranorantz abiatu naiz. Aldapa tentea da baina igoera polita eta uste nuen baino errazagoa izan da.

Arano herria Nafarroako ipar-mendebaldean kokatuta dago. Herritik bertatik Kantauri itsasoa ikusten den herri nafar bakarra da eta zeru garbiko egun eguzkitsuetan Bermeoko “Gaviota” ere ikustera iristen omen da. Gaur zeruertza laino dago eta Donostia bera ere ez da oso ondo ikusten. Beste batean bueltatzeko aitzakia.

Goizuetako Zubi-Handia

Euskal Herriko beste toki askotan bezala hemen ere badira mito eta herri ipuinak. Urrezko orraziak edo sartuz gero ia irten ezinezko ur-putzuak, baita helburura iristen ez diren jentil indartsuak botatako harri handiak eta gehienetan mendi gainetan erortzen direnen elezaharrak, beheko errotako lamien Lamusin putzukoa edo Aballarrikoa bezalakoak esaterako.

Aspaldidanik goizuetarrei “zapoak” deitzeko ohitura dago eta Aranotarrei, berriz, “ziztangilak”. Bi herriko herritarren artean zirikatzeko aitzakia.

Hego norabidea jarraitu eta Urgaratako lepoaren bila noa. Bide zabala eta erosoa da, apenas desnibela duena eta aurrera erraz noa. Urgaratako lepoan dagoen mairu-baratze multzoa ikusgarria da. Bata bestearen ondoan sei mairu-baratze zenbatu ditut, denak zirkulua ondo osatzen dituzten harriak dituzte. Baina metro gutxira dagoen Urgaratako Gainean beste bi daude horietako bat iruditu zait benetan polita dela.

Malda barrenean Goizuetako etxadia ikusten dut, gaurko ibilaldiaren amaiera gertu dagoen seinale. Altzanburuko lepora jaitsi naiz, bertan tumulu txiki bat dago. Pago artean beherantz doan bidea segi dut. Gorri eta urre koloreetako hosto batzuk kontserbatzen dituzten pago, haritz eta gaztainondo artean Goizuetako Zubi Handira iritsi naiz.

TRACKA HEMEN