MIDI d’OSSAUKO ITZULIA eta AYOUS
Nork ez du ezagutzen Midi d’Ossau mendi ikusgarria?. Pirinioetako leku askotatik ikusten den granito puska, begiradak lapurtzen dituen mendi ederra.
Asteburu honetako ibilaldian ez gara hainbatetan izandako tontor honetara igoko, baizik eta Midi d’Ossauko itzulia burutuko dugu. Portalet mendatetik Midi ikusten dugu, eguzkiak bete-betean ematen dio eta harkaitzaren koloreak areagotzen ditu, mendiak duen irudia gehiago indartuz.
Goizeko 10:00ak dira Arailleko (1.709 m) aparkalekutik abiatu garenean. Aneou artzaintza gunean Pombie aterpera doan bidea eskuinean utzi eta zirkoan aurrera jarraitu dugu. Eskuinean Peyreget mendiaren maldak Midi d’Ossauren tontorra ezkutatzen digu. Ezkerrean, berriz, Aneu, Peña Blanca, Canal Roya mendiak ditugu. Poliki-poliki gora goaz eta altuera hartzen goazen heinean bistak ere zabalagoak dira. Hazienda buru gutxi ikusi ditugu, zaldi batzuk eta artalde txiki bat. Marmotak, berriz, han eta hemen azaldu zaizkigu. Aneou lepoa (2.083 m). Aurrean Boius errekaren ibar-buru ederra dugu. Astun, Monjes, Ayous… tontorrak bistan ditugu. Midi ere hor dago nonahiko. Inguru oso polita.
Marmota
Orain Boius errekaraino jaitsiera luzea dugu. Hau ere artzaintza gunea da eta tontor harritsu eta zorrotzen artean belardi aldapatsuak zabaltzen dira. Jaitsiera aldapatsua baino erosoa da. Cap du Pount (1.640 m) artzaintza bordaren ondoan indarrak berritzeko gelditu gara. Txabola ondoan iturri bat dago. Hamarretakoaren ondoren Boius errekatxoa pasatu eta Paradis eta Casterau mendien arteko aldapa tentean gora hasi gara. Hasieran beste txabola baten ondoan beste iturri bat dago. Atzera begiratu eta Midi ikusgarria dago.
Bidearen sigi-sagak jarraituz gora goaz. Casterau lakutxora iritsi gara. Parajea oso polita da. Bista ederra duen toki lasai da. Gustura gaude baina Bertsau lakura (2.075 m) igotzeko aldapari heldu diogu. Hourquette (2.384 m) eta Larry (2.337 m) tontorpean, paisaia benetan polita hau ere. Uraren ondo-ondotik doan zidorra jarraituz lakua zeharkatu dugu.
Ayous aterpea (1.960 m) eta Gentau (1.947 m) lakua bistan ditugu. Aterpearen goialdean, harkaitz gorrixkarekin Ayous mendia (2.288 m) altxatzen da. Aterperaino jaitsi eta bertan dagozkigun ohatzeetan kokatu gara.
Motxilak utzi eta zamarik gabe Ayous tontorrera igotzea erabaki dugu. Pisurik gabe, lasai eta erraz igo gara, lehenengo lepora eta ondoren tontorrera. AYOUS (2.288 m). Guretzat sorpresa izan da tontorrak eskaini digun panoramika benetan polita. Tenperatura ona dago eta egonalditxo bat egin dugu, honantz eta harantz begira, paisaiaz gozatzen.
Midi eta Ayous aterpea
Berriro aterpean, eguzkiak, lakuak eta Midik eskaintzen duten espektakuluaren zain gaude. Mendiaren isla lakuan ikusten da, argi eta kolore jokoa polita eginez, ikuskizuna benetan ederra da eta horretaz gozatzeko leku hau begiratoki aparta da.
Igandean goiz jaiki, gosaldu eta eguneko lehenengo argi izpiekin martxan jarri gara. Eguna lainotsu eta triste argitu du. Gaurko ibilaldiaren lehenengo partea goitik behera da eta erraz goaz. Gentau (1.947 m) eta Roumassot (1.845 m) lakuen ondotik pasatu eta pago eta izei baso misto politean sartu gara.
Boius bailarako bide nagusira iritsi eta beherantz jarraitu dugu Boius-Artigües laku artifizialeraino (1.422 m). Bi egun hauetako aldapa luze eta desnibel handienekoari aurre egitea dagokigu. Bide estua segi eta pagadi mardul batean sartu gara. Argi-oilarrak zuhaitzari ematen dizkiok golpeak entzuten ditugu. Aldapa tentea da. Long de Magnabaitg lepoan sarrio talde bat bazkan lasai asko dago. Gaztetxoak saltoka, jauzika, jolasean dabiltza. Lepo ondoko Quebe ordokia ere pasatu dugu. Izerditan, pausoz-pauso, gora goaz eta basoa atzean utzi dugu.
Gentau lakua eta Midi
Magnabaitg errekatxoaren ibarrean, goialdeko belardietan gabiltza. Hau ere artzaintza gunea da eta mendien maldetan abelgorri eta zaldiak dabiltza. Hemendik mendiaren beste ikuspegi bat dugu, ospelean dagoen isurialdena. Haize freskoa dabil eta harkaitz batzuen babesean hamarretako egiteko gelditu gara. Lainoak gero eta ilunagoak dira eta bustiko gaituztela dirudi. Eskuinean Miditik erortzen den Moundehls ertza dugu. Indarberrituak berriro abian, aldapan gora.
Suzon lepora (2.127 m) iritsi gara. Hemen Midira igotzeko bidearekin bat egin dugu. Aurrean Pombieko bailara eta aterpea bistan dugu. Mendiko hormapeko higakinen artean harantz zuzentzen ditugu pausoak. Ormatzar bertikal hauetan amildegian dantzan kordada bat ikusi dugu. Lainoek tontorra ezkutatzen dute.
Pombieko aterpe eta lakutxoan (2.031 m) gaude. Lainoek gero eta beherago daude eta haizeak euri tantak ekartzen dizkigu. Aurrera jarraitu behar eta, txamarrak jantzi eta Pombieko lepoaren bila berriro martxan jarri gara. Gainditu behar dugun desnibela ez da handia eta lasai bete dugu. Euri hasi du. Pombieko lepoa (2.129 m).
Aurrean eguneko azken aldapa dugu, baina, zorionez, hau goitik beherakoa da. Peyreget mendira igotzeko bidea eskuinean utzi dugu eta zidorraren sigi-sagak jarraituz Aneuo bailara jaitsi gara.
Zeharkaldia, oso, oso polita.