MONTEJURRA, ESTELLERRIKO BEGIRATOKIA

25.04.2015 21:45

Montejurra, Estellerriko zeruertzean nabarmentzen den mendi isolatua da. Hiru tontorreko –San Cipriano (1.041 m), Montejurra (1.048 m), Erpina (1.043 m)- gaina begiratoki paregabea da.

Ipar isurialde basotsu eta malkartsuaren magalean Iratxeko monasterioa dago. X. mendean Santiagoko bidearen alboan jaso zen. Kondairak dioenez Iratxeko Ama Birginak Antxo II erregeari musulman armadari bataila irabazten lagundu omen zion.

Montejurra

Goizeko zortziak eta laurden dira monasterio ondoan ibilaldia hasi dugunean. Zerua garbi garbia dago. Egun polita izango dugula dirudi. Lehenengo pausoak Santiagoko bidetik eman ditugu. Iratxeko urbanizazioa albo batean utzi ondoren artadian sartu gara. Altuera irabazi gabe Ekialderantz goaz basotik irten arte. Soro eta mahastietatik haratago Aiegi eta Lizarragako etxadia ikusten dugu.

Orain San Zipriano edo Kalbario izena duen bidetik gorantz goaz. Arte eta ezpel artean bidea estutuz doa. Aldapa nahiko tentea da eta lehenengo izerdi tantak azaltzen hasi dira. Cogote Redondo izeneko parajean mendiaren sorbaldara iritsi gara. Baseliza gertu ikusten dugu.

Lainoak ugaritzen hasi dira. Dagoeneko zeruko kolore urdina desagertu da. Arte eta pinu artean gora goaz eta minutu gutxitan baselizaraino iritsi gara. Gertu, harkaitz baten gainean San Zipriano tontorraren gurutzetxoa dago. Harkaitzaren oinean, aldare bat eta beltzez margotutako Kristo gurutziltzatu bat.

Monjardin

Xenda estua jarraituz tontor nagusira igo gara. Panoramika oso zabala eta polita da. Lokiz, Urbasa, Andia, Etxauri, Moncayo laino artean ezkutatuta, Kantabriako mendilerroa, Joar… Garai honetan soroak berde eta horiak daude mosaiko eder bat osatuz.

Hirugarren tontorra oso gertu dago. Antena batzuk eta erpin geodesikoa bertan daude. Mendebal norabidea segi dugu. Jaitsieran harkaitz batzuen babesean hamarretako egin dugu. Ederki gaude.

Mendi-sokatea Mendebalderantz jarraitu dugu. Mendiaren alde honetan arteak gutxika-gutxika desagertzen doaz eta pinua nagusitu. Alde batean Lanako soro koloretsuak eta Lokizko harresia dugu, beste aldean gure begirada lautadaren zabaltasunean galtzen da.

Altuera galdu eta Iruña-Logroño errepidea pasatu ondoren Monjardin mendiaren magalean dagoen Villamayor de Monjardin herri txikiraino joan gara.

Mairuren iturria

Santiagoko bidea egiten ari diren erromes batzuk ikusi ditugu. Bideko bi aterpetxe ere badaude. Iturrian ur fresko edan eta kaleetan gora Monjardin mendira igotzeko bidea hasi dugu. Arte eta ezpelez inguratutako zidor estua segi dugu. Ez dugu denbora asko behar izan gainera iristeko. Monjardin (675 m). Tontorrean, gatazka eta mendeetan zehar iraun duten Deioko gazteluaren harresi eta dorreen hondarrak daude. Gotorleku estrategiko eta garrantzitsua izan zen.

Igoera Hego isurialdetik egin badugu, jaitsiera Iparraldekotik burutu dugu. Mendia inguratuz herrira bultatu gara. Orain Santiagoko bidea jarraituko dugu Iratxeko monasterioraino joateko. Herri irteeran harraska bat dago eta zerbait jateko bertan geldialditxo bat egin dugu.

Indarrak berrituta bidea berrartu dugu. Gertu Mairuren iturria dago. Erdi Aroko (XII edo XIII) ur-depositua da. Bidea jarraitu, tantaka-tantaka Lizarraldetik erromesak datoz. Azketa herria pasatu dugu eta zuhaizti eta soro artean bide zabala jarraituz Ekialderantz goaz. Azken pausoak Iratxeko monasterioraino eraman gaituzte. Ibilaldi polita.

TRACKA HEMEN