OKETA, Gorbea mendiguneko Hego-ekialdean…
Gaurko asmoa Gorbea mendiguneko Hego-Ekialdeko mendietan zeharkaldi bat egitea eta ingurua ezagutzea da. Harrikurutze, Siskina, Olantiaga, Korroskibilla edo Oketa bera ere mendi ezezagunak dira guretzat. Bide, zidor, bideetatik kanpo, pago, haritz eta altzifre baso marduletan zehar, batzuetan norabide batean, besteetan beste batzuetan, era askotako eta paisai oso polit batean tontor hauetara eramango gaituen ibilaldi bat burutuko dugu.
Hasi berria den udaberriko egun honek elur-bustia dariola argitu du. Lainoek mendi tontorrak ezkutatzen dituzte eta behealdeko maldak geruza zuri mehe bat azaltzen dute. Goizeko 8ak aldera Ubidera iritsi eta martxan jarri gara. Bide zabaletik Mendebal norabidean goaz. Elur pixka bat hasi du eta zamarrak eta kapak jartzea behartu gaitu. Norabidea aldatu eta ia ikusten ez den zidor bat jarraituz Harrikurutzeko tontorrera igo gara. Harrikurutze (852 m). Harkaitzak, pagoak, goroldioa, elurra poliki-poliki hari duela… inguru oso polita, magikoa. Altuera apaleko tontorra da eta gainak zedarri txiki bat du.
Harrikurutze mendian
Pagadi zoragarrian aurrera jarraitu, bi leize handien artean pasatu gara eta orain Siskina mendirantz goaz. Lepotik gora, pago artean puntaraino igo gara. Siskina (853 m). Buzoi txiki batek tontorra adierazten digu. Hego-ekialderantz jaitsiera hasi eta zidorra jarraitzea ez da erraza, ingurua elorri zuriz beteta baitago eta. Beherago, pagadi bukaeran, Olarre (736 m) tontorrera joateko goranzko bidea hartu dugu.
Eguzkiak laino artean zulotxoa egitea lortu eta tontor txiki hau berotzen du. Egoera honetaz baliatuz indarrak berritzeko hamarretako on bat egin dugu. Indar berriekin Siskina errekaraino jaitsi gara. Orain Oketako mendi-hegaletan barneratuko gara, gaurko mendi garaiena. Hasieran pagoak dira nagusi, baina aurrera goazen heinean poliki-poliki edertasun handiko harizti zabal batean sartu gara. Altuera hartzen goaz eta basoa atzean utzi dugu, gune garbian gaude eta aurrean tontorra ikusten dugu. Orain malda belartsuan gora goaz, gure atzean Arabako lautada ikusten dugu, bertan Urrunaga eta Ullibarri-Ganboako urtegien urak nabarmentzen dira. Lainoek ez digute uzten panoramika zabalagoa ikusten. Oketa (1.031 m). Hemen goian haizeak indarrez jotzen du eta hotz sentsazioa handiagoa da, denbora gutxi pasa dugu puntan.
Haritzak
Ipar norabidean pagadi handi batean jaitsiera luze eta aldapatsua hasi dugu. Bide zati motz batzuk eta zidor arrasto batzuk izan ezik, ia jaitsiera osoa bide eta zidorretatik kanpo egin dugu. Undebe errekaraino jaitsi gara, Bizkaia eta Araba arteko muga. Lurrikaretan bezala hemen ere erreplika iritsi zaigu, Harrikurutze mendiaren Ipar isurialde ospeleko aldapa tentea hain zuzen. Animuak hartu eta pinudian gora poliki-poliki goaz, aldapa gainditu eta lepo batera iritsi gara. Ibilbideren inguru honetan pinua da nagusi. Gertu, pinu artean, tontorra dago, Olantiaga (786 m).
Oketa
Ibilaldiaren amaiera gero eta gertuago dugu, baina oraindik aurrean badugu beste tontor bat igotzeko. Horretarako Olantiagaren Ipar isurialdean biderik gabe behera errekaraino joan gara. Altzifre basoan egiten ari diren lanen ondorioz Korraletako muinora igotzeko bidea nahiko hondatutako. Korraletatik (687 m) eguneko azken tontorrera igotzeko aldapari ekin diogu. Denbora gutxi barru Korroskibillako puntan (808 m) gaude.
Hemendik aurrera bide garbitik, Zoko errekaren ondotik, ibilaldiaren hasieran hartu dugun bidera jaitsi gara Ubidera bueltatzeko. Inguru berriak ezagutzeko aukera eman digun ibilaldi polita burutu dugu.