OLLARAN ETA GONIBARREN SARBIL MENDILERROA EZAGUTZEN…

31.10.2015 22:03

Sarbil mendilerroa erliebe gutxiko unitate orografiko zabala da. Mendilerroko goialdeko belardietan dozena erdi bat herriko ganadua larrera igotzen da. Mendilerroaren hegoaldean Gesalatz eta Etxauri gainetik altxatzen diren Etxauriko Haitzak (1.138 m), Itxesorde (1.012 m) eta Obiarri (982 m) tontor aipagarrienak dira, eta iparraldean berriz Ollaran gainetik Mortxe (1.123 m) mendia da. Mendilerroko azken parte honek Saldiseko mendilerroa izena ere badu, herritxo honen gainetik jasotzen delako.

Ultzurrunen gaude, goizeko zortziak inguru dira eta zerua oso lainotsu dago. Lainoek haraneko mendiak ezkutatzen dituzte. Ollaran 9 kontzeju edo herriz osatuta dago: Anotz, Arteta, Egillor-Beasoain, Iltzarbe, Ollo, Saldise, Senosiain, eta Ultzurrun. Andia eta Sarbil mendilerroek inguratutako sakan batean dago eta bertatik Udarbe eta Arakil ibaiak igaro dira. Ollaranetik ondo ikusten da Mortxetik iparrerantz jaisten den kareharrizko hertza, nahiz eta gaur osoa ezin ikusi.

Martxan jarri eta ekaialderantz, hertzak ahulgune handiena erakusten duen parajerantz zuzendu ditugu pausoak. Zelaitxo bat pasatu ondoren bide nabarmenik gabe basoan gora goaz hertzera iritsi arte eta harkaitzen ekialdeko isurialdera pasatu gara. Ekialderantz mendiaren maldan Saldise herritxoa dago. Guk ertzaren ondotik arazorik gabe gorantz goaz. Lainoan sartu gara, tontorreko erpin geodesikoa azaldu zaigu, bere ondoan buzoia dago. Mortxe (1.123 m). Haizea hotza da eta zamarrak jantzi behar izan ditugu. Tontor honetan bat egiten dute Ollaran eta Goñibarko mugak.

Azantzako Haritza

Beheranzko bidea hasi dugu, hegoalderantz goaz, mendilerroa bitan banatzen duen Sarbilzelai lepo zabaleko belardi eta sorotarantz hain zuzen. Inguru honetan dauden hondar megalitiko ugariek gizakia lur hauetan antzina-antzinatik dabilela adierazten digute. Arizdiako putzua lehorra dago, bere ondoan Azantzako Haritza harro altxatzen da. Ehunka urte dituen haritz ikusgarri hau monumentu naturala izendatua izan zen.

Bidea segi eta Zozoi putzuaren eta antena baten ondotik pasatuta soro artean ekialdera dagoen La Majada izeneko parajerantz goaz. Gure eskuinean Etxauriko Haitzak laino artean dago. La Majada parajean norabidea aldatu eta bide garbirik gabe Sarbil mendilerroko altuera garaiena den Etxauriko Haitzak mendirantz sastraka eta ezpel artean aldapan gora hasi gara. Berriro laino barruan Etxauriko Haitzak (1.138 m) tontorrera iritsi gara. Puntan bertan Santa Kurutze baseliza eta aterpe bat daude. Belardi zabalen eta Gesalatz eta Etxauriko haranen panoramika ederrak omen daude. Hegoaldean kareharrizko harresi bat altxatzen da eta mila inguru bideekin Nafarroako eskalada eskola ospetsuena dago. Hainbat monolito daude eta beraietan daude eskalada klasikoenak: Kiriako, Cantero, Rueca eta Huso. Canterora egindako lehen eskalada enigma bat da, 1.902an eskalatu zen eta puntan 1.728ko gurutze bat aurkitu zuten.

Etxauriko Haitzak, pagadia

Harkaitz eta erauzitako malda kaotiko batek mendebalderantz jarraitzen du. Tontorretik jaitsi destrepe txiki bat eginez mendebal norabidea segi dugu. Urre eta gorri kolorez beteriko pagadi zoragarri bat pasatu ondoren Otsoportilloko lepoa iritsi gara.  Norabidea mantenduz zidortxo batek Itxesorde (1.012 m) muinoraino bideratu gaitu. Zedarri handi batek gaina adierazten digu. Obiarri eta Etxauriko Haitzen artean dagoen muinoa da. Ipar-Ekialderantz Sarbilzelaiko belardiak ditu eta Hegoaldean Gesalazko harana.

Itxesorde eta Obiarri mendien artean ez dago bide nabarmenik edo guk ez dugu aurkitu eta sasiak saihestuz, pago eta haritz artean Obiarriko tumulura iritsi gara. Tumulu honen eta mendiaren gainaren artean lurrean ebaki sakon bat dago. Ebaki hau saihestu ondoren mendiaren gainera iritsi gara. Obiarri (982 m). Haritz, sasi, larrez inguratuta dago. Ez dago ezer gaina adierazten duenik. Garindo (1.003 m), Itxesorde (1.012 m) eta Etxauriko Haitzekin (1.138 m) batera Gesalazko Muniaingo sakona iparretik ixten du. Dirudi toponimoa apartatutako hilarri batetik datorkiola. Hegoaldea harritsua da.

Ibilaldia jarraitzeko tumuluraino bueltatu gara, lainoa altxatu da eta Gesalazko  paisaia ikusteko aukera dugu. Allozko urtegiaren parte bat ere ikusi ahal izan dugu. Harkaitzak duen amildegia saihesteko ekialdera joan gara eta behin hormapean basoan mendebalderantz segi dugu Azantzara bideratuko gaituen bidea topatu arte. 

Mortxeko hertza

Mortxe tontorretik jaisten hasi garenetik Goñibarren gabiltza. Udalerri hau ondorengo 5 herri hauez osatuta dago: Aizpun, Azantza, Munarriz, Urdanotz eta Goñi. Goñiko Teodosioren oinetxe, jaiotetxearen eta elezaharraren sorlekua.

VII. mendearen amaieran eta VIII.eko hasieran Goñiko Migelek eta bere seme Teodosiok, elezaharraren protagonista eta Aralarko San Migel baseliza eraikitzea agindu zuenak, Goñi herrian zituzten gaztelu eta Jauregizar izeneko jauregitik lurralde hau ikusiko zuten. XVI. mendean jauregi berri bat eraikia izan zen, Larrain-Nagusi izenekoa, baina XVIII mendearen bukaeran bi jauregiak hondarretan zeuden.

Aurrean Mortxe mendiaren maldan Azantza herritxoa ikusten dugu, noiz iritsiko garen zain egongo balitz bezala. Herritik ipar-mendebalderantz, Aizpunetik gertu, Artetako mendatea dago eta Udarbe ibaiak irekitako Artazulgo zintzur estu eta ikusgarria, bertan Artetako iturburu ospetsua dago. Hemen azaleratzen dira Urbasa, Andia eta Saldise-Sarbil mendilerroetan ezkutatzen diren urak. Beste iturburu garrantzitsua Urederrekoa da. Artetako zintzurraren ondoan Aizpungo ebaki ilun eta desegokia Itxitxoa izeneko zirku txiki batean dago.
Txurregi eta GAztelu Ollananen

Zeruan gero eta ostarte gehiago daude. Azantzatik pasatu ondoren Mortxe mendiaren mendebaldeko mendi-bizkarrerantz goaz. Orain goitik beherako bidea betetzea dagokigu. Berriro Ollarango lursailetan sartu gara, bide garbirik gabe, aldapa tentea da eta altuera azkar galtzen dugu. Artetako iturburua beherago ezkerrean dago eta handik gertu gatzaga bat, baina gaur ez gara bertaraino jaitsiko. Ultzurrun gero eta gertuago dugu, bidearen azken partea errepidetik burutu dugu. Mortxeko ipar isurialdeko basoa kolorez betea ederra ikusten da. Haranean Arteta, Senosiain eta Ollo ikusten ditugu, harana itxiz Gaztelu eta Txurregi mendiak altxatzen dira. Gaurko ibilaldia amaitzear dago eta burua tramatzen hasi da hurrengoa nondik norakoa izango daitekeen.

TRACKA HEMEN