PARDARRI, GANBO. Aralerreko bihotzean…

02.11.2013 19:30

Lizarrustiko mendatea, goizeko zortziak, egun haizetsua eta zeruan laino ugari, ez da jenderik ikusten. Azkeneko prestaketak egin eta martxan jarri naiz. Poliki poliki gorantz noa, Etxarrirantz doan Tortxorreko errekaren ibarra bistan dudanean Putterri mendia agertzen da, eskuinerago Beriain mendiaren irudia ere bistaratzen da. Laster Alleko basoan barneratzen naiz, pago, kareharri eta goroldiaren erresuma, ipotxen lurraldea. Paisai magikoa baso honek duena.

Inguru honek sorrarazten dituen sentsazioekin bidean aurrera noa. Alleko mendiaren tontorra gertu, ezkerrean utzi eta GR-12 eta 121ekoen markak jarraitzen ditut. Orain beherantz noa. Lepoan Oroiganeko bizkarra jarraituz berriro gorantz hasi naiz. Bi aldeetako hegietan pagadi mardulak daude. Hostoek udazkeneko koloreak hartzen ari dira, baina oraindik zerbait falta zaie kolore politaz janzteko, hala ere basoa oso ederra ikusten da.

Basoko fruituak

Oroiganeko tontortxoa pasatu, Putterrirantz doan zidorra eskuinean utzi eta Hirupagoetako gaina pasatu ondoren basotik irten naiz. Aralerreko goimendiko larreetara iritsi naiz, Larretxiki eta Ormazarretako belardietara hain zuzen. GR markak segituz aurrera noa Errenagako aterperaino. Eguraldi kaxkarreko egunetan eskertzen den babesa ematen du aterpe txikitxo honek. Barrua garbi garbia dago, gainera norbaitek beheko sua piztuta utzi du eta goxo-goxo dago.

Mendebalerantz Maizegi errekaren sakana irekitzen da, behean Enirio eta Uiduiko artzain guneak. Ipar-mendebalerantz Pardarri mendia ikusten dut, gaurko lehenengo helburua. Mendia bai baina tontorra oraindik ez dago bistan, eta ez da agertuko azken momenturaino. Beaskingo bordaren inguruan oraindik ardik dabiltza. Beste aldean Igaratzako zelaia eta Malloak ditut. Zaldiak ere han eta hemen ikusten dira. Ni berriz kareharri artean gora noa. Pardarri (1.398 m). Haizek indartsu jotzen du eta tontorrean ez nago denbora asko.

Aurrean Ganbo mendia ikusten dut. Eta hara bideratzen ditut nire pausoak. Belarra eta kareharria nahasten dira bidean, bien arteko lepora jaitsi eta aldapa tenteari aurre egiten diot. Mendiak haizetik babesten nau eta gusturago noa. Maldan gora noala panoramika gero eta ikusgarriagoa da. Ganbo (1.414 m). Nahiz eta eguna lainotsua egon, zeruertza oso garbi ikusten da eta han urrutian Pirinioak, San Lorenzo, Kantauri mendizerra, Gorbea, Kantauri itsasoa eta Donostiako Santa Klara, Aiako Harriak eta Larrun besteak beste, ondo ikusten dira.

Zearragoenako trikuharria

Orain Hego-mendebaldean ikusten ditudan Uarrain, Malkorri eta Gañeta mendietara joateko asmoa dut. Norabide hori jarraitu eta Irazustako lepora jaitsi naiz. Uarraingo maldan gora jo dut eta laster tontorrean nago. Uarrain (1.345 m). Alotzako belardiak bistan ditut eta ardi eta zaldi ugari daude.

 

Gandor-lerroan aurrera noa eta Malkorri (1.335 m) eta Gañeta (1.314 m) gainetara igo naiz. Orain behera joan behar naiz. Sastarri eta Akaitz-Txiki artean dagoen haitzartea bistan dudala eta hura erreferentzia hartuta, biderik gabe behera noa terrenoak dituen gune ahulenak aprobetxatuz. Aurrean Putterri, Akaitz eta Sastarri mendien pagadiz estalitako maldak ditut, baita Beriain mendi handia ere. Mendebalderantz Aizkorriko mendizerra eta urrunago Anboto. Uelogoena parajeko askara iritsi eta hemendik Zearragoenako trikuharriraino jaitsi naiz. Eskuinean Uiduiko bordak eta pixka bat ezkerrerantz Eniriokoa. Bien artean Transhumantziako bidea aipatutako haitzartean sartu eta Lareora doa.

Akerreta

Bide hau segitu dut eta laster Lareoko urtegian nago. Hemendik Lizarrustiraino familia ugariekin topatu nahiz, bere seme-alabatxoekin, gorantz edo beherantz doazenak. Umeekin ibiltzeko bide oso polita eta egokia da.

Gaurko ibilaldia ere amaitu dut. Oso-oso polita iruditu zait, natur inguru ederretik ibili naiz eta asko gozatu dut.

 

TRACKA HEMEN