SAKON HAUNDI, Aizkorriko kanaletako batean...

08.12.2013 21:36

Goizeko lehenengo orduak dira Zegamako geralekura iritsi garenean. Sakon-Haunditik Iraulera igotzeko asmoa dugu. Azken prestaketak egin eta martxan jarri gara.

Osine erreka ezkerrean dugularik  Tunelaundiko maldan gora goaz. Erreka pasatu eta malda zeharkatzen hasi gara, bidea erosoa da eta inguru hau baso mistoaz osatua dago, zuhaitz hostogalkorrak eta mota desberdineko koniferak.  Tarteka txabola batzuen ondotik eta bidegurutze ugari pasatu ditugu. Baso mardul honetan zaila zaigu erreferentziak hartzea eta GPSari esker bidea ondo jarraitzen ari gara.

Ehiztari txabola batera iritsi gara eta mokadu bat hartzeko toki eta momentu egokia dela iruditu zaigu.

Eguna zoragarria dago, zerua urdin-urdina eta tenperatura ona. Hemen gustura gaude,  eta nahiz eta toki batzuetan aldapatsua izan, orain arte egindako bidea erosoa izan da. Indarrak berrituta eguneko aldapa gogorrenari helduko diogu. Motxila berriro bizkarrean eta pagadian gora. Pixka bat altuera gehiago hartu eta eskuinerantz goaz, Sakon-Haundi alde horretan baitago eta.

Orain bai, gure aurrean Irauleko tontor harkaiztsua altxatzen da. Irudia benetan polita, zeru urdina, kareharrizko hormak eta malda elurraz zurituta. Sakon-Haundin gaude. Aurreko egunetan ezkerreko tontortxoetatik elurra jauzi da eta malda pixka bat garbitu du eta Sakon-Handiko behealdean pilatu da.  Guk pagaditik igo garenez beheko zati hau saihestu egin dugu eta kanalean sartu garenean elurra ondo dago.

Sakon Haundi eta Iraule

Gora goazela hiru mendizale goitik behera datoz. Bizpahiru hitz, agurrak eta bakoitzak berera.  Azken zatia tentetu egiten da, baina gainditzeko ez dugu inolako arazorik izan, gainera kanalaren irteera garbia dago eta oso erraz igo gara. Orain tontorrera. Iraule (1.507 m)

Zoragarria. Egun aparta. Ez du hotzik egiten eta hamarretakoa tontorrean bertan egitea erabaki dugu. Aitxuri eta Aizkorriko tontorretan jende ugari ikusten da, baita Urbiarako bidean ere, gu berriz bakarrik gaude, lasai-lasai.  Paisaia ikusgarria da. Euskal Herriko mendi pilo bat ondo ikusten dira, baita Pirinioak, Moncayo, Urbion, Demanda, Burgos eta Kantabria arteko mendiak ere.

Arbelaitz Irauletik

Aurrera egiteko ordua iritsi zaigu. Maldan pixka bat beherantz joan eta berriro elurrean gora Arbelaitzeko tontorrera.  Arbelaitz (1.506 m). Gainean pixka bat egon eta berriro aurrera. Lugaitzeko lepora jaitsi eta elurtutako arrasoetarik Andraitxeko leporantz goaz.

Arbelaitz

Azken lepo honetatik aurrera dugun bidea goitik beherakoa da. Hasieran Aizkorriko maratoiko bidea jarraitu dugu, baina bidegurutze batean hau utzi eta pagadian behera sigi-saga batzuk eginez goaz.  Iturtzegieta parajera iritsi gara, zuzenean beherantz jarraitu dugu.  Oazurtzako lepora jaitsi gara eta hemen Zegamarako norabidea jarraitu dugu. Gorakoan bezala beherakoan ere bidegurutze ugari eta GPSari begiratu behar izan diogu.  Horrela Zegamako geralekura iritsi gara, goizean hasi dugun zirkularrari amaiera emanez.

Ibilaldi polita eta interesgarria.

TRACKA HEMEN