TOLOSATIK ANDOAINERA UZTURRE ETA LEITZARANDIK ZEHAR

20.11.2015 22:30

Goizeko 8ak dira. Eguna argitu berria da eta Tolosako kaleek laino daude. Mendiartean kokatua dagoen historiaz beteriko herria. Oria ibaiak herria zeharkatzen du. Ibai ertzean eta San Estebanen, 9.000 urte dituen kokalekuan ehiztari eta fruitu biltzaile giza talde bat bizi zen.

XIII. mendean, Tolosak herri izendapena jaso eta babeserako harresia jaso zuten. XVI. mendean sute batek herria kiskali eta ordura arte zurezkoak ziren etxeen ordez harrizkoak jasotzen joan ziren eta mendeen poderioz herria harresitik kanpo zabaltzen joan zen.

Alde zaharra zeharkatu eta ibaia pasatu ondoren Uzturrera igotzeko bidea hartu dut. Uzturre – Ipuliño mendilerroak Leitzaran eta Zelai ibaien ibarrak banatzen ditu. Lehenak haran sakon, luze eta bakarti bat zeharkatzen du. Mendigune honetako mendebaldean Uzturre mendia dago eta bere maldak Tolosa herritik eta Oria ibaiaren gainetik altxatzen dira.

Oriako ibarra

Izerdi pixka bat bota ondoren mendi magalean dagoen Izaskunen baseliza iritsi naiz. Tradizioak dio fededunak baseliza Arropadi izeneko parajean altxatu nahi zutela, baina nola jakin gabe materiala Ama Birjina agertu zen tokian azaltzen omen zen, eta azkenean baseliza Ama Birjina agertu zen tokian jaso zutela. Bertan dagoen Ama Birjinaren irudia XIII. mendearen amaierakoa edo XIV. hasierakoa omen da.

Herriko kaleak estaltzen zituen lainoa behean geratu da. Lainoen gainetik Aralar, Hernio eta beste hainbat mendiak altxatzen dira. Paisaia ederrago ikusten da. Aldapan gora aurrera segi dut herritik ikusten den gurutzera iritsi arte. Hemendik bista oso polita dago. Tontorra ekialdera dago eta minutu gutxi batzuk behar izan ditut bertara igotzeko. Uzturre (740 m). Ibilaldiko puntu garaiena da. Tontorra zuhaixkaz inguratuta dago eta ez du bistarik.

Mendi-bizkarra ekialdera jarraitu dut eta Akoldiko lepoa pasatu ondoren Belabietako (699 m) gain belartsu eta biribilera igo naiz. Zeruan laino zuri geruza mehe bat dago eta eguzki errearekin batera paisaia ez da ondo ikusten, panoramika mugatua da.

Uzturreko gurutzea

Hurrengo pasoa gertu dagoen Belabietako lepoa da. Lepo honen azpitik Leitzango autobidea igaro da. Aurrera segi dut, eskuinean Arnabar eta Urdelar mendiak ikusten ditut. Bide zabaletik Arnabar mendiaren ipar malda zeharkatuz Olantzako borda eta lepotxora iritsi naiz. Borda aterpe modura prestatuta dago eta eskaintzen didan babesaz baliatuz hamaiketakoa bertan egin dut. Inguru hau txoko polita da.

Iparrerantz segi dut eta minnutu gutxi batzuetan Muñotsako (676 m) tontorrera igo naiz. Orain Leitzarango ibar sigi-sagatsua bistan dut. Ibairaino jaisten diren mendien maldan basoz estalita daude.

Tontorretik ipar-mendebalde norabidean beherantz segi dut. Borda batzuen hondarren parera iritsi naizenen norabide aldatu eta hego-mendebalderantz segi dut. Bidea estua da eta basoan sartu naiz. Ibarrota errekara iritsi naiz. Txabola txiki ireki bat dago. Orain bide zabalagoa jarraituz Urdausurbilgo lepora iritsi naiz.

Olantzako borda

Borda bat dago eta inguruan haritz gorriak daude. Berriro norabidea aldatu eta Ibarrota erreka jarraituz ipar-ekialderantz beherantz noa. Baso trinkoan barneratu naiz, bidea haritz eta gaztainondoen hostoez estalita dago. Gaztainondo batzuek kolorez beteriko hostoek kontserbatzen dituzte. Ubide batera iritsi naiz eta hau jarraitu dut Praxkuren bordaraino.

Orain ubidea utzi eta aldapan behera Leitzaran errekaren bila noa. Amasola izeneko parajean bat egin dut ibaiarekin. Leitzaran ibaia Leitzako Tardoa mendietan (Kornieta, Erasote, Guratz eta Ulizar) sortzen da. Oso sigi-sagatsua da eta meandro ugari ditu. Gipuzkoako parteko ibarreko mendien maldetan, batez ere, pinuak eta laritzak daude, baina haritzak, pagoak, hurritzak, urkiak, lizarrak… ere ikusten dira. Bertan dagoen fauna ere aberatsa da.

Mendeetan zehar haran honetan jarduera industriala inportantea izan da, horrela hemen egon dira burdinolak (gutxienez 22),  meatzeak, errotak, hidroelektriko zentralak, arrain-haztegiak baita paper-fabrikak ere.

Leitzaran ibaia

Ibaia pasatu eta Argaña muinoko malda aldapatsuan gora Zeltzurrizko lepora iritsi naiz. Bertan oraindik hostoak berde-berdeak dituen haritz eder bat dago eta goraxeago borda bat. Ipar-mendebalderantz segi dut eta ia desnibelik gabe Idoiagako lepora iritsi naiz. Ukuilu bat dago eta bertako hiru txakurren zaunkek eman didate harrera.

Pinu, gaztainondo, haritz gorri… artean bidea beherantz segi. Bidearen behealdean oraindik garai batean izandako harbidearen arrastoak agerian daude. Plazaolako Tren-txikiaren bidera iritsi naiz. Gaurko ibilaldiaren amaiera gertu dago. Bidea hau segi, tunel pare bat pasatu eta Andoainera iritsi naiz.

TRACKA HEMEN