TRIKUHARRIEN IBILBIDEA...
Udaburua ate joka dagoelarik Ataun-Burunda mendizerrara joatea erabaki dut. Nafar isurialdean, Etxarri-Aranatzen hasi eta Irumagata eta Txaradigorri mendien gainetatik igaro ondoren abiapuntura itzuli. Bertako Trikuharrien ibilbidea deritzana Lizarrustiko Parke etxeraino luzatu.
Haritz eta pago artean doan ibilbide honek trikuharri batzuk ikusteko eta historian milaka urte atzera joateko aukera eskaintzen du. Misterioaz inguratutako basoak, txorien kantuek urratutako isiltasuna, usainak, koloreak, antzinako zidor estuak, katagorri eta orkatzen urduritasuna…
Aralar, Entzia eta Urbasa mendizerra artean dagoen Sakana haranean artzaintza oso errotua dagoen tradizioa da.
Kanpin ondoan hasi dut bidea. San Adrian baselizaraino pista zabaletik noa. Ibilaldiaren parte honetan haritzak dira nagusi, haritz ederrak. Baina ez dira zuhaitz mota bakarrak, baso trinkoan besteak beste ahuntz-sahatsak, hurritzak edo basagurbeak ere badaude.
Haritza
San Adriango baseliza eta honen gertu dagoen atsedenlekua pasatu ondoren altuera artzen noa. Poliki-poliki pagoek mendiek maldak bereganatu dituzte. Landaretza urriagoa da eta basoa irekiagoa, garbiagoa, ikusten da.
Aldapan gora noala gaurko lehen trikuharria ikusteko aukera dut, guztira bederatzi ikusiko ditut. Bidetik pixka bat atera eta hor dago, pagoen itzalpean, Beitzetako trikuharria.
Gora segi eta gutxira beste bi, Iruiturrieta eta Jentilzuloko trikuharriak. Pago artean gora jarraitu dut eta laugarrena ere topatu dut, Bentatzarrekoa hain zuzen, Bentatxargañe muinoan. Altuera pixka bat galdu eta eguneko lehen tontorrera igotzeko azken aldaparen aurrean nago. Irumugata (965 m). Tontor hau Uren Banalerroan kokatuta dago. Gainean hiru udalerriko mugak elkartzen dira: Ataun, Bakaiku eta Etxarri-Aranatzekoak. 1777 urteko hiru aldeko mugarri luzeak adierazten duen bezala.
Tontor honetatik Mendebaldera, Intxusburura igoa urretik, Berrenoako lepoa dago eta bertatik Berrenoako Galtzada izena duen bidea igaro da, garai batean Ameskoa eta Goierri lotzen zituen bide garrantzitsua.
Gaur jarraituko dudan norabidea bestaldera dago. Zelata lepoan Zelatamuñoko trikuharria goroldioz estalita dago. Gertu Mintegitxutakoa dago. Inguru guzti hau oso polita da, magikoa. Ipar-ekialde norabidea jarraitu dut. Gorantz noa eta Txaradigorriko gainera iritsi baino lehen Lizarrustira jaisten den bidea hartu dut.
Pagadi
Goitik beherako pagadian txondorrak egiteko plataforma ugari daude. Tamalez gure gizartean poli-poliki desagertzen joan den ogibide baten lekuko isilak. Gure kulturaren memorian mantenu beharrezkoa.
Lizarrustiko Parke-etxean atsedena hartu eta indarrak berritu ditut: salda, pintxoa…
Bidea berrartu dut eta Txaradigorriko behealdeko maldak zeharkatzen duen zidorretik noa. Aralarreko itzuliaren GRa bertatik igaro da. GRa nabarmen beherantz doanean nik gorantz doan zidor tentea jarraitu dut. Aldapak hala behartuta izerditan noa. Bakarrik nabil, lasaitasuna lagun, pagoen adarretan katagorri baten mugimendu urduriak, urrutirago orkatz baten salto bizkor eta lirainak……
Txaradigorri (994 m). Tontorrean bertan trikuharri bat dago, tumulu handikoa eta kamarako hiru harlauzak kontserbatzen ditu. Gaur ikusi ditudanetakoetan hobekien kontserbatzen dena. Gure arbasoek hildakoak zerutik edo eguzkitik gertuago egoteko mendietan eraikitako trikuharri hauetan hilobiratzen zituzten.
Txaradigorriko trikuharria
Orain beheranzko bidea jarraitzea dagokit. Beti ere pago artean. Basoko lanetarako pista berriak ireki dituzte eta tarte batzuetan ibilbidearen markak galdu ditut, pistatik jarraitu dut eta aurrerago pistan bertan topatu ditut berriro. Txabola berri baten ondotik pasatu eta Olanoko lepoan Fagamendira igotzeko aldapa hasi dut.
Fagamendi, hemen ere beste trikuharri bat dago eta honek ere kamara kontserbatzen du. Pago artean aurrera noa. Gertu Maitzegurreko gaina eta trikuharria. Gaurko bederatzigarrena eta azkena.
Orain aldapan behera abiapuntuaren bila noa, pagoak ere atzera gelditzen doaz eta hasieran bezala beheko lur sailetan hariztia da nagusi. Berriro haritz ederrak agertzen dira bide alboan eta konturatzerako zirkulua itxi dut.
Ibilbide oso polita.