UDALAITZ, ia zerua urratzen duen kareharrizko punta

02.02.2014 22:27

Goizeko bederatzi t’erdiak dira Arrasateko Udala auzoan. Ekialdera eta Hegoaldera zeruak nahiko garbi daude eta Mendebal eta Iparraldera berriz laino beltzak dira nagusi. Anboto eta Udalaitz zurituta daude, baina  bere maldetako kareharria pixka bat estaltzeko haina besterik ez.

Martxan jarri naiz Besaiderantz. PR-aren goiko bidea ezagutzen dudanez behekotik joatea erabaki dut. Udala eta Besaide arteko zeharkaldia Udalaitzen Hegoaldea zeharkatzen du eta gora-behera gutxikoa da. Hasieran pinudi bat zeharkatzen du eta gero artadi bat. Tarteka zuhaitzen arteko garbi guneetatik Anbotoren Ekialdea ikusten dut. Gaur duen irudia bereziki zoragarria da. Hasierako laino beltzak desagertzen doaz eta argi joko polita dago.

Anboto

Besaideko iturrira iritsi naiz eta tontorrera igotzeko azken aldapari heldu diot.  Besaide (555 m). Udalaitz eta Anboto artean dago eta bertatik panoramika ederra ikus daiteke. Anbotok begirada guztiak lapurtzen dizkit. Marik gustukoa omen du goizean goiz Anboton duen kobaren sarreran eseri eta bertatik ikusten diren egunsentia ederrak gozatzea.  

Hemen Araba, Bizkaia eta Gikuzkoa elkartzen dira. 1.955. urtean mendian hildakoen omenez monumentu bat jaso zen. 1.991ean tontorraren ondoko lepotxoan Yoshin Ogata eskultore japoniarrak egindako beste monumentu bat inauguratu zen.

Besaide

Bi monumentuak bisitatu eta Kanpazarrera doan bidea hartu dut. Orain Udalaitzen Iparraldea zeharkatuko dut. Santa Lutzia baselizara joateko bidegurutzera iritsi naizenean baselizaraino igo naiz. Artez inguratuta dago eta ez dago bista askorik. Berriro lehengo bidera jaitsi eta pixka bat aurrerago bidea utzi eta…orain arte lau eta lasaia zena erabat malkartu da.

Gongeta muinoan dauden mehatzetara joateko bidea jarraitu dut. Pinuditik irten eta meatzariek harkaitzen egindako bidean gora noa. Durango aldeko mendiak bistan ditut berriro. Meatzeetako bi sarrera ikusi eta Mirakeitza eta Gongeta arten gora jarraitu dut. Aurrean Pozutxueta muinoa dago eta honen eta Atxaurrutxuganen arteko lepora joan naiz.

Hemendik gora elur geruza mehe bat duen lapiaz deseroso batean sartu nahiz. Besaidetik datorren bidearen bila noa eta zedarriak jarraituz Atxaurrutxuganeren malda zeharkatzen noa. Aurrean Erdikoatxa eta Udalaitzen puntak ikusten ditu. Irudi polita da, malda elurtuak baina harkaitzak erabat estali gabe daude.

Udalaitz

Erdikoatxa ere ezkerrean utzi dut eta Udalaitzeko tontorpean ikusten den kobarantz zuzentzen ditut nire pausoak. Beste behin ere bertatik ohikoa den argazkia atera dut. Barruan izotza nagusi da, bai sabaitik zintzilik bai zoruan ere.

Azkeneko metroak gainditu eta tontorra. Udalaitz (1.120 m). Panoramika polita hemendik dagoena. Aizkorri eta Gorbeako mendiguneak zuri-zuri ikusten dira. Zeruertzean lainoak daude eta gaur urrutiko mendiak ezin izan ditut ikusi. Haize puntu bat dabil eta beherantz abiatu naiz.

Gailurreria pasatu eta antzinako monasterioa edo santutegia izan zenaren aurrietara iritsi aurretik babesleku bezala prestatuta dagoen kobatxora joan naiz. Kanpoaldean, eguzkiak epeltzen nauen  bitartean hamaiketakoa jan dut. Indarrak berrituta beherako bideari ekin diot.

Gurutze handi bat eta begiratoki bat duen tontortxora ere joan naiz. Behean Udala auzoa dago eta beherago Arrasate herria, biak ederki ikusten dira.

Aurrera segi, belarrezko pasilloa pasatu eta harkaitzean dagoen bidea segi dut. Goizean zegoen elur apurra eguzkiak urtu du eta jaisteko ez dago inolako arazorik. Beherago bidea artaditik doa eta konturatzerako Udalan nago.

Ibilaldi polita burutu dut. Apenas jendea ikusi dudan eta arraroa egin zait mendian ibiltzeko egun aparta egin baitu eta.

TRACKA HEMEN