UROLA ETA ORIA ARTEAN, URRETXUTIK TOLOSARA

03.12.2015 21:55

Goizeko 7:15ak dira. Eguna argitu gabe dago. Urretxu eta Zumarraga arteko plazan, Urola ibaiaren ondoan, eman diot hasiera ibilaldiari. Lehenengo pausoak Beloki mendiaren magalean dagoen Antioko baselizara eraman naute.

Antzinako garaietatik haraneko zaindari isila. Antioko baseliza 1.366ko urteko dokumentu batzuetan aipatzen da lehenengo aldiz. Edertasun handiko harri eta egur nahasketa duen eraikina. Sabaira begiratuz gero zurezko egitura ederra du eta bertan irudi geometrikoak, emakumeen buruak, eta abar ikus daitezke. Uztailaren 2a, Santa Isabel egunean dantzariek baseliza barruan Zumarragako ezpata dantza zaharra dantzatzen dute.

Poliki-poliki zerua argitzen doa eta zeruertzean mendien marra agertu da. Beloki mendiaren malda zeharkatuz Elorriagako baserri eta lepotik pasatu naiz Atxurtzako lepora joateko. Bidean Izazpiko magalean dagoen Altzoiturrin ur trago freskoa freskoa hartu dut.

Murumendi

Izazpi mendigunea Oria eta Urola ibaien ibarren artean altxatzen da eta Mandubia lepotik ekialdean Azkoitiraino ipar-mendebaldean luzatzen da.

Atxurtzako lepoan iturri bat eta mahai batzuk daude. Gertu Berotegi mendiaren tontorra. Mendi honen magalean Ezkio herria dago. 1965.urtean Ezkio-Itsaso sortu zen, ordura arte bi udalerri ziren Ezkio eta Itsaso. XIV. mendearen bukaerako paperetan agertzen dira bi herri hauei buruzko lehen aipamenak.

Ekialde norabidea jarraituz gainez gain noa. Hemendik ikusten dudan panoramika oso polita da. Beriain, Urbasa, Aizkorri, Udalaitz, Anboto, Hernio…. Kizkitzako baselizatik gertu pasatu naiz. Itsaso herrigunearen gainetik altxatzen den muinoan dago. Gertu Mandubiako lepoa, Izazpi eta Murumendiko mendiguneen elkargunea.

Murumendiko mendigunea, Izazpikoa bezala, Urola eta Oria ibaien ibarren artean altxatzen da, Mandubiako lepotik Santa Agedako leporaino eta Tolosaraino. Mendigune honek mendi-soka sare korapilatsua du eta tontor eta muino ugarietatik haitzarte asko eta sakonak irekitzen dira. Bertako mendi garaiena Murumendi da.

Santa Marina eliza eta Santamaña-Haundi baserria

Mandubia atzean utzi eta norabidea mantenduz Trikuariztiko bi trikuharriak ikusi ditut. Antxitxurdi mendia hego isurialdetik inguratuz San Gregorio baseliza dagoen lepora iritsi naiz. Aurrera jarraitu dut Txoritegi eta Portamosegi mendiak inguratuz, kasu honetan ipar isurialdetik, Larrarteko lepora iritsi naiz. Belardi baten ondotik aurrean ikusten dudan Urresparatzeko lepora igo naiz.

Lepoan dauden laritzak hostoak galdu dituzte eta basotxoaren atzean Murumendi ondo ikusten da. Ipar-ekialde norabidea segi dut eta Arrapaitz iturrira iritsi naiz. Hemen ere ur trago eder bat hartu dut. Ibilaldiko puntu garaiena gertu dago, Murumendi. Mendi hau Mari eta jentilei buruzko elezaharrei lotuta dago. Tontorretik gertu dagoen kobazuloa Mariren bizileku omen da. Aralarko Alotzako zelaietan dagoen Saltarri izeneko menhirra jentil batek Murumenditik botatakoa omen da.

Harbidea Albizturren

Hemendik ere panoramika benetan ederra da. Tontorretik jaitsi eta Zarate, Domiko, Elorrizabal eta Bidegurutzeta lepoetatik pasatu ondoren Argisaingo Santa Marinara joateko bidea jarraitu dut. Auzora iritsi baino lehen Txapartegi eta Larrañagagoiena baserri ederren ondotik pasatu naiz.

Gipuzkoako bihotzean, mendi artean, Murumenditik ipar-ekialdera, Oria ibaiari eta Aralarri begira, Argisaingo Santa Marina dago. Atari erromanikoa duen eraikin hau, oso garrantzitsua izan zen, hemendik igaro baitzen Aizkorri aldeko herriak kostaldekoekin batzen zituen Erdi Aroko bidea, baita Done Jakue bidea ere. Elizaren dorrea baserri bakan batzuen teilatuen gainetik altxatzen da. Eliza ondoan dagoen Santamaña-Haundi baserriak bere leiho gotikoak erakusten ditu. Aintzinean Done Jakue bideko erromesen ospitalea izan zen.

Santa Marina atzean utzi eta Santutxora doan errepidea tarte batean jarraitu dut, Salarriaga parajeraino hain zuzen. Hemen errepidea utzi eta basoan gora doan bidea segi dut Intxurre mendira igotzeko. Jangoain muinoa pasatu eta Intxurreko azken aldapari ekin diot. Aldapa tentean basoan gora noa. Mendiak tontor luze bat du, mendebaldeko aldean buzoia dago eta ekialdekoan geodesikoa.

Intxurre mendian dagoen gotorlekuaren esparru arkeologikoa monumentu izendapena jaso du. Bertan  Burdin Aroko interes handiko aztarnak bilatu dira eta gure historiaren lekuko dira. Nik ez ditut topatu hondar arkeologiko hauek. Orduak aurrera doaz eta bilatzeko saiakerarik ere ez dut egin.

Beheranzko bidea hartu eta Santutxoko bentara iritsi naiz. Bentako fatxadan dagoen horma-hobian Santa Anaren irudia dago. Paraje hau ere bidegurutze garrantzitsua izan zen.

Harraska Albizturren

Santutxotik Albizturrera pago artean doan harbide zaharra jarraitu dut. Albiztur Tolosaldeko herri bat da eta Hernioko mendigunean eta Intxurre mendiaren artean Igaran ibaiak irekitako Salubitako haran karstikoaren buruan dago.

Hemen ere badute tokia elezaharrak, kondairak, mitoak… jentilak, sorginak, harriak, iturriak, errekak, leizeak…

Orain GR-9 bidea segi dut. Bide hau jarraituz erortzean dagoen Errondosorozarra baserriaren ondotik pasatu naiz. Aurrerago Azurtzia baserri ondotik baita Sagastietxeberriren ondotik ere. Bihurgune baten atzean Tolosa eta Uzturre azaldu zaizkit. Gaurko ibilaldia amaitzear dago. Beherantz jarraituz Bentaundira iritsi naiz eta Oria ibaia segi dut Tolosako Renfeko geltokiraino.

TRACKA HEMEN