UROLATIK ORIARA...

09.01.2016 22:24

Urola ibaiaren goi-ibarrean, Legazpiko udalerrian, Burdin Harana dago. Baso eder, baserri zuri eta ardi latxaz zipriztindutako zelai berdeek, burdinolekin eta burdinarekin eta tontorretako kareharriekin bat egiten dute. Euskal Herriko bazter honetan historian zehar burdina oso garrantzitsua izan da. Haranean dauden toponimo batzuen arabera Kristo aurreko garaietan ezaguna zen jarduera hau. Jentilek burdina lortzeko prozedura ezagutu eta mendien goialdeetan jasotako haize-oletan mineral hau lortzen zuten. XIV. mendean uraren indarra erabiltzen hasi eta Urolaren ibarrean Brinkola, Olazarra, Elorregi, Mirandaola, Olaberria, Bikuña, Plazaola, Bengolea... bezalako burdinolak eraiki ziren. Haran honetan artzaintza kultura adierazten duten neolitiko garaiko trikuharriak eta tumuluak ere badaude.

  Oamendi 

Eguna oraindik ez du argitu. Sortu berria den Urola ibaiaren ondoan, Brinkola auzoan nago. Gaurko asmoa hemendik Besaineraino joatea da. Iluntasunean bidea sumatzen hasi naizenean aldapan gora abiatu naiz. Bide aldapatsuan Agirrezabal baserriaren ondotik pasatu ondoren gorantz segi dut. Bide eroso eta garbiak pinudi bat zeharkatzen du. Hiru ordu laurden behar izan ditut tontorrera igotzeko. Otañu (838 m). Legazpiko lursailetan Brinkolatik ekialdera dago, Zarabain eta Salobieta lepoen artean. Zeruan laino beltzak daude, ostarte batzuk ere ikusten dira. Tontor honetatik panoramikak zabalak eta ederrak daude. Baina gaur lainoek ez dute asko laguntzen horretarako.

Hegoalderantz noa eta Salobieta lepora jaitsi naiz. Txabola bat dago eta inguruan duen  itxituraren ondotik jarraitu dut. Ehiza postu batzuen ondotik Larrosain leporaino segi dut. Zeruan ostarteak gero eta zabalagoak dira eta paisaia kolorez betetzen doa. Ia konturatzeke Oamendiko gainara iritsi naiz. Puntan bertan trikuharri bat dago. Orain dela milaka urte batzuk gizakia gain hauek ezagutzen zituenaren seinale. Oamendi (862 m). Parajea polita da eta panoramika ikusgarria. Hemendik bukaerarainoko ibilbidearen nondik norakok sumatzen ditut.

 Zerain, atzean Aralar

Arripillatako gaina Oamendiko tontorretik hegoaldera oso gertu dago, oso minutu gutxi behar dira batetik bestera joateko. Arripillata (864 m). Bi tontor hauek Zeraingo lursailetan daude.

Gaur pasatu ditudan hiru tontor hauek Aizkorriko mendilerrotik lokabetzen den mendi-soka baten parte dira. Oazurtzako lepotik Aztiriraino luzatzen denarena hain zuzen. Mendi-soka honek Aizkorriko mendilerroan sortzen diren Urola eta Oria ibaien goi-ibarrak banatzen ditu.

Goitik beherako bidea hasi dut, sigi-saga eginez Arripillatako malda aldapatsua zeharkatzen duen bide zabala segi dut. Oriako ibarrean nago. Urresti baserrien ondotik pasatu eta Bostaritzetako lepora jaitsi naiz. Alboan Oamendi eta Arripillatako gainak politak ikusten ditut.

Orain Ipar-ekialde norabidean asfalto bide estu bat segi dut Arrolaberri baserriraino. Hemen bukatzen da asfaltoa. Baserria pasatu bezain azkar Barbariaitzako malda malkartsua zeharkatzen duen xenda estua jarraitu dut. Bidea oso polita da eta haritz eta gaztainondo artean doa eta Zerain herriraino bideratu nau.

Zeraindarrei buruzko idatzizko lehen aipamena 1.384ko martxoaren 20ko dokumentu bat da. Baina Oamendin ikusi dugunez aurretik ere baziren hemen gizakiak.

 Zerain

Hemen ere burdinaren ustiapena oso garrantzitsua izan da. Aizpeako mehatzen lehen aipamenak XI. mendekoak dira. Inguruan dauden burdina karbonatoen eta ikatzen biltegiak, kaltzinazio labeak, zamatzeko tokia, galeriak… monumentu-multzoa izendatua izan da.

Eliz atarian haizetik babesean hamaiketako egin dut. Indarrak berritu eta atsedena hartu ondoren berriro abiatu naiz.

Norabidea mantenduz, baserriz-baserri muinoetatik baserrietara doan hormigoi pistatik aurrera noa. Bide honetatik ikusten diren bistak politak dira. Garai batean garrantzi handia izan zuen eta boteretsu izan zen Segura herria ikusten dut.

Mutiloa eta Segura arteko mugan dagoen Santa Engrazi baselizara iritsi naiz. Orain goranzko bidea gainditzea dagokit. Pinudiz beteriko Tximindi eta Zelandietako mendien maldak zeharkatzen noa. Zelandietako baserri ondotik pasatu eta Estradaburuko muinoa inguratuz Urbizualdasoroko baserrietara eta lepora iritsi naiz.

Igartza

Toki puntual batzuetan panoramika irekitzen da, bai alde batera edo bestera eta tarteka Aralar edo Izazpi eta Irimo inguruak ikusteko aukera dut.

Aurrera segi eta Aristrain enpresak mendiaren maldan dituen instalazioen ondotik pasatu naiz. Beasaingo etxadia ere bistan dut. Antzizarrera iritsi naiz eta Oria ibaiaren ondotik Igartzako monumentu multzora iritsi naiz.

Gaur egun ikusten dugu jauregia XVI mendekoa da, Erdi Aroko dorretxe baten oinarrietan jasotakoa. Jauregiaren ondoan, errota bat, burdinola bat eta kapera bat daude. Hauen ondoan dagoen Erdi Aroko zubiaren bestaldean Dolare baserria dago (egun hotela) ostatu eta dolare izandakoa.

Pixka bat aurrerago tren geltokia dago, gaurko ibilaldiaren amaiera.

TRACKA HEMEN